euskaraespañol

Gaurko irudia

UPV/EHUko taldeek arretaz jarraitzen dituzte Marteko laborategi mugikorreko lehen seinaleak

NASAren Mars2020ko Perseverance roverra marteratu zen atzo planeta gorrian aurreikusita zegoen moduan, eta irudiak bidaltzen hasi da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/02/19

Mars2020 misioan parte hartzen duten bi ikerketa taldeetako kideek Perseveranceren marteratzea ospatzen dute, agintariekin batera
Mars2020 misioan parte hartzen duten bi ikerketa taldeetako kideek Perseveranceren marteratzea ospatzen dute, agintariekin batera

NASAren Mars 2020 misioko Perseverance roverra 22: 00ak aldera iritsi zen Martera, zehazki, Jezero kraterrera. Krater horren gainazala ikertzea da misioaren helburua. Euskal Herriko Unibertsitateko bi talde, Zientzia Planetarioen Taldea eta IBeA Taldea, misioan parte hartzen ari dira eta Perseverance laborategi mugikorreko bi tresna garatzen lagundu dute. Orain Marteko laborategi mugikorretik heltzen diren lehen seinaleak arretaz jarraitzen ari dira.

Zientzia Planetarioen Taldeko eta IBeAko taldeek, Agustin Sanchez Lavega eta Juan Manuel Madariaga zuzendarien gidapenan, zuzenean jarraitu zuten ekitaldia, Bizkaia Aretoan, Eva Ferreira errektorea buru zela. Ekitaldian izan ziren, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako ordezkari hauek: Jokin Bildarratz, Hezkuntza sailburua eta Cristina Uriarte, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako komisionatua; Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea; Fernando Cossío, Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa; Inmaculada Arostegui, Guillermo Quindós eta Juanjo Unzilla errektoreordeak; Fernando Plazaola, Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanoa; eta sektore espazialari lotutako eta UPV/EHUrekin lankidetzan diharduten euskal enpresen ordezkariak, hala nola Sener, Tecnalia, Satlantis, Idom eta Tekniker.

Perseverance roverraren marteratzea, sei hilabete eta erdiko bidaiaren ondoren, aurreikusitako tokian eta orduan, ospatu zuten ekitaldira bertaratutakoek eta, bereziki, taldeek. Horren inguruan galdetuta, zuzendariek hausnarketa hau helarazi dute: "Zirraragarria izan da marteratze bat bizitzea. Egonezina, itxaropena eta alaitasuna izan dira Perseverance Marteren gainazalerako jaitsieraren garaiak. Berrogeita bat urte daramatzat planetak ikertzen, eta ekitaldi hau paregabea izan da. Marteko paisaia berri bat ikusteak, aintzira bat egon zen ohe lehorra, eta han agian duela 3.800 milioi urte bizia piztu zezakeela pentsatzeak dardara egiten du. Eta orain zantzu horiek bilatzen lagunduko dugu. Beste mundu batean bizitza aurkitzea gizateriaren aurkikuntzarik handiena litzateke, inplikazio zabal bezain ezezagunekin ", azaldu du Agustin Sanchez-Lavegak.

"UPV/EHUk antolatutako ekitaldia amaitzean, hamar urte baino gehiagoko borroka gogor baten oroitzapenak etorri zitzaizkidan gogora, misioetan lan egiteko apustua egin ondoren. Eta azkenean lortu dugu, benetako proiektua orain hasten delako. Behar bezala marteratu izan ez balitz, orain arte landutakoak balioko zukeen. Jakina. Baina orain, arrakastatsua izan denez, benetako proiektua hasi da. Lehen datuak eta irudiak jaso ditugu, eta eremua ikusgarria da. Eta, batez ere, misioa prestatzen lan egiteko zortea izan dugunontzat da ezaguterraza. Eta ahalegin horrek guztiak merezi izan du. Eta baditugu lehen etekinak. Lagun batek atzo gauean esan zidan bezala: "UPV/EHU munduan jartzen lagundu duzue, Marteko in situ esplorazioan lanean urteak daramatzaten erakundeen artean", adierazi du Juan Manuel Madariagak.

Datorren asteko astelehenean, bi taldeek NASAk antolatutako zientzia-bilerak egingo dituzte Mars2020 misioko kide guztiekin. Eta hortik aurrera, lan handiko urte luzeak etorriko dira.