euskaraespañol

Eguneko irudia

Ate irekiak Bilboko Ingeniaritza Eskolan

Noiz eta non

Noiztik: 2016/02/24 Noiz arte: 2016/02/25, 16:30 - 19:07

Aurreko edizio bateko Ate Irekiak

Deskribapena

Gaur eta bihar, 16:30etik 19:00etara UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolak (B eraikina. Tranbiaren alboan), ingeniaritza ikasketak egiteko nahia agertu duten Batxilergoko 600 ikasle baino gehiagok ateak irekiko dizkioi. Hainbat standetan ingeniaritzaren aplikazio praktikoak ikusi ahal izango dituzte, Eskolako ikasleek eta irakasleek azalduta.

Gazteek hainbat erakustaldi ikusi ahal izango dituzte: planta industrial automatizatua eskalan, robot mugikorrak, helikoptero baterako hegaldi simulagailua, bizikletan oinarritutako sorgailu elektrikoa, esperimentuak eremu magnetikoekin, berpizte kardiopulmonarreko ariketak, garagardoaren fabrikazio artisaua edo testua hizkuntza anitzetara bilakatzeko sistema, besteak beste.

Urtean behin, Bilboko Ingeniaritza Eskolak etorkizuneko ikasleei begiratzen die, Unibertsitaterako pausoa emateko prest dauden gazteei, hain zuzen ere, eta Ingeniaritzen Aurkezpen Jardunaldiak antolatzen ditu. Ekimen horren helburua jakituriaren adar hori aukeratuko duten gazteen harrobia sustatzea da, ikasketa horiek eguneroko bizitzan duten erabilgarritasun praktikoa erakusten den bitartean.

Tranbiaren geltokiaren eta Termibusaren artean dagoen Eskolako B Eraikinak stand ugari jasoko ditu berriro ere, eta Eskolako ikasleak eurak izango dira ingeniaritzak eguneroko bizitzan dituen aplikazio ugariak azalduko dituztenak, bertara joaten direnen arreta erakarriko duten esperimentuen eta erakustaldien bitartez. Oraingo honetan, Ingeniaritzen Aurkezpen Jardunaldiak asteazkenean, otsailaren 24an eta ostegunean, 25ean, izango dira, arratsaldeko 16:30etik 19:00etara, eta aurreikuspenen arabera, bi jardunaldietan batxilergoko 600 ikasle baino gehiago hurbilduko dira, Batxilergoko azken ikasturtean ingeniaritza egiteko nahia erakutsi duten ikasleak, hain zuzen ere.

Energia eta bere modalitateak, robotika, zuntz optiko bidezko transmisioa, osasun aplikazioak, telekomunikazioak, hizketaren teknologiak edo ingurumen arazoetarako konponbideak izango dira arreta gune nagusiak. Jarduerak titulazioen arabera antolatu dira (energia, kontrol eta automatizazio ingeniaritza, elektrikoa, industria antolakuntzakoa, mekanikoa, telekomunikazioak…). 14 stand egokitu dira, eta baita B Eraikineko ataria bera ere, zenbait erakustaldi egiteko: planta industrial automatizatua eskalan, robot mugikorrak, helikoptero baterako hegaldi simulagailua, bizikletan oinarritutako sorgailu elektrikoa, esperimentuak eremu magnetikoekin, berpizte kardiopulmonarreko ariketak, garagardoaren fabrikazio artisaua edo testua hizkuntza anitzetara bilakatzeko sistema, besteak beste.

Bilboko Ingeniaritza Eskolak Formula Student nazioarteko unibertsitate lehiaketa nagusietan hartu du parte. Lehiaketa horretako prototipoek egingo diete harrera bisitariei beheko solairuko atarian. Beheko solairuan sei stand instalatuko dira, eduki hauekin:

•Energia hidarulikoa, mekanikoa, energia nuklearraren aplikazioak energia hidraulikoa energia mekaniko bihurtzeko prozesua simulatzeko. Neurketak: emaria, biraketa-abiadura.

•Sortze nuklearrerako kontrol-sistemen simulagailua eta ingeniaritza nuklearraren zenbait aplikazio. Erradiazio-monitore baten funtzionamenduaren erakustaldia.

