euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUk Ozeanoen Eguna egingo du Ezagutzaren Azokan, "Adi! Ez nazazu zapaldu!" ekimenaren emaitzak erakutsiz

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2024/06/05

Argazkia: UPV/EHU.

Basque Environment Ocean Week astearen barruan ospatuko da Ozeanoen Munduko Eguna. Horretarako, Ezagutzaren Azoka bat egingo dute ‘¡Atención! ¡No me aplastes!’ / Kontuz! ez nazazu zapaldu!’ egitasmoaren emaitzak erakusteko. Zientzia hiritarraren arloko proiektu inklusiboa da hori, Plentziako Itsas Estazioko (PiE) ikertzaileek garatu dutena. FECYT-MICIUk finantzatu du, bigarren urtez.

Europako Batzordetik jasotako finantzaketari esker, G-9 Taldeko unibertsitateek G9-SCIENCE4ALL proiektu berria dibulgatzeko jarduerak hasi dituzte. Proiektu hori Europar Batasunak finantzatzen du Horizonte Europa programaren barruan (Ikerketa eta Berrikuntzarako Esparru Programa, 101162477 zenbakiko dirulaguntzarekin). Ekitaldi horiek Ikertzaileen Europako Gaua (irailak 27) baino lehen egingo dira; esaterako, Ozeanoen Munduko Eguna (ekainak 8). Gazteak planetako baliabide hidrikoak eta itsasoko bizitza babesteko beharraz kontzientziatzea da ekintzen helburua. Hala, Horizonte Europa egitasmoak 2030erako ezarritako 5 helburuetako bat beteko litzateke: gure ozeanoak eta gure urak lehengoratzea.   

Ozeanoen Munduko Eguna ospatzeko, Euskal Herriko Unibertsitateak Kontuz! ez nazazu zapaldu!’ egitasmoaren emaitzak aurkeztuko ditu Ezagutzaren Azokan. Ekainaren 7an, ostiralean, izango da, Bizkaia Aretoan (Bilbo, 09:30-14:00). Zientzia hiritar inklusiboko proiektu horren bigarren urtea da. 2023/2024ko edizioan 1.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute, eta horietatik ia 400 izango dira amaierako ekitaldian. 

Etapa amaierako hitzordu honetan, esperientziak partekatuko dituzte parte hartu duten kolektiboen artean, eta haien lana aitortu eta sarituko dute. Horrez gain, Donostiako Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloko (CimaSub) bideoak proiektatuko dituzte, eta hainbat gonbidatu izango dira. Plàncton-Divulgació i Serveis Marins enpresak, itsas dibulgazioan aditua denak, “Sexo al mar” hitzaldia eskainiko du. Eta Università degli Studi di Sassari (Sardinia) unibertsitateko Cecilia Teodora Satta nazioarteko ikertzaileak fitoplanktonari buruz egindako lanak aurkeztuko ditu, ekitaldiari amaiera emateko. Proiektuaren webgunean topa dezakezue egitarau osoa.  

Gainera, ekainaren 10era arte, parte hartu duten taldeek egindako horma irudien erakusketa ikus daiteke Bizkaia Aretoan (Etxepare eta Axular gelak). Lan horien bidez, bigarren edizio honetan ikasitakoa eta eskuratutako emaitzak azaltzen dituzte. Dena den, ‘¡Atención! ¡No me aplastes! / Kontuz! ez nazazu zapaldu!’ proiektuak ez du haren amaiera bakarrik ospatuko: egitasmoa zuzentzen duen lantalde zientifikoak aipamen berezia eskuratu du STEAM Euskadi SARIAK sarietan, genero ikuspegia modu berritzailean txertatzen duten egitasmoen kategorian. Mota horretako euskal egitasmoak identifikatzen ditu sari horrek, eta izaera berritzailea dutenak aitortzen ditu; bereziki, haurrei, gazteei eta emakumeei zuzenduta daudenak.    

Ekainaren 7ko Ezagutzaren Azoka hau Ingurumenaren eta Ozeanoen Euskal Astea-Basque Environment and Ocean Weeken barruan kokatzen da: hiritarrei ingurumenaren eta ozeanoen gaineko alderdi garrantzitsuak gerturatzen saiatzen den ekitaldi sorta. Hirugarren edizioa da, eta Euskadiko hiru lurraldeetan garatuko da hilabete honetan zehar: Araba (ekainak 10-16), Bizkaia (ekainak 17-23) eta Gipuzkoa (ekainak 3-9).  

Era berean, martxan jarri da ‘Itsaso Bete Zientzia’ lehiaketa ere. Parte hartzen duten gazteek lan literarioak eta artistikoak aurkeztuko dituzte, ozeanoak kontserbatzearen garrantziaz duten ikuspegia partekatzeko. Hala, haien familiei, adinekoei eta irakasleei helaraziko diete mezu hori. 

ORE4CITIZENS  

Halaber, Europar Batasunak finantzatzen duen eta Ikertzaileen Europako Gauaren barruan kokatzen den beste proiektu baten parte ere bada Euskal Herriko Unibertsitatea: ORE4CITIZENS. Itsasoko energia berriztagarriei buruzko Joint Research Laboratory on Offshore Renewable Energy (JRL-ORE) ikertaldeak gidatzen duen egitasmoa da hori. Tecnaliak lideratzen du proiektua eta, gure unibertsitateaz gain, Euskampusek eta BCAM-Basque Center for Applied Mathematicsek ere parte hartzen dute. Itsasoko energia berriztagarriak sustatzea da planaren helburua, eta Ikertzaileen Europako Gauean ospatuko dute egun handia, Itsasgunean, Portugaleten (Bilboko Ingeniaritza Eskola). Ozeanoetako teknologietan eta ikerketan zentratuko den instalazio multzo berria da.  

Proiektuaren baitako lehenengo jarduera “Itsas energia berriztagarrien proiektu bereziak Euskadin” erakusketa izango da. Ekainaren 7-8-9 egunetan aurkeztuko dute Irunen, FICOBAn, 2024ko BIOTERRA azokako jardueren baitan. Erakusketak 16 panel ditu, honakoei buruzkoak: ORE4CITIZENS egitasmoa; itsas energia berriztagarriek aldaketa klimatikoa gutxitzeko egiten duten ekarpena; Bizkaiko golkoari eta hango itsas geologiari buruzko informazio interesgarria; eta Euskadin itsas energia berriztagarriaren arloan garatutako proiektu berezien argazkiak. 

Lagin hori hazten ari da eta, gainera, ibiltaria da. Euskadiko hainbat udalerritatik igaroko da proiektuak iraungo dituen bi urteetan zehar. Jardueraz betetako agenda baten abiapuntua izango da. Datorren asteetan argitaratuko dute agenda proiektuaren webgunean. 

G-9 UNIBERTSITATE TALDEA  

G-9 Unibertsitate Taldea irabazi asmorik gabeko elkartea da, Estatuko unibertsitate publikoez osatua (horietako bakoitza bere autonomia erkidegoko unibertsitate publiko bakarra da): UPV/EHU, Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Zaragozako Unibertsitatea edo Nafarroako Unibertsitate Publikoa. Errioxako Unibertsitateak bazkide gisa parte hartzen du, eta Murtziako Unibertsitateak laguntzaile gisa. Guztien artean, Espainiako lurraldearen % 40 hartzen dute erakunde horiek; hala, proiektuaren estaldura geografiko zabala nabarmentzen da.