UPV/EHUko graduko eta masterreko tituluen irakaskuntza eta ebaluazioa egokitzeko jarraibideak, COVID-19aren pandemiak sortutako salbuespen egoerak iraun bitartean
UPV/EHUko graduko eta masterreko tituluen irakaskuntza eta ebaluazioa egokitzeko jarraibide hauek ezartzen dira:
1. Bigarren lauhilekorako onartutako egutegi akademikoak mantentzea.
Jarduera akademikoak eta ikasturtearen amaiera behar-beharrezkoa dena baino gehiago ez atzeratzeko eta horrek eraginpeko ikasleengan eragingo lukeen kaltea saihesteko, indarrean jarraitzen dute bai oinarrizko egutegi ofizialak, bai ikastegietako edo master tituluetako egutegi akademikoek. Oinarrizko egutegi ofizialean finkatutako epeak eta aldiak bete beharko dira, ahal izanez gero; ezarritako ebaluazio aldiak ere aplikatuko dira. Aldi ofizial hori ezarriko da, hain zuzen, azken ebaluazioa modalitate ez-presentzialean egiteko. Aldi hori luzatu behar duten ikastegiek luzapena hurrengo paragrafoan ezarritakoaren arabera onartu beharko dute.
Egutegi ofizialean aurreikusitako epeen salbuespentzat hartu ahal izango dira honako hauek: funtsean eduki esperimentala duten irakasgaiak eta kanpoko praktikak eta praktika klinikoak tituluaren azken urtekoak direnean, ezin direnean atzeratu, inola ere, hurrengo ikasturte batera, edo ezin direnean ordezkatu jarduera ez-presentzialen bidez. Irakasgai esperimentaletan edo klinikoetan edo, haien berezitasunagatik, azken ebaluazioa aurrez aurre egitea eskatzen dutenetan, edo irakaskuntza ez-presentzialerako bereziki egokitu (indarreko egutegi ofizialean aurreikusitako epean egitea ezinezkoa izanda) behar diren horietan, ohiko deialdiaren ebaluazio aldia ekainaren 25era arte luzatuko da. Kasu horretan, ezohiko deialdiaren ebaluazio aldia ere aldatu beharko da, ikasleek azterketak egiteko nahikoa denbora izango dutela bermatzeko. Ezohiko deialdiaren aktak, edonola ere, uztailaren 31 baino lehen itxiko dira.
Egutegi akademikoetan egin beharreko egokitzapenak irakasgaiaz arduratzen den sailak proposatu eta justifikatu beharko ditu, edo dekanoak edo zuzendariak, ikastegiaren mendeko irakasgai edo ikasgai bat denean. Nolanahi den, ikastegiko zuzendaritzak ikasketa plana ongi betetzeko beharrezkoak diren irakasgaien egokitzapenak bultzatuko ditu, planean bertan ezarritako irizpideekin bat etorrita. Eskaerekin batera, modalitate ez-presentzialean egin beharreko azken ebaluazio alternatibo bat proposatuko da, horrela egin beharko baita osasun baldintzek hala eskatzen badute. Eskaerak dagokion Ikastegiko Batzarrek edo Batzorde Iraunkorrek onartu beharko dituzte, ikastegiko Ikasleen Kontseiluko buruari entzun ondoren, eta gero, Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko Errektoreordetzari (Graduko Ikasketen Zerbitzuari edo Graduondoko Ikasketen Zerbitzuari) komunikatuko zaizkio, dagozkien batzordeek onar ditzaten. Ikastegiek lehendabizi ikasleen ordezkariei eta gero ikasle guztiei komunikatuko diete zer egokitzapen ezarri diren eta zer baldintzatan egingo den ebaluazio modalitate bakoitza.
2. Irakasgaien irakaskuntza gidak eta haien egokitzapena.
Unibertsitatearen araudi akademikoaren arabera onartutako eta UPV/EHUren webgunean onartutako irakaskuntza gidak gaur egungo aparteko egoerara egokitu beharko dira, ebaluazioa egiteari dagokionez; egokitzapen horiek irakasgaiak ematen dituzten irakasleekin ados jarrita egingo dira, irakasgaiaren koordinatzailearen bidez. Irakaskuntza gidak egokitzean, koherentzia zaindu beharko da oraingo irakaskuntza modalitatearen eta ondorengo ebaluazioaren artean. Giden egokitzapen horiek, edo irakaskuntza ez-presentzialeko plana, irakasgaiaz edo gaiaz arduratzen den ikastegiak edo sailak onartu beharko ditu eta, kasu guztietan, ikastegiak finkatutako irizpide komunak bete beharko dira; saileko irakasgaiei dagokienez, egokitzapenak tituluaz arduratzen den ikastegiari komunikatuko zaizkio, oniritzia eman dezan. Ikastegiak, behin Ikasleen Kontseiluari entzunda, egokitzeko beharra baloratuko du. Onartutako egokitzapen oro ikasleei komunikatuko zaie eGelaren bidez (eta, hala behar bada, ikastegiak dituen beste bitarteko elektroniko batzuen bidez), behar besteko aurrerapenez eta, edonola ere, apirilaren 30a baino lehen.
