Ángeles Sánchez Díez eta Eduardo Bidaurratzaga Aurre
EBren eta Kolonbiaren arteko harremanak: interes komertzialaren eta politiken koherentziaren artean
Munduko Ekonomiaren Eraldaketak Aztertzeko Taldeko (GETEM) kideak
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2023/03/20
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.
Europar Batasunak eta Kolonbiak akordio komertzial bat sinatu zuten 2012an. Akordio horretan, EBk zutabe komertzialari hizketa politikoarekin eta garapenerako kooperazioarekin laguntzen dio. Kasu horretan, Kolonbiako gobernuaren eta FARCen arteko bake prozesua –2012ko irailean hasi zen– sendotzeko balio izan du.
Akordioa sinatu zenetik hamar urte igaro dira, eta guk honako hau galdetzen diogu geure buruari: Koherenteak al dira merkataritzaren arloko neurriak Europak bakea eraikitzeko ematen duen laguntzarekin?
Zertan datza akordioa?
Merkataritzaren arloan, EBren eta Kolonbiaren arteko merkataritzarako eta inbertsioetarako baldintza egonkor eta aurreikusgarri batzuk ezarri nahi zituzten, eta eskualdeetako merkatuetan beren enpresen lehiakortasuna hobetu nahi zuten. Horretarako, hainbat neurri adostu zituzten:
- Merkantzientzako muga zergen liberalizazio progresiboa.
- Muga zergarik gabeko barreren gaineko eta jabetza intelektualeko eskubideei buruzko araudi baten garapena.
- Zerbitzuen sektorearen liberalizazioaren, kontratazio publikoaren eta atzerriko inbertsioen sustapena.
Akordioak elementu politikoak eta kooperatiboak ere jaso zituen. Tresnarik garrantzitsuena ‘demokraziaren eta giza eskubideen klausula’ da. Klausula horren bidez, akordioa berehala eta alde bakarretik eten daiteke, baldin eta giza eskubideen eta herritarren askatasunen urraketa larriak gertatzen badira.
Harreman komertzialen bilakaera
Akordioa sinatu aurretik, Kolonbiatik EBra bidalitako esportazio askok ez zuten muga zergarik ordaintzen, lehentasunezko merkataritza sistema orokortuari (SGP+) esker. SGP+etik etekinik ateratzen ez zuten Kolonbiako enpresek baldintza onuragarriagoak lortu dituzte. Hori da bertako nekazaritzako elikagai nagusien kasua.
Aldiz, Kolonbiara sartzen ziren Europako produktuek ordaintzen zituzten Munduko Merkataritza Antolakundearen esparruan ezarritako muga zergak. Beraz, akordioak hobekuntza nabarmena ekarri du Europako esportatzaileentzat.
EBren eta Kolonbiaren arteko harreman komertzialen garrantzi erlatiboa oso desberdina da alde bakoitzarentzat. Kolonbiarentzat, EB kide garrantzitsu bat da. Kolonbiako esportazioen % 12,1 EBra doaz, eta inportazioen % 12,9 bertatik datoz. Are gehiago, hirugarren kide komertzial garrantzitsuena da, AEBen eta Txinaren atzetik.
Aldiz, EBk Kolonbiarekin duen merkataritza askoz txikiagoa da. Eurostaten datuen arabera, 2002-2020 aldian kanpoko merkataritzaren % 0,2 eta % 0,4 artean egon zen.
2012a baino lehen, Kolonbiak EBri merkantzia gehiago saltzen zion erosi baino. Hau da, Kolonbiaren aldeko superabit komertziala zegoen. 2015etik aurrera, egoera aldatu egin da, eta EBk goranzko joera duen superabit komertziala du. Beraz, badirudi akordio horrek mesede handiagoa egin diola EBri (datu komertzialei maila agregatutik soilik begiratzen badiegu).
Ekoizpenaren dibertsifikazioa, ñabardurekin
EBk manufakturatutako produktuak esportatzen ditu nagusiki: produktu kimikoak eta horiekin lotura duten produktuak, garraiorako makineria nahiz materiala, eta manufakturatutako beste ondasun batzuk, zeinak akordioan ezarritako muga zergen ezabatze mailakatutik etekinak ateratzen ari diren.
Aitzitik, Kolonbiako esportazio gehienak lehen mailako produktuak dira: elikagaiak, edariak eta tabakoa, lehengaiak eta erregai mineralak, lubrifikatzaileak eta horiekin lotura duten materialak. Liberalizazio komertzialak aurrera egin badu ere, merkataritza libreari eragiten dioten murrizketa gutxi horiek produktu horiei eragiten diete.
Hori gorabehera, gehien handitu direnak Kolonbiako nekazaritzako elikagai batzuen esportazioak izan dira (ortuariak, frutak eta fruitu lehorrak), eta horri esker esportazioak dibertsifikatzea lortu da. Dena den, Kolonbiako espezializazio produktibo-esportatzailea lehen sektorean oinarritzen da oraindik ere, balio erantsi txikiarekin. Gainera, badira eragin negatiboak ere, batez ere ekoizle kolonbiar txikientzat, esnekien sektorekoak kasu.
