euskaraespañol

Eguneko irudia

Astronomiak Bilbon du hitzordua

Noiz eta non

Noiztik: 2016/07/18 Noiz arte: 2016/07/22, 09:00 - 17:00

Deskribapena

Astelehenean, hilak 18, Bizkaia Aretoan (Abandoibarra, 3. Bilbo) Espainiako Astronomia Elkarteak (SEA, jatorrizkoan) bi urtean behin egiten duen Bilera Zientifikoaren XII. Edizioa hasiko da. Bost egunez, Bilbo maila goreneko astronomia foroa bilakatuko da eta Astronomiaren arloko 350 profesionaletik gora bilduko ditu, eta atzerritik etorritako gonbidatuak ere.

Egungo astronomiak aztertzen dituen gai ugarietan egon diren azken zientzia eta teknologia lorpenak eta erronkak aztertuko dira: kosmologia eta grabitazio uhinetatik Eguzki Sistemaren esplorazioraino, espazio eta lurreko behatokien garapenetik igaroz ere, non Espainiako komunitate astronomikoak presentzia garrantzitsua duen.

Espainia ESOn, JWSTn eta SKAn, gai gailenak

SEAren XII. Bilera Zientifikoaren egitarauak saio berezi bat aurreikusia dauka, non Espainia ESOn sartu zenetik hamar urte bete direla ospatuko den. Europako Behatoki Australak 15 kide europar hartzen ditu egun eta zenbait behatoki ditu Txilen, horien artean bere proiektu nagusia den E-ELT Europako Teleskopio Arras Handia: 39 metrokoa, eraikuntza fasean dago egun eta bere abiaraztea 2024. urterako aurreikusita dago. ESOKo zuzendari nagusi Tim de Zeeuwek saioan parte hartuko du.

Aipatzekoa den beste saio batek James Webb Space Telescope (JWST) delakoa aztertuko du, Hubblearen oinorde den eta 2018n jaurtiko den espazio teleskopioa. Europako Espazio Agentziako (ESA, ingelesez) zientzialari eta proiektu horren buru Pierre Ferruitek saioan parte hartuko du. Inoiz eraiki den irrati-teleskopiorik handiena den Square Kilometre Array (SKA) delakoak, Australian eta Hegoafrikan instalatuko dena, toki garrantzitsua izango du ere. Philip Diamond bere zuzendaria gure artean egongo da. Hainbat espainiar daude bi proiektuetan.

Juno, Gaia, Rosetta…

Nabarmentzeko beste hitzaldi bat da Jupiterreko orbitan sartu berri den Juno NASAren misioari buruzko hori. NASAren Jet Propulsion Laboratory laborategiko kide, Lurretik Junora bidaltzen diren laguntza jakinarazpenen koordinatzaile eta JunoCam instrumentuaren taldeko kide den Glenn Orton izango da hizlaria. ESAren Gaia misioaren azken berritasunak aurkeztuko dira ere; bere lehen emaitza ofizialak irailean argitaratuko dira. Beste hitzaldi batzuetan jorratuko diren gaiak dira, esaterako, 2026n abiaraziko den Europako Eguzki Teleskopioa (EST, ingelesez) edo Rosettaren behaketak.

Brasil, herrialde gonbidatua

Brasilgo Astronomia Elkartea izango da edizio honetako gonbidatua eta, ondorioz, bi herrialdeen arteko zientzia lankidetza oparoa eta historikoa jorratuko duen saio bat egongo da, non arreta berezia jarriko zaien egungo ikerketa proiektu komunei. Brasilgo Astronomia Elkarteko presidente Marcos Diaz eta Río Grandeko (Porto Alegre, Brasil) Unibertsitate Federaleko Thaisa Storchi Bergmann astrofisikaria (nazioartean ospetsuenetakoa, emakumezko zientzialari apartekoei ematen zaien L'Oreal-UNESCO saria jaso du, besteak beste) izango dira Brasilgo ordezkariak.

Adin guztientzako jarduerak

Saio zientifikoez gain, Espainiako Astronomia Elkartearen XII. Bilera Zientifikoak adin guztientzako hiru jarduera antolatu ditu.
Hasteko, uztailaren 19an, asteartean, behaketa astronomikoa antolatu da Guggenheimeko Zabalgunean, 22:00etatik aurrera. Bizkaiko Astronomia Elkartearen laguntza izango dugu.

Uztailaren 20an, asteazkenean, Universitat de les Illes Balears-eko irakasle eta LIGO taldeko kide Alicia Sintesek grabitazio uhinen inguruko hitzaldia eskainiko du. Hitzaldia adin guztientzako entzuleentzat da. Bizkaia Aretoan egingo da. Sarrera askea eta doakoa izango da, leku guztiak bete arte.

Azkenik, uztailaren 22an, ostiralean Espainiako Astronomia Elkarteko presidente Javier Gorgasek Cervantes izarraren eta bere exoplaneten inguruko hitzaldia eskainiko du. Bidebarrietako Liburutegian (Bidebarrieta kl., 4) izango da eta, oraingoan ere, sarrera askea eta doakoa izango da leku guztiak bete arte.

Informazio gehigarria