Bisita gidatuak: 'Punta Begoña Galerietako zeramikak nola garbitu diren'
Noiz eta non
Noiztik: 2017/07/04 Noiz arte: 2017/07/30, 10:00 - 20:00
Deskribapena
Aurten, Punta Begoña Galerietako bisita gidatuetan, erakusketa berriak daude hilabete guztietan, proiektuaren aurrerapenen berri emateko. Uztailaren 4tik 30era, galerietako zeramika apaingarriek jasaten dituzten kalteen berri emango da, eta azalduko da nola garbitzen dituzten kalterik eragin gabe lehengoratzeko.
Zeramikek honako kalte hauek dituzte batez ere: ekintza bandalikoek eragindako pintadak edo grafitiak, kaltzifikazioak (azulejoen dekorazioa estaltzen duten kare geruzak, morteroen, hormen eta zutabeen disoluzioak eragindakoak), patina zurixkak (zutabeetako degradazioa, azulejoak batzeko kareorearen osagaiak disolbatu dituzten hezetasunek eragindakoa) eta enpasteak (grafitien antzeko degradazioak, baina dentsitate handiagokoak, ezabatzeko zailagoak diren tinta mota bat dutelako).
UPV/EHUko ikerketa taldeek lan ildo honetan izan duten zailtasunik handiena zeramikei jatorrizko koloreak itzultzeko modua aurkitzea izan da, haien ezaugarriak errespetatuko zituen metodo eraginkor bat behar baitzuten. Hori dela eta, aipatutako kalte bakoitzerako zenbait proba egin dituzte hainbat produkturekin, kasu bakoitzerako egokiena aurkitu arte.
Formatu berri honekin, UPV/EHU lantzen ari den ikerketen berri jasoko da bisita gidatuetan, hilero aldatuko diren elementu dinamiko eta dibulgaziozkoen bitartez. Horrela, modu bisual eta erakargarriago batean islatu ahal izango dira lanen emaitzak. Apirilean, galeriak eraikita dauden flysch moduko labarraren txanda izan zen; maiatzean, Punta Begoña apaintzen duten zeramika deigarriak izan ziren erakusketaren protagonista, eta ekainean, eraikinaren eraikuntza materialek jasaten dituzten kalteetan sakonduko da.
Bisita gidatuetan parte hartzeko, izena eman behar da aurretik Getxoko Udalaren webgunean edo Getxoko Turismo Bulegoaren telefono zenbakira deituta (94 491 08 00). Bisitak 50 minutukoak dira.