Hitzaldia: 'Makinen ikasketa gaitasun harrigarria'
Noiz eta non
Noiztik: 2017/01/17 Noiz arte: 2016/12/27, 19:00 - 12:40
Kokapena
Bilbao (Bizkaia)
Deskribapena
Asteartea, urtarrilaren 17ean, 19:00etan, Azkuna Zentroko Bastida aretoan (-2 solairua), Bilbon, Gorka Azkune Deustuko Unibertsitateko ikertzaileak 'Makinen ikasketa gaitasun harrigarria' izeneko hitzaldia euskaraz eskainiko du. Jarduera Zientziateka programaren barruan antolatu da. Zientziateka hilean bitan UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Azkuna Zentroak puri-purian dauden zientzia arloko gaiak jakitera emateko antolatzen duten ekimena da.
Urte asko daramatzagu ikertzen makinei adimena emateko. 50. eta 60. hamarkadetako ikerlariek makinak programatu nahi zituzten eskuz, gizakion ezagutza kodifikatuz eta arrazoiketa logikoak egitea ahalbidetuz. Bide hartan ikusi zen makinen adimena oso zurruna zela, gizakiok dugun eta gure munduak eskatzen duen malgutasunetik oso urrun. Gaur egungo adimen artifizialaren iraultza ez da bide horretatik etorri. Azkenean ulertu dugu makinek beren kasa ikasi behar dutela gure pareko adimena izatera iristeko. Hitzaldi honetan ikusiko dugu makinek nola ikasten duten eta zer egiteko gai diren jada.
Gonbidapenak Azkuna Zentroko informazio-gunean hartu behar dira. Sarrera doanekoa da.