euskaraespañol

Gaurko irudia

Bakterio espezie berri bat aurkitu dute Añana Gatz Haranean

UPV/EHUko MikroIker taldeak gatzaga horretako mikroorganismo berria deskribatu du

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2022/03/03

Goian, ezkerretik eskuinera, Lorena Laorden Muñoz, Maia Azpiazu Muniozguren eta Ilargi Martínez Ballesteros. Behean, Irati Martinez Malax-Etxebarria
Goian, ezkerretik eskuinera, Lorena Laorden Muñoz, Maia Azpiazu Muniozguren eta Ilargi Martínez Ballesteros. Behean, Irati Martinez Malax-Etxebarria. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

UPV/EHUko ikertalde batek mikroorganismo espezie berri bat aurkitu du Añanako Gatz Haranean, Araban. SALINAS58 (‘Altererythrobacter muriae’) izendatu duten bakterio horren aurkikuntzak frogatzen du, batetik, inguruan badagoela biodibertsitaterik eta, bestetik, gatzagek badutela balio ekologikorik.

Añanako Gatz Haranaren ingurua biodibertsitate gune garrantzitsua da; bereziki, uretako espezieei dagokienez. MikroIker ikertaldeak, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatekoak, gauzatutako azterkete bitartez espezie berri bat aurkitu dute leku horretan, beste inon ez dagoena. “Añanako Gatz Haranean azken urteetan gauzatutako mikrobio populazioei buruzko azterketei esker, inguru horretako espezieen bilakaera eta horien arteko harremana ezagutzen ari gara. Baliteke hautemandako espezieetako batzuk aurretik inoiz deskribatuta ez egotea eta ekosistema horietan soilik aurkitzea. Horrek adierazten du leku horretako biodibertsitatea berezia dela eta balio ekologikoa, uste zena baino handiagoa”, azaldu du Ilargi Martinez-Ballesterosek.

Horren adibide da Santa Engraziako iturburuko uretan isolatutako baktorio espezie berri bat: ‘Altererythrobacter muriae’ (SALINAS58). Oraingoz, leku horretan soilik aurkitu dute. MikroIker taldeak gauzatutako ikerketaren ondorioak ‘International Journal of Systematic and Evolutionary Microbiology’ aldizkarian argitaratu dituzte ‘Altererythrobacter muriae sp. nov., isolated from hypersaline Añana Salt Valley spring water, a continental thalassohaline-type solar saltern’ izenburupean.

Añanako Gatz Harana gatz burbuila handi baten gainean dago, hain zuzen ere, duela 200 milioi urte itsaso bat lehortu zen lekuan. Euri ur gezak halita edo gatzarri (NaCl) geruza sakonenak zeharkatzen ditu, hura disolbatuz eta iturburu hipergazi moduan azaleratzen da, eta mikroorganismo halofiloen eta halotoleranteen dibertsitate handiko habitata sortzen du.

Inguru hipergaziak metabolikoki muturreko giro kontsideratzen dira, eta NaCI kantitate aldagarrietan (% 2-30) bizitzeko gai diren askotariko mikroorganismoek populatzen dituzte, halofilo izenekoek. Handia da halofiloen barietatea (bizitzaren hiru domeinu nagusietan daude: Archaea, Bacteria eta Eukarya), eta askotariko substratuak eraldatzen dituzte habitat hipergazietan. Gainera, muturreko baldintza horietan mikroorganismoek garatzen dituzten haloegokitzapen mekanismoen bitartez, mikrobioek bizirauteko baliagarriak diren konposatuak sortu dituzte –oso interesgarriak biomedikuntzaren, bioerremedioen edota elikagaien industriaren arloetarako–. “Mikroorganismoak funtsezkoak dira biosferarako elementu nagusien ziklo biogeokimikoak erregulatzen dituztelako, materia organikoa deskonposatzeko prozesuetan parte hartzen dutelako, elikagaien zikloa sustatzen dutelako eta konposatu kutsagarriak narritatzen dituztelako, ekosistemetarako beharrezko prozesuak guztiak”, adierazi du Ilargi Martinez-Ballesterosek.

Añanako Gatz Harana moduko muturreko inguruetako mikrobioen dibertsitateari buruzko ezagutza sortzea oso garrantzitsua denez, eremu horretako komunitate prokarioten (bakterioak eta arkeoak) osaera aztertu behar da, adibidez, haraneko iturburuetan, non gatza lortzeko prozesua gertatzen baita, eta beste puntu batzuetako afluente gazikaretan. “Hala, bertako mikrobio populazioei, banaketa patroiei eta balizko erabilera bioteknologikoei buruzko informazioa sortuko dugu, gizakien osasunaren eta ingurumenaren mesedetan baliatzeko. Ohiko analisi metodo mikrobiologikoek eta kimiotaxonomikoek edota konparazio genomikak ahalbidetu dute halofilo eta halotolerante mota eta kantitate nabarmenak identifikatzea”, ondorioztatu du Ilargi Martinez-Ballesterosek.

Erreferentzia bibliografikoa