euskaraespañol

Eguneko irudia

Almidoizko eta grafenozko hidrogelak sortu dituzte garuneko inplanteen elektrodoetarako

UPV/EHUko ikerketa batean, propietate elektriko eta antibakteriano egokiak dituzten hidrogelak garatu dituzte interfase neuronaletarako

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/11/23

Kizkitza Gonzalez. Argazkia: UPV/EHU

Aplikazio biomedikoetan erabil daitezkeen elektrodoentzat hidrogelak garatu dituzte UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Materialak + Teknologia ikerketa-taldean, Estrasburgoko Unibertsitatearekin elkarlanean. Almidoia erabili dute lehengai gisa, eta hidrogelek berez duten hiru dimentsioko sare-egitura lortu dute. Grafenoa eta salbia-estraktuak gehituta, beharrezko propietate elektrikoak eman dizkiote hidrogelari, baita propietate antibakterianoak ere.

Ingurune urtsuetan, beren egonkortasun dimentsionala galdu gabe, likido ugari beregana dezaketen sare polimeriko fisiko-kimikoak dira hidrogelak. Aplikazio askotarako erabiltzen dira, eta, bestelako osagaiak gehituta, propietate bereziak hartzen dituzte, hala nola elektrizitate-eroaleak izatea. Bide horri jarraitu diote UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza Saileko Materialak + Teknologia ikerketa-taldean. Orain arte halako aplikazioetarako erabili izan ez den biopolimero bat aukeratu dute beren hidrogela sortzeko: almidoia. “Gure ikerketa-gaietako bat da almidoia, eta hidrogelak sortzeko propietate biologiko eta fisiko-kimiko egokiak ditu; horregatik pentsatu genuen erabiltzea”, dio Kizkitza Gonzalez Munduate ikerketa-taldeko kideak.

Interfase neuronalak izan dituzte buruan hidrogela sortzeko, hau da, nerbio-sistemarekin interakzioan aritzen diren inplanteen konexio elektrikoa egiteko osagaiak. “Interfase neuronaletako elektrodo tradizionalek, platino edo urrezkoek, adibidez, zurrunak izanik, estaldura polimeriko eroaleak beharrezkoak dituzte ehun neuronalen malgutasunera hurbiltzeko. Gaur egun, ordea, gailu txikiagoak behar dira, bai eta propietate mekaniko, elektriko eta biologiko hobeak izatea ere”, azaldu du ikertzaileak.

Egindako hidrogelak “oso ondo erantzuten die eskakizun horiei”, argitu du Gonzalezek. Hidrogelari eroankortasun elektrikoa emateko, grafenoa erabili dute ikerketan, “interes handiko materiala. Propietate elektriko oso egokiak ematen dizkio hidrogelari, baina desabantaila bat ere badu: ez da uretan erraz egonkortzen. Orduan, oztopo hori gainditzeko, eta grafenoari uretan egonkortasuna emateko, salbia-estraktuak erabili genituen. Estraktuek, gainera, medikuntzan erabiltzeko are aproposagoa bihurtzen dute hidrogela, propietate antimikrobianoak eta antiinflamatorioak ere bai baitituzte”, gaineratu du.

Ikerketaren beste ezaugarri bereizgarrietako bat izan da klik kimika deritzon estrategia bitartez sortu dutela hidrogela. “Azkeneko urteetan ikertzaileen atentzioa bereganatzen ari da, sintesirako beste bide askotan ez bezala, klik kimikan orokorrean ez delako katalizatzailerik erabiltzen erreakzioetan, ez delako azpiprodukturik sortzen, eta etekin handiko erreakzioak direlako”, zehaztu du Gonzalez ikertzaileak. 

Erabilera oso zehatzerako diseinatu badute ere, bioingeniaritzako lan hori pazienteengana iritsi eta haiekin erabiltzen hastea epe luzeko prozesua dela aitortu du: “Hasierako mailako ikerketa izan da, ingeniaritzari dagokion zatia egin dugu, materialari dagokiona. Hemendik aurrera, poliki-poliki joan beharko lirateke mailak gainditzen eta saiakuntzak diseinatzen”.

Informazio osagarria

Kizkitza Gonzalez Munduate ingeniari kimiko industriala UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza Saileko Materialak + Teknologia ikerketa-taldeko kidea da. Bertan, Nagore Gabilondo eta Arantxa Eceiza doktoreen gidaritzapean egiten ari da doktoretza-tesia. Tesia egiten ari zela Estrasburgoko Unibertsitatean egindako egonaldi batetik sortu zen bi unibertsitateen arteko lankidetzarako aukera, hango BioTeam ikerketa-taldearekin, Luc Avérous doktorearen zuzendaritzapean.

Erreferentzia bibliografikoa