Zenbait komunikabidetan gaur argitaratu den informazioaren arabera, UPV/EHUk onartuta dauka 2017/2018 ikasturtetik aurrera graduko ikasketetan ikasleak onartzeko prozesua. Hori ikusita, unibertsitateko errektorego taldeak argitu nahi du oraindik ez direla zehaztu arlo horretako edukiak, ezta prozesua formalki onartu ere, estatuko gobernuak eman behar duen goi mailako arautze baten zain daudelako.
UPV/EHUren jakinarazpena, 2017/2018 ikasturtetik aurrera ikasleak Graduko Ikasketetan onartzeko prozesuari buruzkoa
Lehenengo argitaratze data: 2015/06/16
UPV/EHUk, akats baten ondorioz, ikusgai jarri du bere web orri irekian oraindik onartu gabe dagoen lan dokumentu bat, eta dokumentu horrek, onartu gabe dagoen heinean, aldaketak izan ditzake.
Unibertsitateen 9U taldearen baitan irekita dago hausnarketa prozesu bat, 2017/2018 ikasturtean unibertsitatera sartzeko arauetan jaso beharreko oinarrizko ildoen ingurukoa.Gure unibertsitateko eskola eta fakultateetako zuzendaritza taldeak ere ari dira parte hartzen hausnarketa lan horretan, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko bigarren hezkuntzako ikastetxeak ere. Hain zuzen ere, hiru bilera egin genituen joan den maiatzean ikastetxe horietako orientatzaileekin hiru lurraldeetako hiriburuetan.
Prozesu horretatik lan dokumentu bat sortu da, oraindik ez dena behin betikoa hiru arrazoi hauengatik: a) ez da formalki onartu; b) edukiak behin-behinekoak dira; eta c) estatuko gobernuak oraindik eman ez dituen dekretuek baldintzatzen dituzte dokumentu horren atal asko. Hortaz, arautegia onartuta ez egoteaz gain, ezinezkoa da esatea ziurtasun osoz zein izango den 2017/2018 ikasturtean UPV/EHUko graduko ikasketetan sartzeko prozesua.
Leioa, 2015eko ekainaren 16a