•Kontroleko ingeniaritza, automatika eta robotika. Gure bizitzan era guztiko gailuekin topo egiten dugu, eta hauetariko askoren funtzionamendua kontrol sistema baten menpekoa da. Kontrol sistemak esparru anitzetan aurkitzen dira, adibidez: arlo aeroespazialean, automozioan, prozesu kimikoetan, azpiegituralanetan, energian, osasun arloan, fabrikazioan, garraio arloan, aisiatresnetan eta kontsumo aplikazioetan. Kontrol ingeniaritzaren jakintza arloan, automatikak eta robotikak arazo horiei erantzuna ematen diete horretarako ordenadoreak eta industri kontrol gailuak erabiliz. Stand honetan erakusten diren ereduak sistema programatuen kontrolpean ari dira. Azter daitezkeen ereduak honako hauek dira: automatizatutako planta pneumatiko txiki bat, neurri txikiko robot mugikorrak, helikopteroa simulatzen duen sistema bat eta konputagailu bidez kontrolaturiko zenbait sistema.

•Industria Antolakuntzan Ingeniariaren irteera profesional desberdinak.

•Zenbait fenomeno fisikoak Karrerako lehen kurtsoan ikasten diren fenomeno fisikoak azaltzeko esperimentuak: uhin geldikorrak soketan eta mintzetan, optika eta indukzio elektromagnetikoak.

•Ingeniaritza Elektrikoa Energia elektrikoaren eskaria gizarte baten garapen teknologikoaren mailaren adierazle fidagarria da. Energia-sistema elektrikoek energia sortu, garraiatu eta banatzen dute, azken kontsumitzaileengana iritis arte. Gure erakustxokoan, energia-sistema elektrikoetako osagaiak aurkezten dira, baita etxebizitza bateko instalazio elektriko baten maketa, eskalara egina. Beste alde batetik, makina elektrikoek energia elektrikoa energia mekaniko bihurtzen dute (motor elektrikoen kasuan) eta energia mekanikoa energia elektriko (sorgailu elektrikoen kasuan). Hala, bizikleta estatiko baten eta sorgailu elektriko baten bitartez, energia mekanikoa energia elektriko erara aldatzeko prozesua simulatzen da gure txokoan. Energia hori ibilgailu elektrikoen zirkuitu bati eragiteko erabiltzen dugu, hain zuzen. Azkenik, kontsumo elektrikoa motor elektriko batek eta igogailu baten maketak ordezkatzen dute. Azken finean, magnetismoak funtsezko eginkizuna dauka Ingeniaritza Elektrikoan, eta hori dela eta, hainbat aplikaziotarako erabiltzen da. Besteak beste, korronte elektrikoak eta dipolo magnetikoek eremu magnetikoa nola sortzen duten erakusten dugu gure erakustokian. Izan ere, eremu magnetikoaren indar-lerroen eraginpeko partikuletan sortutako efektua nabari daiteke.

•Motorrak. Zer da beroa? Hozte-dorreak Barne-errekuntzako motorraren funtzionamenduaren eta muntaketaren azalpena eta BEMA motorren hainbat elementu eraikitzaileren erakusketa. Zer da beroa? Ikusi al daiteke beroa? Kamara termografiko bati esker beroa ikustea ahalmenduko da.

Lehen solairuko atarian ere prototipoak egongo dira, Moto Student lehiaketan parte hartu dutenak, alegia. Ondoren beste zortzi stand bisitatu ahal izango dira:

Zuntz optikoa Bideo seinaleen transmisioa plastikozko zuntz optikoetan zehar eta haririk gabeko komunikazio optikoak erabiliz (Free Space Optics). Gure asmoa da erakustea posible dela seinale horiek transmititzea, bai era gidatu batean bai espazio librean zehar (ikasleak bertan egiaztatu ahal izango du komunikazioak eten daitezkeela eskuak oztopatzen badu argiak transmisore eta hargailu artean egiten duen. bidea).

ECG erakuslea Bihotz-biriketako geldiketan derrigorrezkoa da BBBaren protokoloa aplikatzea odol-zirkulazio minimoa mantentzeko larrialdi zerbitzuak iritsi arte. BBB teknika bularraldeko sakadetan oinarritzen da, batez ere. Hauek, odol-fluxu minimoa mantentzeko gai dira era eraginkorrean eginez gero, hots, maiztasun egokiaz, 100 bat sakada minutuko, eta sakontasun egokiaz, 50 mm tartean. Erakusketasisteman BBBa egiteko aproposa den maniki batengan sakadak egin daitezke minutu batez. Hauen maiztasuna eta sakontasuna neurtzen da hiru ardatzeko azelerometroan oinarritutako sistema digitalarekin. Minutu batean zuzen egindako sakada kopuruaren arabera jasoko du puntuazioa erabiltzaileak.

