Renewable and Sustainable Energy Review aldizkariak UPV/EHUko Ingeniaritza Kimikoa sailaren lan bat argitaratu berri du. Bertan, pneumatikoen pirolisi katalitikoarekin zerikusia duten lanak deskribatzen dira, prozesu horretan lortzen diren produktuak zein diren eta erregai gisa izan ditzaketen aplikazioak aztertzeko.
Erregaia lor daiteke erabiltzen ez diren pneumatikoetatik abiatuta
Pirolisi katalitikoaren bidez erabilitako pneumatikoei irtenbide bat aurkitzen dihardute UP/EHUko ikerketa batean
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2020/08/17
Pneumatiko erabiliak arrisku larria dira ingurumenerako, horiek biltegiratzeak ingurunean eragin ditzakeen kalteengatik. Urtetik urtera, gero eta gehiago pilatzen dira herrialde garatuetan, eta, beraz, pneumatikoak berriro balioa hartzea interes handia pizten ari den gaia da, gero eta araudi murriztaileago baten laguntzarekin kudeaketari dagokionez.
“Pirolisia aukera interesgarria da pneumatikoen materiari balioa emateko, erregai alternatiboak eta balio erantsi handiko produktu petrokimikoak lortzeko. Testuinguru horretan, pirolisia gurpilaren kautxua beroaren bidez degradatzea da oxigenorik gabeko ingurune batean. Prozesu horretan lortzen diren produktuak eta horien errendimendua pirolisia gauzatzeko baldintzen mende daude”, adierazi du Miriam Arabiourrutia Gallasteguik, UPV/EHUko PROCAT-VARES (Prozesu katalitikoak - Hondakinen balorizazioa) taldeko irakasleak.
'Renewable and Sustainable Energy Review' aldizkarian berriki argitaratu den lan batean, pirolisi katalitikoaren bidez pneumatiko erabiliak balorizatzeak dituen abantaila nagusiak aztertzen ditu ikerketa-taldeak. “Pirolisi bidez pneumatiko-hondakinak balorizatzeko interes nagusia lortutako produktuen potentzialean oinarritzen da: gasa, likidoa eta solido bat, char deritzona. Horien guztien errendimendua eta osaera pirolisiaren baldintzen araberakoak dira”, dio Arabiourrutiak.
“Pirolisi katalitikoan lortutako produktu nagusia likidoa da. Likido hori da, funtsean, interes handiena duena, erregai gisa erabil daitekeelako, adibidez, findegi batean sartuz gero. Likido horrek konposizio konplexua du, hainbat motatako konposatuak (aromatikoak, parafinak, olefinak eta naftenoak) eta sufre-konposatuak barne. Konposatu horiek erregai gisa zuzenean erabiltzea mugatzen dute. Horregatik, pirolisi katalitikoaren interesa frakzio horren propietateak edo errendimendua hobetzearekin lotuta egon ohi da. Hala, pirolisi katalitikoan interes handia jarri da konposatu aromatikoak (bentzenoa, toluenoa…) bezalako produktu kimikoak ekoiztean, aplikazio komertzialak dituztelako”, azaldu du UPV/EHUko ikertzaileak.
“Pirolisi-gasak energia lortzeko erregai gisa ere erabil daitezke. Azkenik, char delakoa degradatu gabe geratzen den solidoa da, eta funtsean pneumatikoak duen ikatz beltzez osatuta dago; ikatz beltza da pneumatikoari urraduraren aurkako propietateak ematen dizkion konposatua. Ikatz aktibo gisa erabiltzeko char delakoa aktiba daitekeen aztertzen ari dira —beharbada ikatz beltz gisa berrerabil liteke pneumatikoaren fabrikazioan—”, erantsi du Arabiourrutiak.
“Guk erabili dugun prozesuan, spouted bed konikoa delako erreaktorea erabili dugu, pirolisi katalitikoak oso baldintza espezifikoak ditu: erreaktorean sortzen diren gasen bizirautea laburra da, eta horrek erreakzio batzuk eragiten ditu, adibidez, frakzio likidoaren errendimendu handia lortzeko. Gainera, ikusi dugu prozesu horri esker findegietan erregaia lortzeko erabil daitekeen produktu likidoa lortzen dela batez ere”, azpimarratu du Miriam Arabiourrutia Gallasteguik.
Ikertzailearen arabera, “lan horiei guztiei esker, pirolisi-prozesua aldatuz eta hobetuz goaz, konposizio egokiagoa duten produktuen banaketa lortzen saiatzeko, eta hala, erregai edo lehengai gisa erabili daitezkeen konposatu interesgarriak lortzeko”.
Informazio osagarria
PROCAT-VARES taldeak energia eta ingurumena oinarri moduan duten ikerketa proiektuen proposamenean, aurrerapenean eta berrikuntzan lan egiten du. Taldearen helburu nagusia da Erreakzio Kimikoaren Ingeniaritzako ikerketa-lerroak garatzea, nazioartean punta-puntakoak, gaurkotasun handienekoak eta garapen jasangarrira bideratuak. Jarduera horren bidez, ikertzaileak eta teknologoak trebatuko dira. Gainera, nazioarteko komunitate zientifiko eta teknologikoari ezagutza zientifikoa transmitituko zaio argitalpenen bidez, eta industria-sektorearekin lankidetzan arituko da, interes akademikoa, teknologikoa, soziala eta industriala uztartzen dituzten gaietan.
Erreferentzia bibliografikoa
- Waste tyre valorization by catalytic pyrolysis – A review
- Renewable and Sustainable Energy Reviews (2020)
- DOI: 10.1016/j.rser.2020.109932