euskaraespañol

Desgaitasun fisikoa duten pertsonentzako Bizitza Independenterako Programa finkatu da

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Elkartuk, UPV/EHUren laguntzarekin, programa ebaluatu dute, “oso positiboa” izan dela baloratu dute eta zabaltzen jarraitzearen aldeko apustua egin dute

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2024/05/02

Irudia
Ezkerretik eskubira, Maite Peña, Mikel Malcorra eta Amaia Inza | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Elkartu-k, Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Gipuzkoako Federazio Koordinatzaileak, eta Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU), prentsaurrekoan aurkeztu dute Bizitza Independenterako Programaren ebaluazioa. elkartu elkarteak eta UPV/EHUko ikertzaileek elkarrekin egindako txostena da, eta bere helburu nagusia da Gipuzkoan desgaitasunen bat duten pertsonen aukera-berdintasuna eta bizitza independentea sustatzeko duela 20 urte sortutako programaren eragin soziala, psikologikoa eta ekonomikoa neurtzea. Aurkezpenean parte hartu dute Maite Peñak, Zainketa eta Gizarte Politiketako foru diputatuak; Mikel Malcorrak, elkartuko zuzendariak, eta Amaia Inzak, UPV/EHUko Lan Harreman eta Gizarte Laneko Fakultateko dekanoak. Aipatzekoa da UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa, eta Psikologia Fakultateetako profesionalek ere parte hartu dutela.

2004. urtean, Gipuzkoako Foru Aldundiak Bizitza Independenterako Programa sortu zuen. Desgaitasuna duten 60 pertsona baino gehiagori lagundu die programa horrek, gaur egun 27ri, modu independentean bizitzeko duten eskubidea bilatu eta bermatzeko, " komunitatearekiko loturak erraztuz, isolamendua saihestuz, bizitzako alderdi guztietan erabateko parte-hartzea ahalbidetuz, egoitza zerbitzuetan sartzea saihestuz eta emantzipazio prozesuak erraztuz". Maite Peñak "aitzindaritzat eta funtsezkotzat" jo du Bizimodu Independenterako Programa, eta nabarmendu du Gipuzkoako gizarte zerbitzu eta politiken sisteman "ainguratuta" dagoela eta etorkizunean ere zabaltzen jarraituko dela.

Bi hamarkadako ibilbidearen ondoren, egindako ebaluazioak "aukera ematen du jakiteko zer egiten den ondo, zer hobetu behar den, eta zer iritzi duten desgaitasuna duten pertsonek". Peñak azaldu duenez, ebaluazioan desgaitasun fisikoa duten 18 pertsonak parte hartu dute, programa osatzen duten pertsonen %66k, eta balorazio orokorra "oso positiboa" da. Egiaztatu da bizimodu independentearen ereduak desgaitasuna duten pertsonen gizarteratzea bermatzen duela, baita biztanleria osoaren pareko osasun emozionala ere, bizitzaren alderdi guztietan ahalduntzea eta aukeratzeko askatasuna bultzatuz.  Gainera, inbertsio publikoak itzulketa ekonomiko handia bermatzen du, desgaitasunaren arloko politiken eta neurrien eraginkortasunari laguntzen diona.

Hala dago jasota egindako txostenean, eta erakunde publikoen, ezagutzaren eremuaren eta hirugarren sektore sozialaren arteko lankidetza bultzatzen jarraitzearen garrantzia ere aipatzen da; halaber, desgaitasuna duten pertsonen parte-hartze zuzena eta aktiboa nabarmentzen da. Diagnostiko multidimentsional horren bidez, ezarritako helburuen betetze-maila eta etorkizunean aurre egin beharreko erronkak aztertu dira, eta ondorio nagusiak FODA matrize batean laburbildu dira, kontuan hartuta barne-faktoreak, desgaitasuna duten pertsonen gaitasunak eta zailtasunak, gizarte-sistemek eskaintzen dituzten bermeen esparrua eta programaren bilakaeran eragiten duten egiturazko arriskuak.

Ondorioak eta proposamenak

Indarguneen, gaitasunen eta aukeren artean, honako hauek nabarmentzen dira: programaren zeharkako ikuspegia, desgaitasuna duten pertsonen ahalduntzeari egiten dion ekarpena, desgaitasuna duten pertsonak egoitza baliabideetan instituzionalizatzea geldiaraztea, familia-unitate propioak eraikitzea erraztea eta hautatzeko askatasuna bermatzea. Era berean, programak desgaitasun maila handiko pertsonentzako baliabideak bermatzen ditu, kostuak arintzen ditu, eta pertsonalizazio-irizpideetan oinarritutako laguntzak eta zaintza profesionalizatuak sustatzen ditu, ez-formalen aldean.

Bizimodu Independenterako Programa, gainera, gizarteratzeko berme bat da, eta eguneroko eta komunitateko bizitzako oinarrizko premiak asetzen laguntzen du, bai eta osasun mental egokia eta herritar guztien antzekoa mantentzen ere. Era berean, egiaztatu da genero-arrakala arintzen duela, eta parte-hartzaileen gogobetetze-maila handia dela, bai eta konpromisoa eta bertan jarraitzea ere. Positibotzat jo dira, halaber, esperimentala izaten hasi zen programa finkatzea, Gipuzkoako Foru Aldundiko langileak hurbil egotea, eta desgaitasuna duten pertsonek programaren transmisioan eta zabalkundean parte hartzea.

Ahulezien eta zailtasunen artean, honako hauek daude: programan sartzeko unean uneko zailtasunak, laguntza-baliabide espezifikorik ez izatea, estaldura ekonomikoa laguntza pertsonalaren benetako kostua baino txikiagoa izatea, ebaluazio sistematikorik ez egitea eta diru-sarrera txikiak dituzten pertsonen, gazteen eta landa-eremuko pertsonen ordezkaritzarik ez egotea.

Mehatxu gisa, jaso da programa ez dela Gizarte Zerbitzuen Zorroan sartzen, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek eta desgaitasunen bat duten pertsonek ez dutela oso ondo ezagutzen programa, eta desinstituzionalizatzen hasteko baliabide gisa duen ahalmena ez dela aprobetxatzen. Arrisku gisa aipatzen da, halaber, merkatuan mugatuta dagoela laguntzaile pertsonalen eskaintza, besteak beste.

Alderdi horiek guztiak kontuan hartuta, txostenak etorkizunerako proposamen eta gomendio gisa jasotzen du Bizimodu Independenterako Programa Gizarte Zerbitzuen Zorroan sartu ahal izatea; diru-sarrera txikiagoak dituzten pertsonak, gazteak eta landa-eremuan bizi diren pertsonak programan sartzea sustatzea, eta programa desinstituzionalizazio prozesuetarako tresna gisa bultzatzea, bai eta desgaitasunen bat duten pertsonen artean programaren ezagutza sustatzea ere.