euskaraespañol

Eguneko irudia

Duela 42 milioi urte Huesca-ko Pirinioetan bizi zen sirenio ugaztun berri bat aurkitu da

Eurasiako lehendabiziko lau hankadun sirenioa eta Europa mendebaldeko espezie zaharrena da.

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/04/11

Duela 42 milioi urte Huesca-ko Pirinioetan bizi zen sirenio ugaztun berri bat aurkitu da
Castejón de Sobrarbe (Huesca) aztarnategiko indusketa paleontologikoak, Ainara Badiolak zuzenduak (eskuinaldean

Euskal Herriko Unibertsitateko, Zaragoza Unibertsitateko (Aragosaurus-IUCA taldea), eta Universidad Nova de Lisboa-ko ikertzaileek Geoparque Mundial de la Unesco Sobrarbe-Pirineos deitzen den geoparkean duela 42 milioi urteko sirenio ugaztun primitibo baten espezie fosil berri bat deskribatu dute. Sobrarbesiren 300 fosil baino gehiago aurkitu dira eta 6 indibiduo desberdinenak direla ikusi da, banako jubenil eta helduak barne direlarik

UPV/EHU-ko, Zaragoza Unibertsitateko (Aragosaurus-IUCA taldea), eta Universidad Nova de Lisboa-ko paleontologoek 42 milioi urteko sirenio ugaztun primitibo baten espezie fosil berri bat deskribatu dute. Geoparque Mundial de la Unesco Sobrarbe-Pirineos deitzen den geoparkean aurkipena egin dute. Esparru hori Kantauri itsasoko itsasertza izan zen garai horretan. "Sobrarbesiren" 300 fosil baino gehiago aurkitu dira eta 6 indibiduo desberdinenak direla ikusi da, banako jubenil eta helduak barne direlarik. Aurkitutako sirenio espezie fosil berria Scientific Reports aldizkari zientifiko ospetsuan argitaratu dute.

Sirenioak itsas ugaztun herbiboro bakarrak dira eta hori dela eta “itsas-behi” ere deitzen zaie. Gaur egun, latitude tropikaletako ibai eta kostaldeetan bizi diren dugongoak eta manatiak dira sirenioak.

Castejón de Sobrarbe aztarnategiko indusketa paleontologikoak 2009-an hasi ziren Ainara Badiola dokotorearen zuzendaritzapean eta ordutik Erdi Eozenoko (42 milioi urte gutxi gorabehera) aztarnategi honetan ornodunen 600 bat fosil berreskuratu dira. Horietatik 300 fosil baino gehiago sirenioenak dira eta 6 indibiduo desberdinenak direla ikusi da, banako jubenil eta helduak barne direlarik. "Sobrarbesiren" sirenioaren eskeletoko ia hezur guztiak aurkitu dira; horien artean aurkitzen dira 3 buru-hezur, orno eta saihets ugari eta aurreko eta atzeko gorputz-adarretako hezurrak, animalia hauetan atal garrantzitsuenak direnak barne, pelbisa, femurra eta fibula edo peronea, alegia. Fibula, gainera, ezagutzen den zaharrena da. Aztarnategi berberean aurkitu dira ere dortoka, krokodilo, musker, marrazo eta ugaztun txikien fosilak eta baita ornogabe eta landare fosilak ere. Fosil hauekin eta aztarnategiko ikerketa geologikoarekin batera, Sobrarbesiren sirenioa bizi zen paleoingurunea nolakoa zen jakin da. Sobrarbe eskualdeko gune hau Bizkaiko Golkora zabaltzen zen itsasertzeko eremu bat izango litzateke, landaretza eta klima tropikal bateko delta batean amaituko zena.

Fosilen kontserbazio ona eta ugaritasuna dela eta, Sobrarbeko sirenioak munduko Erdi Eozenoko sirenio fosil bildumarik onenean bihurtu dira. Haien interesa are gehiago areagotzen da "Sobrarbesiren" Eurasiako lehendabiziko lau hankadun sirenioa dela eta Europa mendebaldeko espezie zaharrena dela kontutan hartzen badugu. Aurkikuntza honek, Iberiar Penintsula eta batez ere Huesca probintzia ugaztun urtar hauen eboluzioaren lehendabiziko urratsak aztertzeko munduko gunerik garrantzitsuenean jarri ditu.

Zer dira sirenioak?

Gaur egun lau espezie soilik daude, baina duela 50 milioi urte azaldu ziren lehendabiziko ugaztun itsastar hauek, Afrikako ugaztun lehortar talde bat izanik beraien arbasoa. Uretako bizimodura egokitzeko sirenioen gorputzak hainbat aldaketa pairatu zituen; esate baterako, ilea eta belarrien galera eta gorputz hidrodinamiko baten garapena, lepoa laburtuz eta gorputz-adarretan aldaketa sakonak pairatuz. Aurrealdeko gorputz-adarrak hegatsetan bilakatu ziren eta atzealdekoak desagertzeko joera erakutsi dute, pelbis eta femur bestigial batetara murriztuta geratu direlarik. Bestalde, birika luzangak garatu zituzten, ia animaliaren gorputz osoa zeharkatuz. Honek, hegats itxurako isats lautuarekin eta hezur trinko eta lodien garapenarekin batera, sakonera txikiko igerilari motelak izateko ahalmena eman die, hondoko itsas landarediaz elikatuz bizi direlarik.

Huesca-ko Pirinioetan aurkitutako “itsas-behi” edo sirenio espezie fosil berria Scientific Reports aldizkari zientifiko ospetsuan argitaratu dute Ester Díaz-Berenguer, José Ignacio Canudo (Zaragozako Unibertsitatea), Ainara Badiola (Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea) eta Miguel Moreno Azanza (Universidad Nova de Lisboa) ikerlariek. Sirenioaren izena, "Sobrarbesiren cardieli", Sobrarbe eskualdearen eta aztarnategiaren aurkitzailearen (Jesús Cardiel Lalueza) omenez eman da. Espezie berri hau sirenioen eboluzioaren lehendabiziko urratsak aztertzeko garrantzitsua da; izan ere, "Sobrarbesiren" cardieli oraindik lau hankadun sirenioa zen, atzealdeko gorputz-adarrak funtzionalak zituen eta ingurune urtarrera guztiz egokituta ez zegoen. Ikerketa hau Ester Díaz-Berenguerren doktoretza tesiaren parte bat izan da eta orain sirenio honen eskeletoa sakonki ikertzen ari da; batez ere, bere pisua gorputz-adarren bidez jasateko ahalmena zuen edo soilik gorputz-adar hauek igeri egiteko erabiltzen zituen jakiteko asmoz ari da bere tesi proiektuan.

Indusketa paleontologikoak DGA (Dirección General de cultura y patrimonio del Gobierno de Aragón)-ren baimenarekin egin dira eta fosilak Zaragozako Unibertsitateko Natur Zientzien Museoan daude. Hemendik gutxira Sobrarbesiren cardieli sirenio berriaren fosil esanguratsuenak erakusketa iraunkorrean ikusi ahal izango dira unibertsitateko Paraninfo eraikinean. Egindako ikerketak eta egiteke daudenak hainbat erakundeen babesa eta diru-laguntzak ditu. Babesleak Zaragozako eta Euskal Herriko Unibertsitateak, Geoparque Mundial de la Unesco Sobrarbe-Pirineos, Aragoiko eta Euskal Herriko gobernuak, Mineco eta Fondo Europeo de Desarrollo Regional dira

Erreferentzia bibliografikoa