Kolangiokartzinomako lipido-erabileraren alterazio batzuk deskribatu dituzte, ahalmen terapeutikoa izan dezaketenak
CIBEREHDn jarduten duten Euskal Herriko Unibertsitateko eta Biodonostia Osasun Ikerketako Institutuko ikertzaile batzuek koordinatutako nazioarteko lankidetza-ikerketa baten emaitzak dira horiek, eta Hepatology aldizkariak eman du haien berri.
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2022/03/08
Gibeleko Gaixotasunen Sareko Ikerketa Biomedikoaren Zentroan (CIBEREHD) jarduten duten Euskal Herriko Unibertsitateko eta Biodonostia Osasun Ikerketako Institutuko ikertzaile batzuek, Kopenhageneko, Erromako eta Regensburgeko unibertsitateetako nazioarteko ikertzaileekin lankidetzan, koordinatu duten ikerketa batean, aldaketak identifikatu dituzte kolangiokartzinomaren (CCA) tumore-zelulen hazkundea sustatzen duten lipidoen zelula-metabolismoan. Ikerketak Espainiako Minbiziaren Aurkako Elkartearen finantziazioa jaso du, eta Mikel Ruiz de Gauna da artikuluaren lehenbiziko sinatzailea, Espainiako Minbiziaren Aurkako Elkarteak Bizkaian emandako doktoretza aurreko laguntza baten onuraduna.
Hepatology aldizkari entzutetsuan argitaratu berri den ikerlan honek frogatu du CCAren zelula ugalkorrenen energia-iturri nagusia zelulaz kanpoko lipidoak direla, zeinak lipoproteinetatik baitatoz edo gantz-azido libre gisa baitaude zirkulazioan.
Lipidoen metabolismoaren birprogramazioa CCAn
CCAren barnean, behazun-hodietako zelulei eragiten dien tumore-multzo heterogeneo bat sartzen da. Gibel-minbizi primarioetan bigarren mota ohikoena da, eta tumore ezohikotzat jotzen den arren, azken urteetan handitzen ari da haren intzidentzia mundu mailan. CCA duten pazienteen pronostikoa, oro har, txarra da, berandu diagnostikatzen baita eta ez baitago tratamendu eraginkorrik, besteak beste. Minbizien ezaugarrietako bat da zelulak kontrolik gabe hazi ohi direla, eta tumoreak sortzen dituztela azkenean. Horretarako, tumore-zelulek energia eta biomolekula asko behar dituzte, eta, horrenbestez, beren metabolismoa egokitu behar dute, alegia, elikagaiak bereganatzeko eta haietatik energia lortzeko mekanismoak. Fenomeno hori ez da asko ikertu CCAren kasuan, eta, beraz, minbizia tratatzeko itu posible bat izan daiteke orain. “Ikusi dugu hazteko ahalmen handiena daukaten kolangiokartzinoma-zelulek gantz-azidoen oxidazioa erabiltzen dutela bereziki energia lortzeko, energetikoki eraginkorragoa baita beste nutriente batzuen kontsumoa baino”, adierazi dute Patricia Aspichuetak eta Jesus Bañalesek, ikerlanaren koordinatzaileak.
Gantz-azidoen oxidazioa CCA tratatzeko itu posible gisa
Ikerlan honetan identifikatu ahal izan dute zelulatik kanpoko ohi baino lipido gehiago bereganatzen eta metatzen dituztela (dietatik, esate baterako) CCAren zelula ugalkorrenek. Hazteko ahalmen handia duten CCA zelulek biltegi horietako gantz-azido gehiago oxidatzen dituzte gutxiago hazten diren CCA zelulek baino. Aldiz, gutxien ugaltzen diren zelulek beste nutriente batzuetatik lortzen dute energia nagusiki. Ikerketa honetan ikusi dutenez, zelula-ereduetan eta CCA duten sagu-ereduetan eragindako gantz-azidoen oxidazioaren inhibizio farmakologikoak hazteko ahalmen handiena duten zelulei eragiten die batez ere. Gainera, aurkitu dute ACADM proteinaren adierazpena eta mailak handiagoak direla CCAren zeluletan —oso proteina garrantzitsua da gantz-azidoen oxidazio-prozesuan—, eta horrek adierazten du tratamendurako itu bat izan daitekeela.
“Gure emaitzek erakusten dute energia lortzeko mekanismo nagusiak desberdinak izan daitezkeela CCA azpimotaren arabera; hala, urrats bat ematen da gaixotasun horretarako medikuntza pertsonalizatua eta tratamendu hobeak lortzeko bidean”, esanez amaitu dute ikertzaileek.
Erreferentzia bibliografikoa
- Cholangiocarcinoma progression depends on the uptake and metabolization of extracelular lipids
- Hepatology 2022 Jan 14
- DOI: 10.1002/hep.32344