Zergatik da garrantzitsua nekazaritzaren sektorea? Gatazkak iraun duen hamarkadetan, gehien sufritu dutenak landa eremuetako biztanleak izan dira. Nekazarien komunitateek alternatiba ekonomiko bideragarriak aldarrikatu dituzte, kokaren laborantzan aritu beharrik gabe bizimodu duina izan dezaten. Izan ere, laboreak ezabatzeko mekanismo tradizional hertsatzaileak ez dira nahikoak izan, eraginkorrak ez esatearren.
Bakea eraikitzen laguntzea
EBk Kolonbiako bake prozesuari sekulako laguntza eman dio, eta negoziatutako konponbideak aurkitzen ahalegindu da. Sozietate zibilarekin egin du lan, batez ere landa eremuetan, gatazka sortzen duten faktore estrukturalei ekiteko (gizarte bazterketa, muturreko pobrezia eta desberdintasuna). Hau da, gatazka sortzen duten kausak gutxitzen lagundu nahi du, hark sortzen dituen sintomak arindu baino gehiago. Postura horrek AEBen gehiegizko segurtasunaren ikuspegitik bereizten du.
Akordio komertziala sinatu aurretik ere, EBk bake prozesuari laguntzeko tresnak zituen. Hona hemen garrantzitsuenetako batzuk:
- ‘Bake laborategiak’.
- Eskualdeko Garapenaren, Bakearen eta Egonkortasunaren Programa.
- Bakearen Lurralde Berrien Programa.
Bake Akordioa sinatu ondoren, funts fiduziarioaren bidez bideratzen da laguntza. EBk, Kolonbian bake egonkor eta iraunkor bat eraikitzen laguntzeko, landa garapena eta nekazarien bizi baldintzen hobekuntza sustatzen ditu.
Ba al dago koherentziarik akordioaren zutabeen artean?
Kolonbiako gizarte zibileko hainbat talde, Europako Parlamentuko hainbat talde eta sindikatuen konfederazioak akordioa sinatzearen aurka agertu ziren. Argudio asko zituzten, eta honako hauek nabarmentzen dira, besteak beste:
- Liberalizazio komertzialak talde zaurgarriei zekarzkien arriskuak.
- Indigenak lekualdatzera behartzea meatzaritzako industrien eta nekazaritzako erregaien industrien hedapenaren ondorioz.
- Gizartean eta ingurumenean duen inpaktua.
- Behar adina ez argitzea Kolonbiako Estatuak giza eskubideen urraketarekin duen erlazioa.
Halaber, akordioaren eragina ebaluatzeko Europako Batzordeak egindako bi txostenek meatzaritzaren hedapenaren, hidrokarburoen erauzketaren eta egurraren ustiapenaren ondorioz sortuko ziren gatazka sozialez ohartarazi zuten.
Gehienetan, jarduera horiek enpresa transnazional handien balizko jarduketekin lotzen ziren. Hala eta guztiz ere, txosten horiek akordioa sinatzearen alde egin zuten.
Balantza desorekatu bat
Merkantzien liberalizazio komertzialak onura handiagoa ekarri die esportatzaile europarrei kolonbiarrei baino.
Sektoreka, Kolonbiako nekazaritza eta abeltzaintzako esportazioek gora egin dute; haatik, ez da lortu meatzaritzako eta hidrokarburoetako esportazioekiko Kolonbiak duen mendekotasun handia gutxitzea.
Esportaziora bideratutako eskala handiko nekazal eredu bat bultzatzen ari dira, eta, bien bitartean, nekazariek (batez ere indigenak) eta borrokalari ohi askok lurrak lortzeko arazo larriak dituzte oraindik: laborantzarako lursail txikiak ez ezik, baliabide gutxi dituzte, eta lekualdatzera behartzen dituzte haien lurrak enpresa handien eskuetan jartzen direnean.
Kolonbiako gizarte zibileko erakundeek hala eskatuta, lanari eta ingurumenari buruzko gaien inguruan eztabaidatzeko kontsultarako barneko talde bat sortu zen. Hona hemen haien kezka nagusi batzuk: giza eta langileen eskubideen urraketa, protesta sozialaren kriminalizazioa eta herri indigenei eta tribalei buruzko Nazioarteko Lan Erakundearen 169. Hitzarmena ez betetzea.
Orain arte, akordioko demokraziaren eta giza eskubideen klausula ez da inoiz erabili. Hura erabiltzeko mehatxua ere ez da baliatu.
EBren iritziz, positiboak izan dira Kolonbiak alor horietan eginiko aurrerapausoak. Aurrerapauso garrantzitsutzat jotzen dira 2011ko Biktimen eta Lurren Itzulketaren Legea onartzea, mehatxatutako pertsonei babes ofiziala eskaintzea eta Giza Eskubideen aldeko Ekintza Plan Nazionala formulatzea eta martxan jartzea, eta Europaren laguntza jaso dute.
Laburbilduz, Europar Batasunaren eta Kolonbiaren artean gorabeherak daude, eta horrek askotan ezinezko egiten du bi helburu bateraezinen artean oreka mantentzea. Helburu horiek interes komertziala eta politiken koherentzia dira.
Artikulu hau GETEMen 41. gutunaren laburpen bat da (2023ko urtarrila): ‘La política comercial europea con Colombia: ¿coherente con el apoyo a la construcción de la paz?’.