euskaraespañol

Eguneko irudia

CUMADE txostenaren aurkezpena: Covid-19aren genero-eragina adinekoen eta mendekoen zaintzaileengan

  • Ekitaldia

Noiz eta non

2022/04/01, 09:30

Kokapena

Arriaga entzunaretoa - Bizkaia Aretoa
Avenida Abandoibarra 3. -48009- Bilbao (Bizkaia)

Deskribapena

Emakume zaintzaileak funtsezkoak izan dira pandemiaren eragina murrizteko, baina ez dira aintzatetsi ez sozialki, ez politikoki ezta ekonomikoki ere, beste sektore batzuk bezala

 

Apirilaren 1ean, ostirala, 9.30ean, Bilboko Bizkaia Aretoan (Arriaga Aretoan), “Zaintzak garrantzia du” jardunaldia egingo da. Bertan, adinekoen eta mendekotasuna duten pertsonen zaintzan eragina izan duten gizarte-dinamikak jorratuko dira, zaintzaileek osasun-krisiari aurre egiteko orduan izan dituzten zailtasunak ikusarazteko.

Jardunaldian CUMADE txostenaren emaitzak aurkeztuko dira. “Zaintzak garrantzia du. Covid-19aren genero-eragina adinekoen eta menpekoen zaintzaileengan”. Ikerketak agerian uzten du zainketa-sistemaren hauskortasuna. Pandemiak eragin handia izan du zaintzaileengan (gehienak emakumeak), eta kasu askotan ondorio fisiko eta psikologikoak ere utzi ditu. Txostenaren arabera, alarma-egoera hasi eta urtebetera, Espainiako Estatuan 30.134 pertsona hil ziren adinekoen eta menpekotasuna duten pertsonen egoitzetan, bai konfirmatutako covid birusagatik, bai sintoma bateragarriengatik; kopuru hori covid pandemia dela-eta hildako pertsona guztien % 40 da.

Txosten honek motibazioa politiko eta sozial eraldatzailea du, eta haren ondorioek gizarte-zaintzaren demokratizazioaren alde egiten dute.

Zaintza sektorea

Azterlanaren arabera, hainbat izan dira pandemiaren testuinguruan adinekoen eta mendekotasuna duten pertsonen ongizatea bermatzeko ezinbestekoak izan diren zaintza eremuak: familia-sistema, Mendekotasunari buruzko Legeak  aurreikusitako etxez etxeko arreta-zerbitzuak, egoitza-zerbitzuak, etxeko eta zaintzako langileak eta ekimen komunitarioak. Pandemiak ondorio garrantzitsuak izan ditu adinekoen osasunean, baina baita zaintzaileengan ere; izan ere, zaintzaileek aurre egin behar izan diote pertsona bat galtzeko beldurrari, bai eta kutsatzeko eta isolatuta egoteko beldurrari ere. Pandemiaren eragina murrizteko orduan emakume zaintzaileek funtsezko zeregina izan badute ere, ez dute beste sektore batzuek jaso duten aitorpen sozial, politiko eta ekonomikorik izan.

Zaintza-eredu berriak

Ikerketaren azken ondorioen artean, zaintza behar duten pertsonen eta zaintzaileen duintasuna bermatuko duen sistema berri bat eraikitzeko beharra aipatzen da, eta, horretarako, egungo sistemaren eraginkortasunik eza gainditu behar da, zeina gizarte- eta genero-bidegabekerietan oinarritzen den.

Ondorioen arabera, zaintzak indibidualizatua izan behar du, pertsona bakoitzak nolako zaintza jaso nahi duen erabakitzeko eskubidea baitu. Halaber, komunitatean zahartzeko aukera bultzatu behar da, eta etxean edo egoitza batean zahartzea bide bakarra dela saihestu. Zaintzak duintzeko bidean, honako hauek dute lehentasuna: zaintza-sektoreko lan-baldintzak duintzea, langileen soldatak eta lan-baldintzak hobetzea, eta zaintzaileei gizarte- eta giza harremanetara bideratutako prestakuntza eta laguntza psikologikoa eta ingurunera egokitutakoa ematea.

Era berean, eredu publikoa birformulatu behar da, herritarren ongizatea bermatzeko; horretarako, eguneroko bizitzan laguntza emango duten egiturak garatu behar dira, ingurune publiko seguruak eta zerbitzu publiko lagunkoiak bermatuko dituztenak, bai eta mugikortasun-eredu irisgarriak eta iraunkorrak ere.

Jardunaldiaren egitaraua

  • 9:45ean.  Inaugurazio hitzaldia: Dolors Comas d´Argemirek, Universitat Rovira i Virgili Unibertsitateko Katedradunak, CUMADE proiektuko ikertzaile nagusiak.
  • Ondoren, covid-19ak EAEko egoitzetan izan duen eraginari buruzko solasaldia egingo da. Solasaldi horretan parte hartuko dute Itziar Ferrón egoitza pribatu bateko langile ohiak, Elixabete Abad Matia Fundazioko Lamourous egoitzako zuzendariak, Enrique de la Peña Babestu-Bizkaiko Erresidentzietako Familiarren eta Erabiltzaileen Elkarteko kideak, eta Jone Bengoetxea ELA sindikatuko kideak.
  • Mahai-ingurua: Jardunaldia amaitzeko, garapen bidean dauden zaintza-ereduei buruz. Partaideak: SINA kooperatibako eta EMF-Sociosanitarias elkarteko Maria Juncayk eta Irauli Zaintza plataformako Xanti Ugartek.

Jardunaldiaren egitaraua eta ikerketaren txostena lortzeko:

https://ecosfron.org/1-de-abril-2022ko-apirilak-1ean-jornada-el-cuidado-importa-jarudnaldia-zaintzak-garrantzia-du/

Informazio gehigarria