Zientziaren, gizartearen eta enpresaren artean zubiak eraikitzeari eta ingurune berritzaileak sortzeari buruz Espainian egindako bi urteko ikerketa batean, UPV/EHUko Ondare Eraikiari buruzko Ikertaldea aipatzen da adibide nabarmenen artean.
Zubiak eraikitzea zientziaren, gizartearen eta enpresaren artean
UPV/EHUko Ondare Eraikiari buruzko Ikertaldea dugu helburu horretarako lanaren ereduetako bat
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2021/02/19
Espainiako unibertsitateetako ikertaldeek eta enpresek eta gizarteak elkarri nola eragiten dioten aztertu du Alternativas fundazioak bi urtez, eta, orain, azterketaren emaitzak argitaratu ditu. Fundazioaren helburua zen jakitea ezagutza nola trukatzen eta transmititzen den triangelu horretan, dauden arazoak planteatzea eta hobetzeko gomendioak ematea. ‘Intercambio y transferencia de conocimiento en entornos científicos’ (Ezagutzaren trukea eta transferentzia zientzia inguruneetan) izenburua du dokumentuak, eta Errioxako Nazioarteko Unibertsitatearen (UNIR) laguntza izan du.
Txostenak sei atal ditu, ezagutzaren transferentzia errazten duten mekanismo garrantzitsuenen azterketa orokorretik hasi, eta Espainiako zenbait unibertsitatetako hamar ikertalderen azterketa zehatzeraino.
Hona hemen Isabel Álvarez, Elena Castro-Martínez eta Santiago M. López ikerketaren koordinatzaileek duela gutxi artikulu batean idatzitakoa: “Ikerketari esker, gure ikerketa zientifikoaren eta garapen teknologikoaren sistemaren lehiaren abantailetako batzuk erakutsi ahal izan ditugu. Oraingoan, horietako bat nabarmenduko dugu. Espezializazio zientifiko bat da, guztiz logikoa kultur ondasunaren garrantziari begiratuta munduko herrialdeen artean hirugarren tokia egiten duen herrialdean. Aztertutako hiru taldek arlo horretan egiten dituzte beren ikerketak: Konplutentseko Kultura Ondarearen Kudeaketa Taldea, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Ondare Eraikiari buruzko Ikertaldea eta Valentziako Unibertsitate Politeknikoko Ondarearen Zaharberritze Institutua”.
“Gure enpresek eta administrazio publikoek batez beste % 1 eskas erabiltzen dute arlo honetako I+Gan. % 1 eskas horretan, arestian aipatutako taldeak eta Espainiako beste hainbat dira protagonista. Horien lanari esker, herritarrek beren ondarea estimatu dezakete, eta beren inguruneaz gozatu. Adibidez, duela urte batzuk Gasteiz ez zegoen atzerritarren kulturako turismo helmugen artean, eta, orain, Espainiako hiru lehenen artean dago”, diote artikuluaren egileek.
Azterketan ondorioztatu dute oraindik bide luzea geratzen dela eragileen artean interakzio dinamiko bat lortzeko, baina, hala eta guztiz ere, zientziaren, industriaren eta gizartearen artean “kudeaketa eta elkarlanerako eredu eta aukera berriak” sortzen ari direla, eta horrek hurrengo hamar urteetan Espainiako ekonomia “oinarri teknologikokoa eta berritzailekoa” izatera igarotzeko bidea ematen duela.