Cristina Penas Lago
Iritsi dira melanomaren aurkako txertoak: nola funtzionatzen dute?
Ikerketa Biomedikoko doktorea
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2024/03/12
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.
Duela gutxi, Moderna eta Merck enpresek jakinarazi dute melanomaren aurkako txertoa prest izan dezaketela 2025erako. Izan ere, saiakuntza klinikoak abiarazi dituzte jada gaixotasun horren aurkako terapia berritzaile bat garatzeko.
Urtero, 325.000 melanoma kasu berri inguru diagnostikatzen dira munduan. Zifra horrek agerian jartzen du estrategia berritzaile eta eraginkorrak behar ditugula larruazaleko minbizi mota agresibo eta hilgarrienetako bati aurre egiteko.
Hilketa baten anatomia
Kolorea ematen digun pigmentua sortzen duten larruazaleko zelulek eraldaketa anormala izan eta kontrolik gabe hazten hasten direnean, melanoma izeneko tumore gaiztoa sortzen dute; eta tumore hori hedatu eta gorputzeko beste atal batzuetara zabal daiteke.
Eguzki argiaren erradiazio ultramorearekiko (UV) esposizioa da arrisku faktore nagusienetako bat, joera genetikoarekin eta eguzkiaren erredura larri eta errepikakorrekin batera. Balioesten da larruazaleko melanomen % 80 inguru itxuraz osasuntsuak diren larruazaletan sortzen direla. Horrek esan nahi du soilik % 20 dela aurretiazko larruazaleko lesio baten ondoriozkoa (adibidez, orin bat).
Berrogei urteak bete arte ohikoa da orin berriak agertzea. Hala ere, ezinbestekoa da aldaketak kontrolatzea. Jarraipen hori lesio gaiztoen hautemate goiztiarrerako ABCDE sisteman (asimetria, bazterrak, kolorea, diametroa eta eboluzioa) oinarritzen da.
Immunitate sistema tumore zelulen konplize bihurtzen denean
Immunitate sistemak berebiziko garrantzia du tumore zelulak (melanomarenak barne) antzeman eta desagerrarazteko. Eskuadroi militarrak bailiran, zelula immunitarioek gure larruazala patruilatzen dute etengabe gure osasuna arriskuan jar dezaketen zelula anormalak bilatzeko.
Prozesu hori immunozaintza deitzen da, eta antigenoak antzematean oinarritzen da. Antigenoak azalera zelularreko molekulak dira eta immunitate sistema ohartarazten dute entitate arrotzen presentziari buruz. Banderatxoen modukoak dira: zelula kaltegarriak identifikatu eta zelula immunitarioak mobilizatzen dituzte, zelula kaltegarriak suntsitzeko.
Hala ere, kasu batzuetan, tumore zelulek detekzio immunitarioa saihestea lortzen dute, edo horren erantzuna ekiditeko taktikak baliatzen dituzte, tumorearen hazkuntzari bidea irekiz.
Immunoterapiaren arriskuak
Gaur egun, tumore zelulek immunitate sistema ekiditeko duten gaitasun hori interes eta garrantzi handiko helburu terapeutikoa da. Zelulek immunitate sistema “logaletzeko” egiten dutena ezagutuz gero, estrategiak gara ditzakegu hura “esnatzeko”, bere defentsa funtzioa bete dezan.
Hala ere, tratamendu horiek ez dira beti eraginkorrak eta, batzuetan, zelula immunitarioen hiperreaktibotasuna eragin dezakete. Horrek esan nahi du zelulak aktibatzen direnean, tumoreari erasotzeaz gain, gorputzeko zelula guztiei ere erasotzen dietela.
Dilema horren aurrean, zelula immuneen jarduera tumore zeluletara soilik bideratzeko aukera planteatu zen. Baina hor immunoterapiaren beste adar bat sartzen da jokoan: minbiziaren aurkako txerto berrien diseinua. Gakoa da immunitate sistemari tumorea antzematen eta hari soilik erasotzen lagunduko dioten tresnak garatzea.
Txertoak erreskatean
Egun, melanomaren aurkako txerto mota batzuk ikertzen ari dira, guztiak zelulek azalerako antigenoak antzemateko duten gaitasunean oinarrituta.
Alde batetik, peptidoetan oinarritutako txertoak daude. Hau da, melanomaren zelulak eraman ohi dituzten antigenoak hautatu, laborategian ekoitzi eta injektatu egiten dira, antidoto gisa. Kasu horretan, estrategia honetan datza: immunitate sistemari bilatu behar dituen banderatxoak zein diren erakustea.
Beste alde batetik, immunitate sistemaren zelula jakin batzuk (zelula dendritikoak) erabiltzeko aukera aztertzen ari da. Zelula horiek banderatxoak antzemateko gai dira: zelula osasuntsuei edo zelula gaixoei dagozkien identifikatu eta zelulei zer suntsitu behar duten adierazten diete. Saiakuntza kliniko batean hilkortasun arriskua % 70 murriztea lortu zen paziente bakoitzaren zelula dendritikoak immunitate sistemaren konposatu estimulatzaile batekin konbinatuz. Saiakuntzak mugak zituen arren, hala nola parte hartzaileen kopuru txikia, emaitzak pozgarriak izan ziren.
Eta, azkenik, RNAn oinarritutako txertoak daude; Moderna eta Merckek garatutakoa mota horretakoa da, eta COVID-19aren aurka diseinatutakoaren antzera funtzionatzen du.
Modernaren koronabirusaren aurkako txertoak patogenoaren S proteinaren RNAren sekuentzia bat zeraman, eta txerto berriak –haren izen teknikoa ARNm-4157 (V940) da– informazio genetikoa darama, pazientearen tumorearen banderatxo espezifikoak sortzeko. RNA gorputzaren zeluletan sartzen denean, zelulak banderatxo horien kantitate handi bat sortzen hasten dira, eta horrek immunitate sistemari laguntzen dio tumore zelulak antzematen.
Tratamendu hori metastasidun melanoma duten pazienteengan frogatzen ari da, berriz gaixotzeko arrisku altua dutelako. Txertoa immunitate sistemaren aktibazioa estimulatzen duen farmako batekin konbinatu da, eta aurretiazko datuen arabera, berriz gaixotzeko edo hiltzeko arriskua % 49 murriztu zuen farmakoarekin bakarrik eginiko tratamenduarekin alderatuta. Terapia konbinatuak, halaber, urrutiko gaixotasunik gabeko biziraupena hobetu du, beste organo batzuetan metastasia garatzeko arriskua % 62 murriztuta.
Zalantzarik gabe, emaitzak esperantzagarriak dira, eta melanomaren tratamendua hobetzera bideratuta daude. Kyle Holen Modernako Garapen, Terapeutika eta Onkologiako presidenteorde senior eta buruaren arabera, talde osoa datu horiek gizartearekin partekatu ahal izateko irrikaz dago, gaixotasun hori duten pertsonei eta euren familiei itxaropena eman ahal izateko.