UPV/EHUko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko Onddo eta Bakterioen Biomika ikertaldeak crowdfunding edo finantzaketa kolektiborako ekimen bat abiarazi du Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioaren webgunean (precipita.es), mikroorganismoek minbiziarekin eta metastasiarekin zer lotura duten zehazteko.
Crowdfunding bat abiarazi dute mikroorganismoek metastasiaren garapenarekin zer lotura duten ikertzeko
Ekimen horrek 25.000 euro behar ditu ikerketa osatzeko
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2019/07/09
Ikerketa-proiektua Andoni Ramírez irakasleak zuzentzen du, eta mikrobio-infekzioen eta minbiziaren genesiaren arteko erlazioa frogatu nahi du. Ildo horretan, Ramírezek azaldu du paziente minbizidun gehienek batez ere kimioterapiaren ondorioz duten immunoeskasia iragankorrarekin erlazionatu izan dela gaixo horietan dagoen mikroorganismo infekziosoen presentzia. Hala ere, azken hamarkadetan gero eta ikerlan gehiagok agertu dute alderantziz ere gerta daitekeela, hau da, infekzio mikrobianoek minbizia garatzeko arriskua handitzea.
Ramírezen arabera, minbiziaren eta birus eta bakterioen arteko erlazioa bikain deskribatu dira hainbat ikerlanetan, baina beste mikroorganismo batzuk, onddoak kasu, oraindik ez dira aztertu, eta duela zenbait urtetik arlo hori jorratzen ari dira.
Ikerlan honen bitartez, gainera, mikroorganismoek tumore-zeluletan duten zuzeneko eragina aztertuko dute minbizi gaiztoa sorrarazteko mekanismo molekularrak susta ditzaketen argitzeko.
Pertsona edo enpresa guztiek egin dezakete ekarpen bat, txikia bada ere. Horretarako precipita.es webgunean sartu eta '¿Pueden los microorganismos aumentar el riesgo de cáncer?' proiektua hautatu behar da. Gainera, ekarpen horren portzentaje bat errenta-aitorpenean ken daiteke. Proiektuaren crowdfunding-kanpaina irailean amaituko da.