Doktorego tesien defentsa
Erabakia, 2020ko martxoaren 10ekoa, UPV/EHUko Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordearena, COVID-19 birusaren epidemiari eusteko errefortzu neurrien eragina jasan duten doktorego tesien defentsaren ingurukoa
Covid‑19 birusaren epidemiari eusteko zenbait errefortzu neurri onartu zituen Eusko Jaurlaritzak 2020ko martxoaren 2020an; esate baterako, momentuz bertan behera uztea ikasgelako irakaskuntza Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Arabako Campusean, martxoaren 10etik martxoaren 23ra bitartean.
Ezohiko neurri horren aurrean, unibertsitateak abian jarri behar ditu irakaskuntza emateko beste bide batzuk, ikasleei beren prestakuntzarekin jarraitzeko aukera bermatzeko. Aipatutako neurri horiek eragiten diote, besteak beste, doktorego tesien defentsari. Nahiz eta errefortzu neurriak momentuz Arabako Campuseko ikastegietan baino ez diren aplikatu behar, uste izatekoa da gainerako ikastegietan ere aplikatu beharra gertatzea.
Nolanahi ere, Doktorego Ikasketen Gestiorako Arautegiak 21. artikuluan arautzen du doktorego tesien defentsa. Artikulu horren arabera, doktorego tesia defendatzeko ekitaldia jendaurrekoa izango da eta ekitaldian bertan ebaluatuko du epaimahaiak. Artikuluak honako hau ere badio: Doktorego tesiaren defentsa UPV/EHUko egoitzetan egingo da; hala ere, salbuespena dira unibertsitateen arteko doktorego programen babesean tutorekidetzan egindako tesiak edo beste unibertsitate batzuekin elkarlanean egindakoak, baldin eta kasuan kasuko hitzarmenean bestelakorik zehaztuta badago. Behar bezala justifikatutako egoeretan, UPV/EHUko Graduondoko Batzordeak baimena eman ahalko du epaimahaiko kide batek bideokonferentzia bidez parte har dezan, ekitaldian bertan egon beharrik gabe. Kasu horretan, defentsa ekitaldia UPV/EHUko Graduondoko Batzordeak ezarriko duen prozedurara egokitu beharko da.
Ikusita egungo egoera eta epidemiari aurre egiteko hartu diren neurriak, lehenbailehen proposatu behar da irtenbideren bat, gure prozedura akademikoak egokitu eta jarduera akademikoekin jarraitzeko, ahal den heinean.
Kontuan hartu behar da, halaber, Doktorego Ikasketen Gestiorako Arautegiko azken xedapenetako lehenengoak dioena, hau da: Eskumena ematen zaio doktoregoko ikasketen gaietarako errektoreorde arduradunari arautegi hau ezartzean sor daitezkeen zalantzak interpretatu eta ebatz ditzan, bai eta arautegi hau gara¬tzen duten arau osagarriak eman ditzan ere.
Adierazitakoagatik guztiagatik, kontuan hartuta UPV/EHUk bizi duen egoera berezia, eta Doktorego Ikasketen Gestiorako Arautegiak berak Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordeari ematen dizkion eskumenen babesean, erabaki hau hartu dut, COVID‑19 birusaren epidemiari aurre egiteko ezohiko neurriak indarrean egongo diren aldirako:
ERABAKIA
Ezartzea ezohiko neurri moduan, eta COVID‑19 birusaren epidemiari aurre egiteko ezohiko neurriak indarrean egongo diren bitartean, aldi horretan egitekoak diren doktorego tesien defentsak bideokonferentziaz egiteko aukera, edo bestelako bide telematikoen bitartez, baldin eta ahalbidetzen badute doktoregaiaren eta epaimahaiko kideen arteko elkarrizketa.
Leioa, 2020ko martxoaren 10a
Araceli Garín Martín
UPV7EHUko GRADUKO ETA GRADUONDOKO IKASKETEN ARLOKO ERREKTOREORDEA