Matematikaren aplikazioak:Hizketa-teknologien aplikazioa Hizketa-teknologiak irakaskuntzan aplikatzearekin lotutako demoak aurkeztuko dira; batetik, bigarren hizkuntzak irakasteko programetan ariketei ahoz erantzuteko aukera ematen duen sistema bat. Halaber, testua ahots bihurtzeko sistema eleanitz bat ere aurkeztuko da, bai eta erabiltzailearen ahotsaren ezaugarriak aldatzen dituen ahots transformadore bat ere.

RADIOKOMUNIKAZIO-SISTEMAK LTDaren transmititzea eta jasotzea Irrati-maiztasunen espektroaren okupazioaren bistaratzea: Gure inguruan seinale ugari transmititzen dira uhinen bidez (hari gabeko sistemak): AM irratia, FM irratia, LTD, telefonia mugikorra, WIFI… Gure begiek ez dituzte transmisio horiek ikusten, baina antena egokiak erabiliz bistaratu dezakegu espektroen analizagailuaren pantailan irratimaiztasunen espektroaren okupazioa, hau da maiztasun libreak, kanal okupatuen espektroen itxura…

Sistema elektronikoak Sistema elektronikoak ezinbesteko osagai bihurtu dira gure eguneroko ohituretan. Toki honek ezaugarri hori azaleratzen du, egunero erabiltzen ditugun zenbait tresna elektronikoren adibideen bitartez: dronak, ordenagailuak, telefono mugikorrak, etxe bateko galdara baten osagaiak, makina-joku baten ukimeneko pantaila, hari gabeko argi-etengailua, telefono mugikor bateko kamera, jantzietako etiketa elektronikoak, bateriaren kargadorea, Metroko komunikazioetako txartel elektronikoak, WIFI sarbide puntua, etab.

Sareak Etorkizuneko 5G sareek erabiltzaileei abiadura handiko konexio mugikorrak ahalbidetuko dizkiete, edozein lekutatik eta orain arte inoiz ikusitako kalitaterik onenarekin. Guzti horrek, Cloud teknologien laguntzaz dabiltzan aplikazio berriekin batera, aukera mugagabeak zabaltzen ditu aisialdian, komunikazietano eta negozioetan. Aplikazio horiek eta konektatutako gailu berriek ekosistema berri bat sortzen dute, "Internet of Everything" bezala ezagutzen dena, eta Interneteko zerbitzuak erabiltzeko ordenagailu arruntak baino aukera gehiago daudela erakusten digute.

Industria-prozesuak eta ingurumena Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumen Ingeniaritza Sailak batzen ditu prozesu industrialen ingeniaritzako kontzeptuak eta prozesu hauek ingurumenean duten inpaktua arindu edo gutxitzeko erabiltzen diren eragiketen ezaguerak. Horrela, sailak ikasleei industria ingeniaritza kimikoan eta ingurumen ingeniaritzan espezializatzeko aukera eskaintzen die.

Bertara joaten direnek zuzenean hartu ahal izango dute parte esperimentu horietan guztietan, Jardunaldi hauek bokazio gehien bat didaktikoa baitute. Horrela, etorkizuneko ikasleek, Eskolan eskaintzen diren espezialitateak eta ingeniaritzak eguneroko bizitzan dituen aplikazio anitzak erakutsiko dizkieten esperientzia praktikoak bizi ahal izango dituzte.

Nazioarteko bokazioa eta titulazio bikoitzak

Standetatik "tourra" egin aurretik, ikasleek Eskolari eta bertako ikasketa programari buruzko hitzaldi laburra jasoko dute. Azpimarragarriak dira Eskolak gaur egun eskaintzen dituen titulazio bikoitzak eta unibertsitateko nazioartekotzea. Nazioartekotze horren ondorioz, ikasturte bakoitzean atzerriko ehun ikasle inguru jasotzen ditu eskolak, eta bere ikasleen artetik 200, 40 herrialdetako 169 ikastetxetan egoten dira.

Ikasgaiak baliozkotzeko edo Gradu amaierako lanak edo Masterrak atzerrian egiteko aukerarekin batera, Eskolak garrantzi berezia eman die titulazio bikoitzeko akordioei. Une honetan akordio horiei esker harremanak ditu Europako eta Ipar Ameriketako zortzi unibertsitaterekin, horien artean munduan lehen mailan dauden ikastetxeekin, ITT (Chicago Illinois-Tech) ospetsuarekin, adibidez. Horiei, denbora gutxi barru Frantziako ingeniaritza eskola batekin eta Txinako eta Japoniako bi unibertsitaterekin sinatu daitezkeen hitzarmen berriak gehitu dakizkieke.