Areto Nagusia eraberritu da
Azken bi urteetan 770.000 euroko hobekuntza-prozesuak egin dira
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2023/10/18
"Areto Nagusiak, hotsandiko ekitaldi akademikoei eskainitako areto berezia den aldetik, unibertsitateak berak adina tradizioa du. Eta gureak, 1980an izaera agiria eskuratu zuenak, bere Euskal Herriko Unibertsitatea izenarekin batera, gune berezi horri eusten dio ordutik. Orain, harrotasunez irekiko dugu, birgaitze-lan zorrotz baten ondoren. 2007an eraberritu eta modernizatu egin zen, eta orain segurtasun-, energia-kontsumo eta eszenografia-baldintza hobeak ezarri ditugu; horrela, ekitaldi akademiko nabarmenetarako gune berezi bat berreskuratu dugu ", nabarmendu du Eva Ferreirak Bizkaiko Campuseko Areto Nagusi eraberrituaren aurkezpenean.
Bi kontzertuk eta umorezko bakarrizketa batek osatu dute aurkezpena. 12:35 aldera, Ane Zugaza eta Imanol Canteroren emandako kontzertuaren eskutik, ekitaldiari hasiera eman zaio. Telmo Iruretak, 2023ko Aktore Berri Onenaren Goya saridunak, "Toquecito minus" izeneko bakarrizketa egin du bi kontzertuen tartean. Bukatzeko, 13:45 aldera, Bengo aritu da. Oiartzungo kantaria pop euskaldunaren promesetako bat da eta pop eta urban musika ukitua jarri dio ekitaldiari.
Birmoldaketa
Guztira, hiru hobekuntza-prozesu egin dira Areto Nagusian azkenengo bi urteetan. Horietako bat eraikinaren birgaitze energetikorako jarduketa izan da, inguratzailea berrituz (estalkia eta fatxadak, isolamendu termikoa ere hobetu dutenak) eta argiztapen-instalazioen eraginkortasun energetikoa hobetuz (LED luminariak aldatzea).
Berokuntza-sistema eta airea berritzeko sistema ere hobetu egin dira. 2022an hasi eta 2023an amaitu zen esku-hartzearen aurretik, eraikinak erradiadore bidezko berokuntza-sistema bat zuen, baina ez zuen airea berritzeko sistemarik. Horregatik, aireztatzeko eta airea berritzeko aurreko sistema bat instalatu da. Azkenik, ikus-entzunezko ekipamenduaren eta ekipamendu eszenografikoaren zati bat berritu egin da, egungo beharretara eta teknologietara egokitzeko. Guztira, UPV/EHUk 770.144,33 €-ko inbertsioa egin du.
Ez da lehen aldia 807 plazako edukiera duen Areto Nagusian eraberritze bat egiten dela. 2007an 2 milioi euroko inbertsioa egin zen, hobekuntza eszenografikoak, segurtasunekoak eta irisgarritasunekoak sartu zituena. Era berean, zortzi mural handi eraikinaren hormetan jarri ziren. Margolan guztiak UPV/EHUko irakasleek margotuak: Xabier Idoate, Jesús Mari Lazkano, Xabier Morrás eta Fito Ramírez Escudero.
Lazkanoren koadroak dira eraikinaren sarreraren bi aldeetan daudenak. Bi margolan, Leioa inguruko paisaia berdearen panoramika bat irudikatzen dutenak eta aipamen akademikoak inguratzen dituztenak, hala nola DNAren helize bikoitza edo Gabriel Aresti idazlearen aipuak. Bestalde, gainerako margolarien koadroek aretoaren albo biak hartzen dituzte eszenatokiraino. Morrasen hitzetan margolanek “UPV/EHUren espiritua gogora ekarri nahi zuten unibertsitateko topikoetan erori gabe”.