euskaraespañol

Gaurko irudia

Daniel Reta ikertzaileak ERC Starting Grant beka jaso du, 1,5 milioi eurokoa

UPV/EHUk beka entzutetsu horietako beste bat lortu du Stefan Vuckovic ikertzailearekin

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/09/21

Daniel Reta ikertzailea | Argazkia: Ikerbasque

Daniel Retak, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultateko Ikerbasque ikertzaileak eta Donostia International Physics Center zentrora atxikiak, Europar Batasuneko laguntza entzutetsu eta lehiakorrenetako bat eskuratu du: ERC Starting Grants. Beka horiek zientzialari gazte bikainenen etorkizun oparoko lana nabarmentzen dute, askatasuna izan dezaten beren ikerketa lerro berritzailea garatzeko, eta horrela, ezagutzaren mugak zabaltzen jarraitzeko. Daniel Retaren proiektuak 1,5 milioi euro jasoko ditu. Egitasmoaren helburua da propietate magnetikoak molekula organikoetan sartzeko modu berriak ezartzea eta horiek medikamentuen diseinuan, propietate optiko molekularren arloan zein spintronikan izan ditzaketen aplikazioak aztertzea.

 “Laguntza horri esker, bitarteko tekniko eta material guztiak izango ditut nire ikerketa gauzatzeko, mugarik gabe. Gainera, Starting Grant bekarekin lortutako ospeak posizio pribilegiatuan jartzen nau talentua erakartzeko eta diziplina askotako talde bat osatu ahal izateko, horrelako taldea sortzea beharrezkoa baita nire proiektua gauzatzeko; bestela, ezingo nukeen lortu”, azpimarratu du Daniel Retak.

Horizon Europe programako ERC Starting Grant beken deialdia Europako deialdi prestigiotsuenetako bat da. Ikerketa ibilbidearen hasieran dauden edozein nazionalitatetako ikertzaileak finantzatzen ditu, gainbegiratutako lan bikaina egin dutenak, independenteki lan egiteko prestakuntza dutenak eta ikerketan lider bihurtzeko potentziala dutenak.

Starting Grant bekek 1,5 milioi euro arte ematen dituzte bost urterako. Gainera, beste milioi bat euro eska daiteke EBko hirugarren herrialde batera edo herrialde atxiki batera lekualdatzen diren ikertzaileen gastuak ordaintzeko eta/edo ekipamendu garrantzitsua erosteko.

ERC Starting Grants bekek hiru ebaluazio talde dituzte: Life Science (LS), Physical Science and Engineering (PE) eta Social Sciences and Humanities (SH). Daniel Reta Fisika eta Ingeniaritza taldera aurkeztu da; arlo horretan 173 laguntza eman dira, aurkeztutako 1.151 proposamenen artean (% 15eko arrakasta tasa). Halaber, talde horretara aurkeztu da, UPV/EHUrekin, Stefan Vuckovic ikertzailea. 1,5 milioi euroko laguntza jaso du MLstrong proiektua gauzatzeko Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak dagoeneko 19 laguntza jaso ditu programa hasi zenetik, hots, 2007tik 2022ra.

Daniel Retaren proiektua

Egungo teknologiak hobetu eta aurreratuko dituzten materialen bilaketan, propietate magnetikoak dituzten molekulek alternatiba bereziki interesgarriak eskaintzen dituzte, funtzio anitzeko plataforma paregabeak baitira. Daniel Retak hau azaldu du: “Gaur egun, molekula magnetikoak eskuratzeko modu ohikoenak metalekin (hala nola burdina) edo lur arraroko elementuekin koordinatutako kimika baliatzen du eta konponbide berritzaileak eskaintzen jarraitzen du askotariko arloetan, hala nola erresonantzia magnetikoa edo konputazio kuantikoa. Nolanahi ere, gutxiago aztertuta dagoen baina propietate funtsean berriak eta beste metodo batzuekin eskuraezinak eskaintzen dituen aukera bat da molekula organikoak baliatzea, hau da, metalik gabeak eta karbonoa, nitrogenoa edo antzeko elementuren batean oinarrituta daudenak; molekula organiko horiek propietate magnetikoak dituztenean, erradikal deitzen zaie, ezohiko propietateen adierazpen argia. Arazoa da gaur egun erradikalak sortzeko erabiltzen diren metodoek murriztapen irmoak ezartzen dituztela molekula mota erabilgarriei dagokienez, eta horien eragina arlo oso zehatzetara mugatzen dela.

Bere proiektuak, RadicalProtON, diradikalak molekula organikoen familia handi batean sortzeko modu berritzaile eta erraza proposatzen du, eta iradokitzen du erradikalen bidezko propietate atxikiek beren ekintza biologikoan orain arte oharkabean izan den zeregina dutela. “Hipotesi hori baliozkotzeko eta duen potentzia eraldatzailea ustiatzeko, proiektua bi lerro nagusiren inguruan egituratzen da: lehenengoak ezarriko du zeintzuk diren diradikalaren eraketa ahalbidetzen duten osagai molekularrak, eta, horri esker, prozesua funtsean ulertuko da; bigarrenak, berriz, aztertuko du erradikalen bidezko izaera horrek nola eragiten dion molekulen erreaktibotasun kimikoari beren zeregina gauzatzen duten ingurune biologikoan, ekintza mekanismo berriak ezartze aldera eta horien eratorrien propietateak hobetze aldera. Proiektu handinahi hori gauzatzeko, RadicalProtON egitasmoak sintesi organikoa, kimika konputazionala eta espektroskopia magnetikoa, optikoa eta masena batzen ditu dinamikoa eta diziplina askotakoa den talde baten bitartez”, esan du amaitzeko.

Daniel Reta (Iruñea, 1989) Ikerbasque ikertzailea da Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultatean, eta Donostia International Physics Center (DIPC) zentrora atxikia. Kimikan lizentziatu zen Nafarroako Unibertsitatean (2011), kimika teorikoko eta konputazionaleko doktoregoa egin zuen Bartzelonako Unibertsitatean (2016), eta bost urteko doktorego osteko etapa bat egin zuen Manchesterreko Unibertsitateko Kimika Sailean. 2021ean hasi zen UPV/EHUn lanean, eta bertan, ikerketa lerro berri bat garatzen du magnetismo molekularrean. Bere ikerketak kimika kuantikoko metodoak eta teknika espektroskopikoak uztartzen ditu propietate magnetikoak dituzten molekulak deskribatzeko eta diseinatzeko. Molekula horiek interesgarriak izan daitezke, hala nola iman molekularrak eta erradikal organikoak.