euskaraespañol

Eguneko irudia

Efizientzia termiko eta mekaniko optimizatuko mortero eta hormigoi jasangarriagoak

Industriako azpiproduktuak erabiliz mortero eta hormigoi berriak ikertzen ari dira UPV/EHUn, ekonomia zirkularra ardatz harturik

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2021/06/29

Roque Borinaga
Roque Borinaga, Bilboko Ingeniaritza Eskolako laborategian. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU

Industriatik eratorritako askotariko azpiproduktuak, hala nola papergintzako lohiak, letoizko zuntzak eta galdaketako zepak, baliatuz mortero eta hormigoi berrien propietate mekaniko eta termikoak aztertzen eta optimizatzen ari dira UPV/EHUko Ingeniaritza Mekanikoa Saileko ikertzaileak, baliabide natural eta energetikoen kontsumoa murriztea eta ekonomia zirkularra sustatzea helburu izanik.

Lehengaien kontsumoa asko handitu da industrian oro har eta eraikuntzan bereziki, eta horrek jasangarritasun-arazoen inguruko kezka handitu du. Hormigoiak eta morteroak dira eraikuntzan gehien erabiltzen diren materialak, eta ikerketa asko ari dira gaur egun egiten haien fabrikazioak eragiten dituen kalteak murrizteko. Ura, harea, zementua eta agregakinak nahasiz egiten dira hormigoia eta morteroa.

“Halako materialak sortzeko erabiltzen den zementu-kantitatea da arazo nagusia: zementua fabrikatzeko energia eta baliabide natural asko kontsumitzen dira, eta, ondorioz, CO2 asko igortzen da. Hori dela eta, ikerketa asko ari dira egiten zementu-kantitateak murrizteko. Horretan ari gara gu ere, bai zementua eta bai agregakinak (harea edo legarra) naturalak ez diren materialekin ordezkatzen, baliabide natural gutxiago erabiltzeko eta, era berean, materialen propietate mekaniko eta termikoak optimizatzeko”, azaldu du Roque Borinaga Treviño UPV/EHUko Ingeniaritza Mekanikoa Saileko ikertzaileak.

Horretarako, hainbat industria-prozesutako azpiproduktuak aztertzen dituzte, eta haiekin sortutako mortero eta hormigoiek funtzio bat edo beste bete ahal izango dute, beren propietate mekaniko eta termikoen arabera: “Industriako azpiproduktuak hondakindegietara ahalik eta gutxien bidaltzea da helburua, eta, ekonomia zirkularraren bidez, berrerabiltzea”, dio ikertzaileak. Horrenbestez, berriki, hiru azpiprodukturekin egin dituzte ikerketak, hiru lan-ildori jarraikiz.

Kasu partikularrak

Batetik, industrian sortzen diren hondakin metalikoak hormigoian edo morteroetan errefortzu gisa nola erabil daitezkeen ikertu dute: deskarga elektriko bidezko mekanizazioan sortutako letoizko zuntzekin sendotutako morteroak aztertu dituzte. Bestalde, zementuaren erabilera murrizteko ikerketa-ildoarekin lotuta, papergintzako kare-lohiak erabili dituzte zementuaren ordezko gisa; bero-eroankortasunarekin lotuta emaitza onak lortu dituzte eta ikusi dute egokia izan daitekeela zoru erradiatzaileetan erabili ahal izateko. Eta, hirugarrenik, galdaketa-zepak erabili dituzte agregakin gisa: “Arku elektrikoko labeetatik ateratako hareen eroankortasun termikoa txikia da, eta isolatzaile gisa erabiltzeko aproposak dira”, azaldu du Borinaga doktoreak.

Material-mota ugari dute esku artean, baina “oinarrizko ikerketa egiten dugu guk. Materialak ikertzeko lehen urratsa da gurea; izan ere, industriako azpiproduktuak eta hondakinak ez dira batere homogeneoak, asko aldatzen baitira jatorriaren arabera. Hortaz, lehenengo aztertu behar da hondakin partikular batek zer propietate ematen dituen; hori hondakin partikular askorekin aztertu, eta, gero, kasu horiek guztiak elkarrekin konparatuz erabaki ahal izango da fabrikaziorako jauzia egin daitekeen”, ondorioztatu du Borinagak.

Erreferentzia bibliografikoa