euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUk Oinarrizko Errentaren XVI. Sinposioa hartuko du

Noiz eta non

Noiztik: 2016/11/18 Noiz arte: 2016/11/11, 09:00 - 14:14

Kokapena

Areto nagusia - Ekonomia eta Enpresa Fakultatea (Sarriko)
Lehendakari Agirre 83. -48015- Bilbao (Bizkaia)

Deskribapena

Zer bideragarritasun sozial, ekonomiko eta politiko dauka Oinarrizko Errentak? Zein da haren etorkizuna? Zer inpaktu dauka krisi garai honetan? Horrelako galdera batzuei erantzungo diete zenbait adituk azaroaren 18an eta 19an Bilboko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean (Areto Nagusia-Sarriko) egingo den Oinarrizko Errentaren XVI. Sinposioan.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez –horien artean daude UPV/EHUko Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultatea eta Oinarrizko Errentaren Sarea elkartea–, ibilbide luzeko ekitaldia da, duela zenbait urtetik hona prestazio horrekin lotutako hainbat alderdi analizatzen ari dena, hura herritarren funtsezko eskubide gisa ulertuta. "Gaur egun, gai honek inoiz baino indarraldi handiagoa du. Hortaz, beharrezkoa da haren errealitateaz eta perspektibez hitz egitea", azpimarratu dute.

"Enpleguaren etorkizuna, lanaldia laburtzea, lan bermatua eta oinarrizko errenta" izango dira sinposio honetan analizatuko diren gaietako batzuk. Sinposioa 18an, ostirala, hasiko da goizeko 9.00etan eta hainbat hitzaldi eta mahai inguru hartuko ditu barnean. Parte hartze nagusiak egun horretan zehar egingo dira; larunbateko jardunaldian, berriz, jasotako azken komunikazioak irakurriko dira eta interes handiko azken mahai inguru bat izango da gai honi buruz: "Necesidad y Viabilidad social, económica y política de la Renta básica" (Oinarrizko Errentaren premia eta bideragarritasun sozial, ekonomiko eta politikoa). Gainera, aldi berean, Oinarrizko Errenta elkartearen urteko asanblada egingo da.

Aurtengo berritasunetako bat In the same boat (Ontzi berean) filmaren emanaldia izango da, haren zuzendari Rudy Gnuttiren partaidetzarekin. Film honek –atzerrian aurten bertan estreinatu berri denak– jardunaldi hauekin estu lotutako gaiei heltzen die.

Hizlarien artean hauexek daude: Daniel Raventós Pañella, Bartzelonako Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko irakaslea, sinpermisoren erredakzio batzordeko kidea, Oinarrizko Errentaren Sareko presidentea eta ATTACeko batzorde zientifikoaren kidea; Juan Carlos Monedero, Madrileko Unibertsitate Complutenseko Politika eta Administrazio Zientziaren irakaslea, Nazioarteko Ikasketen Institutu Complutenseko Gobernu, Politika Publiko eta Hiritartasun Globala saileko zuzendaria eta hainbat erakundetako aholkularia; Pablo Enrique Yanes Rizo, CEPAL-MEXICO, Gizarte Garapeneko Unitateko burua eta 2009tik Basic Income Earth Network-eko (BIEN) Nazioarteko Batzorde Exekutiboko kidea eta Mexikoko ataleko presidentea, eta Iñigo Lamarka, Gipuzkoako Batzar Orokorren letratua eta Ararteko ohia.

Sinposio honetan parte hartu nahi duten pertsonek azaroaren 14ra arte eman dezakete izena eta, horretarako, helbide honetan eskuragarri dagoen formularioa bete beharko dute: https://www.ehu.eus/es/web/lan-harremanak/kongresu-eta-jardunaldiak