Unibertsitateen G-9 Taldeko errektoreak UPV/EHUn bilduko dira
Noiz eta non
2016/02/08 2016/02/08, 10:00 - 14:24
Deskribapena
Astelehenean, otsailak 8, Bizkaia Aretoan (Abandoibarra 3, Bilbao), Unibertsitateen G-9 Taldeko errektoreek urteko lehenengo bilera egingo dute. Bileran G-9ko sei hileko presidentziaren eskualdatzea egingo da, Errioxako Unibertsitateko errektore José Arnáez Vadillorengandik UPV/EHUko errektore Iñaki Goirizelaiarengana. Hala, Goirizelaia G-9ko presidente izango da 2016ko lehen seihilekoan. Bileran izango da baita ere, beste errektore guztiekin batera, Segundo Píriz, Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziako presidentea.
Horrezaz gain, bileran gai hauek jorratuko dira, besteak beste: ikasleen sarbide eta onarpena; administrazio elektronikoa; unibertsitateko kirola edo hezkuntzaren arloan umeak babesteko neurriak ezartzea. Hainbat ekimen ere aztertuko dira: campus birtual partekatua, IV. Doktorego Jardunaldiak, Unibertsitateen arteko VIII. Eztabaida Liga edo G-9ko master baten proposamena.
Unibertsitateen G-9 Taldea
Unibertsitateen G-9 Taldea irabazi asmorik gabeko elkartea da, honako unibertsitate publiko hauek osatua: Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Oviedoko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Zaragozako Unibertsitatea. Guztiak dira beren erkidegoko unibertsitate publiko bakarra. Taldea 1997. urtean sortu zen, eta helburu du unibertsitate erakunde taldekideen arteko lankidetza sustatzea, hala irakaskuntza eta ikerketa jarduerei dagokienez nola kudeaketa eta zerbitzu jarduerei dagokienez.