UPV/EHUko Applied Photonics Group ikerketa-taldeak zuntz optiko berezi batean oinarritutako termometro optiko bat garatu du industria-sektorerako, tenperatura maila termiko zabal batean eta sentikortasun handiz neurtzeko gai dena. Gainera, zuntz hori elementu geldoa da eta ez du ingurunearekin elkarreraginean jarduten.
Sentikortasun handiko eta industria-sektorerako egokia den termometro bat garatu dute
Kontrako edozein ingurunetan jarduteko gai den termometro optiko geldo baten ikerketan aritu da UPV/EHU
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2021/11/04
Tenperatura oso baldintza garrantzitsua izan da beti hainbat industria-sektoretan. Zenbait industria-aplikaziok sentikortasun handia behar dute; izan ere, prozesu kritikoekin lotuta daude, eta prozesu horietan tenperatura neurtzea ezinbestekoa da istripuak, akatsak edo matxurak saihesteko. Gainera, normalean, neurketa horiek egiten diren inguruneak ez dira onak izaten, eta, horren ondorioz, gailuek estres handia izaten dute, eta horrek murriztu egiten du haien bizitza erabilgarria. Adibidez, industria aeronautikoan, turbinen barruko tenperatura altuak kontrolatu egin behar dira; industria petrokimikoan, tenperatura-maila jakin batzuetan mantendu behar diren substantzia sukoiak eta lehergarriak daude; elikagaien industrian, berriz, zero azpiko tenperaturan gorde behar dira produktu batzuk.
Horren ondorioz, maila termiko handietan jarduteko gai diren termometro oso sentikor eta sendoen eskaria dago. “Gaur egun, termometro elektronikoak dira industrian tenperatura detektatzeko gailurik hedatuenak. Termopareak, besteak beste, teknologia fidagarria eta merkea dira. Hala ere, baliteke gas sukoiak eta abar dituzten inguruneetan erabiltzeko hautagai onenak ez izatea. Azken hamarkadetan, zuntz optikoetan oinarritutako zenbait sentsore agertu dira muga hori gainditzeko alternatiba gisa; izan ere, elementu pasiboak dira eta tenperaturarekiko berezko sentikortasuna dute”, dio Josu Amorebieta UPV/EHUko Applied Photonics Group ikerketa-taldeko ikertzaileak.
Horregatik, “lan honetan, zuntz optiko oso berezi batean oinarritutako termometro bat garatu dugu, lan-baldintza oso zorrotzak jasateko gai dena. Floridako Unibertsitate Zentralarekin (UCF) dugun lankidetza-hitzarmen bati esker lortzen dugu nukleo anitzeko zuntz optikoa. Analogia bat eginez: zuntz komun bat, adibidez, etxera iristen zaigun zuntza da; joan-etorriko errei bakarra duen errepidea. Zuntz anitzeko zuntza edo zuntz multinukleoa autobide baten baliokidea da. Autobide horretan, argia hainbat erreitatik joan daiteke. Beraz, datuak transferitzeko ahalmena eta errei horietatik transmiti daitekeen argi-kantitatea biderkatu egiten dira”, azaldu du UPV/EHUko ikertzaileak.
“Sentsorea edo termometroa garatzeko, azterketa teoriko bat egin dugu, zuntz horietan tenperaturak zer nolako eragina duen zehatz-mehatz aztertuz eta tenperaturarekiko sentikorrena den geometria aurresateko. Diseinatutako termometroak maila termiko zabal batean funtzionatzen du -25 gradu zentigradutik 900 gradu zentigradura, eta modu sendoan bilduta dago kontrako inguruneak jasateko”, gehitu du Josu Amorebietak.
UPV/EHUko Applied Photonics Group taldeko ikertzaileen esanean, “emaitzen arabera, fabrikatutako termometro optikoa edozein termometro elektroniko bezain zehatza da, geldoa, trinkoa eta ekoizteko erraza, gainera”. Beraz, “uste dugu gailu hau oso erakargarria dela tenperatura-detekzio oso sentikorra behar duten industria-aplikazioetarako, oso ingurune zailetan. Prototipo hori aurrerapauso bat da merkatuan bideragarriak diren termometro optikoetarantz. Gure helburua ingurune errealetan ezartzea izango litzateke, hau da, gure laborategiko lana egungo errealitatera eramatea”, erantsi dute.
Erreferentzia bibliografikoa
- Sensitivity-optimized strongly coupled multicore fiber-based thermometer
- Optics and Laser Technology
- DOI: 10.1016/j.optlastec.2021.107532