euskaraespañol

Eguneko irudia

Loturak haragi gorria jatearen eta kolon distaleko minbiziaren artean emakumeengan

Kolon-minbizi jakin bat izateko arrisku txikiagoa dute emakumeek haragi gorririk gabeko dietekin, UPV/EHUko kide batek zuzendutako lanaren arabera

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/04/11

Diego Rada
Diego Rada Fernández de Jáuregui. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Ohiko dieta-ereduen eta kolon eta ondesteko minbizia izateko arriskuaren arteko lotura ikertu du nazioarteko ikertzaile-talde batek, UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoa Saileko Diego Rada Fernandez de Jauregui kide izan duenak, zeina Nutrizio Epidemiologia Taldeko (NEG) kide ere baden Leeds-eko Unibertsitatean (Erresuma Batua). International Journal of Cancer aldizkariak berriki eman ditu ikerketa horren emaitzak.

Ikerketa batek alderatu egin du zer eragin duten lau dietak —zehazki, ohiko elikagai gisa haragi gorria, hegaztiak edo arraina dutenak eta dieta begetarianoak— koloneko atal jakinetan minbizia garatzeko arriskuan, eta, ikusi dutenez, maiz haragi gorria jaten duten pertsonek kolon distaleko minbizi-tasa handiagoa dute haragi gorririk jaten ez dutenek baino; kolonaren beheranzko zatian, gorotzak biltzen diren aldean, agertzen den minbizi-mota da kolon distaleko minbizia.

“Dieta eta kolon eta ondesteko minbizia ikertzen dihardutenen erronka handienetako bat da  argitzea zer eragin duten haragi gorri desberdinek, bai eta dieta-ereduek ere, minbiziak izango duen kokapenean. Lotura horren bila dabilen ikerketa bakarretakoa da gurea, eta nahiz eta azterketa gehiago eta ikerketa zabalagoak beharrezkoak izan, informazio baliagarria eskain liezaieke familian kolon eta ondesteko minbiziko aurrekariak dituztenei edo prebentzioan eta osasun plublikoan lanean ari direnei”, adierazi du Diego Rada Fernandez de Jaureguik, UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoa Saileko eta Leedseko Unibertsitateko (EB) Nutrizio Epidemiologia Taldeko (NEG) kide eta lanaren egile nagusiak.

Iragarpenen arabera, 2030. urterako 2,2 milioi kolon eta ondesteko, edo hesteetako, minbizi-kasu baino gehiago diagnostikatuko dira munduan. Emakumeei gehien diagnostikatzen zaien minbizietatik hirugarrena da Erresuma Batuan. Aurretik egindako zenbait ikerketak iradoki izan dute haragi gorri eta prozesatu asko jateak handitu egiten duela kolon eta ondesteko minbizia izateko arriskua, eta, estimazioen arabera, Erresuma Batuko hesteetako bost minbizitatik bat halako haragia jateari lotuta dago. Hala ere, informazio gutxi dago dieta-eredu jakinei eta minbiziak hestean izango duen kokapenari buruz.

Erresuma Batuko Emakumeen Kohorte Azterketaren (UKWCS) datuak erabili zituzten ikerketan. Ingalaterrako, Galesko eta Eskoziako 32.147 emakume biltzen ditu kohorte horrek; Minbiziaren Mundu Ikerketaren funtsak bildu eta inkestatu zituen 1995 eta 1998 urteen artean, eta 17 urteko jarraipena egin zien, batez beste.

Haien guztien dieta-ohiturak jasotzeaz gain, kolon eta ondesteko 462 kasu dokumentatu zituzten denera; 335 koloneko minbiziak izan ziren, eta, haietatik, 119, kolon distaleko minbiziak. International Journal of Cancer aldizkariak berriki argitaratu dituen azterketaren analisian, lau dieta-ereduen eta kolon eta ondesteko minbiziaren arteko lotura aztertu zuten, eta, ondorengo miaketa-analisi batean, berriz, dietaren eta minbizia agertu zen koloneko azpiatalen artekoa.

Hau adierazi du Janet Cade-k, ikerketa-taldeko kide, NEGko buru eta Leedseko Elikagaien Zientzia eta Elikadura Eskolako Elikadura Epidemiologia eta Osasun Publikoko irakasleak: “Haragia jateak kolonaren eta ondestearen atal batzuetan eta besteetan desberdin eragin dezakeela argitzen laguntzeaz gain, gure ikerketak agerian jarri du zer garrantzitsua den pertsona-talde handien dietari buruzko informazio fidagarria izatea. Erresuma Batuko Emakumeen Kohorte Azterketa eskura izanda, gai izan gara osasun publikoko joerak azaleratzeko eta aztertzeko dietak nola lagun dezakeen minbiziari aurre hartzen. Dietari buruzko txosten zehatzek beharrezko informazioa eskaintzen diete ikertzaileei bi horien arteko loturak egin ditzaten”.

Erreferentzia bibliografikoa