euskaraespañol

Igor Ahedo Gurrutxaga

Nola erraztu berdintasuna unibertsitateko lanetan

Zientzia Politikoko irakaslea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2023/04/05

Irudia

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Genero-ikuspegia goi-mailako hezkuntzaren errealitatean aplikatzeak aukera ematen du agerian uzteko sistema osoa zeharkatzen duten desberdintasunak eta joerak daudela. Desberdintasun horiek ikasleen eguneroko elkarreraginak ere baldintzatzen dituzte. Talde-lanari dagokionez bereziki, ebidentziek erakusten dute irakasleek alderdi arrazional produktiboak eta publikoak ebaluatzeko joera dutela.

Beste une batean aztertu dugun bezala, horrek eragina du emakumezko ikasleengan, izan ere, ikusten ez diren eta, ondorioz, baloratzen ez diren, jokabide pribatuak, erreproduktiboak eta emozioen kudeaketakoak beren gain hartzen dituztenak dira.

Ahulgune bat eta indargune bat

Azaldutakoa ahulgune bat da, baina, aldi berean, indargune bat ere izan daiteke ikaskuntza aktiboa gero eta gehiago ezartzen ari den testuinguru batean.

Ahulgune bat bada, aipatutako auziak aintzat hartzen ez badira, metodologia horiek emakumezko ikasleengan eragin negatiboa izan dezaketelako da, bai eta desberdintasunak modu inkontzientean eta ikusezinean erreproduzitu ditzaketelako ere.

Hori bai, ikaskuntza aktiboko metodologien eztanda aukera bat ere izan daiteke: azken batean, metodologia kooperatiboen gakoa ikasleak taldekideen ikaskuntzaren aurrerapenaren erantzukide bilakatzea bada, berdintasunean egin dadin orientatu daitezke.

Interdependentzia eta hausnarketa

Metodologia kooperatiboak, adibidez proiektuetan, kasuetan edo arazoetan oinarritutako ikaskuntza, funtsezko bi alderditan oinarritzen dira: elkarrekiko interdependentzia eta ikaskuntzaren aurrerapenari buruzko talde-hausnarketa.

Lehen printzipioaren arabera, ikaskuntza ez da batuketa negatiboko joko indibidual bat, hau da, ez da pertsona batek taldeko gainerakoak garaitzen dituen joko bat. Aitzitik, elkarrekiko mendekotasunak batuketa positiboko joko bat dakar berekin, eta, joko horretan, taldea osatzen duten pertsona guztiek aurrerapen pertsonalaren ardura ez ezik, gainerako kideen aurrerapenarena ere hartu behar dute beren gain. Erantzukizun kolektibo horri aurre egiteko erabili ohi den tresnetako bat, talde-kontratua da.

Talde-kontratua

Talde-kontratua taldearen nortasuna erakusten duen argazki batekin hasi ohi den agiria da (gu bat), eta, bukatu, berriz, taldekide guztien sinadurarekin bukatu ohi da. Taldeko kide bakoitzaren indarguneen eta ahulezien, konpromiso indibidualen, konpromiso kolektiboen, zereginak banatzeko moduaren eta arazoak kudeatzeko moduaren diagnostikoa jaso ohi du.

Hori horrela, kontratua bera aitzakia aparta izan daiteke ikasleekin rolak eta erantzukizunen banaketa lantzeko, betiere genero-ikuspegia aintzat hartuta. Behin kontratua idatzi ondoren, berriz hausnartu genezake ikasleekin zer adierazten duten argazkiek, hartutako konpromisoek, konpromiso horiek nork hartu dituen bere gain, genero-arauek zer pisu duten norbanakoen indarguneak eta ahuleziak identifikatzeko orduan.

Azken batean, talde-kontratua egitea aitzakia aparta izan daiteke konpromiso esplizituak identifikatzeko, hau da, genero-arauak eta talde-lanean egon daitezkeen desberdintasunak gainditzen edo horiei aurre egiten saiatzeko konpromisoak adosteko.

Desberdintasunei buruzko informazioa ematea

Talde-kontratua egiteko, egokia izan daiteke ikasleei genero-desberdintasunek nola eragiten duten jakinaraztea.

Une honetan, UPV/EHUko Zientzia Politikoko graduan, ikaskuntzan dauden genero-joerak aztertzen ari gara, lau galdetegitan oinarrituta. Galdetegi horien helburua da desberdintasunak identifikatzea ikasleek egindako gaitasun kooperatiboen balorazioan, ikasketa estiloetan, iruzurgilearen sindromearen eraginean eta talde-lanei lotutako zereginen banaketan.

Behin graduaren argazki hori lortu ondoren, emaitzak ikasgeletako lantaldeen eskura jarriko dira. Horrela, lan kooperatiboaren bigarren printzipioari helduko diogu, talde-hausnarketari alegia. Horretarako, ikasleek beren lantaldean galdetegiek utzitako emaitzak ikasturte osoan eta gradu osoan utzitakoekin alderatzea bultzatuko dugu.

Bidaia-koadernoa

Azkenik, talde-kontratuaz eta diagnostikoko galdetegiez gain, metodologia kooperatiboetan erabiltzen den beste tresna bat jorratuko dugu: bidaia-koadernoa. Azken kasu honetan ere, genero-ikuspegiarekin inplementatu daitekeen tresna bat da.

Normalean, ikasleek ikaskuntzaren elementu ‘produktiboak’ identifika ditzaten erabiltzen den tresna da (zeregin jakinekin lotutako kontzeptu garrantzitsuenak, lanaren egitura, jorratu beharreko gaiak).

Hala ere, dimentsio horri beste bat gehitu dakioke, taldeak astean behin edo hamabostean behin elementu erreproduktiboei buruz hausnartzeko, adibidez zereginen banaketa.

Prozesuaren ‘egunerokoa’

Bidaia-koadernoak hainbat puntu identifika ditzake ikaskuntza-prozesuan zehar: nork egin behar duen zer, aldez aurretik hartutako konpromisoen betetzean izandako bilakaera, taldearen egoera emozionala, sortzen ari diren gatazkak...

Horretarako, elementu klasikoak jasotzeaz gain, aukera dago bidaia-koadernoa ikasleak bestelako arloak identifikatzera behartzeko diseinatzeko, hala nola alderdi emozionalak (taldekideen egoera, proiektuarekiko ilusio edo desilusio maila, konpromisoak betetzea eragotzi duten arazo pertsonalak edo familiarrak), alderdi erreproduktiboak (koordinazio lanak eta elkarri laguntzeko lanak ikusgai jartzea ahalbidetuz) eta alderdi ikusezinak (lana nork zuzenduko duen, aurkezpena nork prestatuko duen eta abar mugatuz).

Horrela, irakasleek tresna bat izango lukete eskura, curriculumean zehaztutako aurrerapenak ez ezik, prozesu osoa ere monitorizatzeko, batez ere taldeari aurrera egitea ahalbidetzen dion prozesua (eta, ondorioz, baita prozesu horren genero-adierazpena ere). Horri esker, ikaskuntza-prozesua berdintasunetik aztertu eta bideratu ahal izango lukete irakasleek.

 

Artikulu hau Aradia Cooperativa Feminista kooperatibako Patricia Martínez eta Delicia Aguado kideekin egindako lanean oinarritzen da. Zehazki, 'Cómo hacer un aula feminista' gidaliburua idatzi dugu elkarrekin, Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak argitaratu duena 'La aventura de aprender' proiektuaren markoan.

The Conversation