Egokitzapen horien guztien xedea ikasleek irakasgaia gainditu ahal izatea izango da, salbuespen egoera honen ondorioz sortutako irakaskuntza baldintzetan. Haien berezitasunak direla eta, aurrez aurreko ebaluazioa behar duten irakasgaien irakaskuntza gidek ebaluazio ez-presentziala egiteko proposamen bat ere jasoko dute, eta aukera hori abian jarriko da, baldin eta aurreikusitako data baino bi aste lehenago probak aurrez aurre egiteko osasun baldintzak ematen ez badira.
3. Kanpoko praktikak eta praktika klinikoak.
Ikasleen graduaziorako ezinbesteko edukia duten curriculumeko praktikak dituzten tituluen kasuan, praktikak egintzat hartuko dira, aurrez aurreko modalitatean aurreikusitako gaitasunetan nahikoa maila eskuratu dela irizten bazaio, eta, ahal den neurrian, gaitasunak mintegien edo beste jarduera ez-presentzial batzuen bidez osatu beharko dira. Horrek, funtsean, tituluen azkeneko mailan dauden ikasleei eragiten die. Gainerakoetan, datozen mailetan eskuratu daitezkeen gaitasunak baloratu beharko dira, irakaskuntza eta ebaluazioa planifikatzeko unean, eta horretarako ezinbestekoak izango dira titulu eta ikastegietako koordinazio organoak.
Baldin eta, aurrez aurreko eskoletan aurreikusitako gaitasunetan maila egokirik lortu ez bada eta prestakuntza hori hurrengo ikasturteetara atzeratu ezin bada, ikastegietako zuzendariek eta dekanoek beste prestakuntza aukera batzuk landu beharko dituzte. Salbuespen gisa, lanbide arautuetarako sarbidea ematen duten eta ministerioaren irizpideak bete behar dituzten tituluetan curriculumeko praktiken egutegia luzatu ahal izango da, eta horretarako aintzat hartuko da 1. atalean ezarritakoa.
4. Ikaskuntzaren ebaluazioa.
Irakasgaietako irakaskuntza gidetan ezarritako ebaluazio sistemak oraingo egoerara ez-presentzialera egokitu beharko dira, erabaki honen bigarren puntuan ezarritakoa betez.
Ikasleen eta irakasleen egoera ebaluazio ez-presentzialeko sistema batera ahal bezain ongi egokitzeko, ebaluazio jarraituaren sistema lehenestea gomendatzen dugu. Sistema horretan, hainbat ebaluazio proba eta/edo jarduera ezarri behar dira, ikasle bakoitzak prestakuntza aldian lortutako aurrerapena baloratzea ahalbidetuko dutenak eta prestakuntza aldi horretan egin eta ebaluazio deialdirako ezarritako aldian osatu ahal izango direnak.
Egokitzapen hori egiteko, kontuan hartu beharko dira EHU edonondik-ebaluazioa dokumentuan ezarritako jarraibideak. Egindako proposamen guztiak ikasle guztientzat teknologikoki egingarriak direla ziurtatu beharko da.
Irakaskuntza ematen duten irakasleek irakasgaiez arduratzen diren sailei proposatuko dizkiete egokitzapenak, eta horiek onartu beharko dituzte, eraginpeko ikasleen ordezkariei entzun ondoren. Egokitzapen horietan kontuan hartu beharko da gaur egun beren jatorrizko herrialdean diren atzerriko truke ikasleen egoera.
5. Gradu Amaierako Lanen (GRAL) eta Master Amaierako Lanen (MAL) defentsa.
GRALen defentsari dagokionez, gradu amaierako lanak egiteko eta defendatzeko arautegia kontuan hartuta eta gradu amaierako lanen defentsari buruzko 2020ko martxoaren 13ko Graduko Batzordearen erabakiari jarraiki, gradu amaierako lanen defentsa bideo konferentziaz edo ikasle bakoitzaren eta gradu amaierako lanaren epaimahaikideen arteko interakzioa ahalbidetzen duten beste online bitarteko batzuen bidez egiteko aukera ezartzen da, salbuespen gisa eta COVID-19aren epidemiari lotutako neurriak aplikagarriak diren bitartean.
MALen defentsari dagokionez, master amaierako lanak egiteko eta defendatzeko arautegiarekin bat etorrita eta gaur egungo salbuespen egoera kontuan hartuta, ikastegiak MALa bideo konferentziaz defendatzeko baimena eman ahal izango du.
Bestalde, 2019/2020 ikasturtean lanak defendatzeko datak ezartzeari begira, kontuan hartu beharko da irakasgai horietan matrikulatutako ikasleen GRAL edo MAL kalifikazioek espedienteak jasota egon beharko dutela 2020ko urriaren 31 baino lehen, hala ezarrita baitago gradu amaierako lana egiteko eta defendatzeko arautegian eta master amaierako lana egiteko eta defendatzeko arautegian.
Leioan, 2020ko apirilak 8
Graduko eta Graduondoko Ikasketen Arloko errektoreordea
Araceli Garín Martín