Gaixotasun zeliakoaren eragileen bila: DNA zaborraren pistaren atzetik
Noiz eta non
2016/05/10 2016/05/10, 19:00 - 21:00
Deskribapena
Asteartean, maiatzak 10, 19:00etan, Azkuna Zentroko Bastida Aretoan (-2 solairua) (Arriquibar Plaza), ‘Gaixotasun zeliakoaren eragileen bila: DNA zaborraren pistaren atzetik' hitzaldi eta mahai-inguruan izango da Ainara Castellanos, UPV/EHUko ikerlaria. Hitzaldia euskaraz izango da.
Gaixotasun zeliakoa gaixotasun immunea da, garian eta beste zereal batzuetan agertzen den gluten proteinaren aurkako intolerantzia gisa garatzen dena. Gaixotasuna garatzeko generik garrantzitsuena ezagutzen bada ere, badaude genoman 40 bat erregio gaixotasunaren garapenarekin lotu direnak, eta haietariko asko DNA zaborra deiturikoan daude. UPV/EHUren ikerketa batean gene berri bat topatu da DNA zaborrean, hantura edo inflamazioa kontrolatzen duena eta zeliakoetan aldatuta dagoena.
Science aldizkarian argitaratutako ikerketa honek oihartzun handia izan du DNA zaborrak gaixotasunen garapenean duen garrantzia azpimarratu duelako.
Zientziateka hilean bitan UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Azkuna Zentroak puri-purian dauden zientzia arloko gaiak jakitera emateko antolatzen duten ekimena da.
Gonbidapenak Azkuna Zentroko informazio-gunean hartu behar dira. Sarrera doanekoa da.