euskaraespañol

Aldundiak UPV/EHUn jarri du bizikletak konpontzeko gune bat, 2021erako aurreikusi dituen 63etako lehena

Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko diputatuak eta UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordeak Leioa-Erandio eremuko BiziPuntua inauguratu dute gaur goizean Bizkaiko BiziPuntu sareak 69 unitate izango ditu urte amaierarako, Bizkaiko eskualde guztietan banatuta

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/09/17

Miguel Angel Gomez Viarre, Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko diputatua, eta Gorka Moreno, Bizkaiko Campuseko errektoreordea
Miguel Angel Gomez Viarre, Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko diputatua, eta Gorka Moreno, Bizkaiko Campuseko errektoreordea. Argazkia: Fernando Casabella

Miguel Angel Gomez Viarrek, Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko diputatuak, eta Gorka Morenok, Euskal Herriko Unibertsitateko Bizkaiko Campuseko errektoreordeak, aurkeztu dute gaur goizean Bizkaiko Campuseko Leioa-Erandio eremuan bizikletak konpontzeko, mantentzeko eta garbitzeko jarritako gune berria.

"Unibertsitateko ikasleek eta langileek doan jaso ahal izango dute azpiegitura honen onura", gogorarazi du foru diputatuak. "Bizkaian lan edo ikasketa arrazoiengatik bizikletaren erabilera ohiko garraiobide gisa sustatzeko foru estrategiarekin bat datorren ekimena da eta, kasu honetan, unibertsitatea bera ere bat dator unibertsitatearen eremuan bizikleta bidezko joan-etorriak bultzatzeko egiten ari den ahaleginarekin".

Instalazio osoa 20 x 20 cm-ko altzairu herdoilgaitzezko zutabe batean integratuta dago, eta 1,40 m-ko altuera du. 8 erreminta, bihurkinak, giltza ingelesa, giltza finkoak, allen-giltzak eta pneumatikoen estalkiak desmuntatzeko eta muntatzeko tresnak ditu, banan-banan zutabeari lotuta altzairuzko kable erretraktil batekin. Gainera, pneumatikoak puzteko sistema bat du, biradera birakariaren bidez eragiten dena eta manometro batekin osatzen dena; halaber, besoak ditu bizikleta finkatzeko eta makinaren gaineko eragiketa ohikoenak errazteko.

BiziPuntuak ahalbidetzen dituen mantentze- eta konponketa-lanetarako QR kode batek erabiltzaileei tutoretzak kontsultatzeko aukera ematen die. Bizkaiko Foru Aldundiak bere webgunean argitaratutako informazio guztia eskuratzeko aukera ere badago zutabean errotulatutako beste QR kode batean.

Zutabearen inguruan lan-eremua margo urdinez seinaleztatuta dago, eta seinale bertikal angeluzuzen batek instalazioak eskaintzen dituen zerbitzuak adierazten ditu.

"Gaur inauguratzen den BiziPuntua funtsezko baliabidea da mugikortasun jasangarria eta bizikletaren erabilera bultzatzeko, eta aktiboki sustatu nahi dugu, Garapen Jasangarriko Helburuen ildotik. Alde horretatik, eskerrak eman nahi dizkiot Bizkaiko Foru Aldundiari Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Sailaren bidez eskaini digun laguntzagatik", adierazi du Gorka Morenok, Euskal Herriko Unibertsitateko Bizkaiko Campuseko errektoreordeak.

63 urtea amaitu aurretik

UPV/EHUn instalatutako BiziPuntu berri hau Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Foru Sailak urtea amaitu baino lehen Bizkaian "interesgarritzat" jotako guneetan bizikletak mantentzeko 63 geltoki berrien barruan dago.

Joan den abenduan Zierbenan, Santurtzin, Portugaleten, Sestaon, Barakaldon eta Getxon "proba pilotu" gisa instalatutako lehenengo seiei gehituta, urte amaierarako 69 unitate egongo dira lurralde osoan banatuta.

"Horrela, aurrera jarraitzen dugu Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Zuzendaritzak esleituta duen eskuduntzetako batekin, hau da, bizikleta-bideen azpiegitura osagarriak hobetzearekin. Ataza hau Bizikletak Bizkaiko mugikortasunean gero eta eginkizun nabarmenagoa izan dezan aurrera egiteko kontuan hartu beharreko alderdietako bat da", gaineratu du Gomez Viarrek.

Sare osoa instalatzeko 272.855,00 euroko inbertsioa egingo da, eta mantentze-lanak ere Bizkaiko Foru Aldundiaren kontura izango dira. Aldundiak helburu horretarako 27.527,50 euro bideratuko ditu 2021ean, eta 50.055,00 euro 2022an.

Informazio gehiago:
Bizkaiko Campusera bizikletaz bazatoz eta gehiago jakin nahi baduzu zure eskura dituzun instalazioei buruz (dutxak, armairuak, etab.):

https://www.ehu.eus/eu/web/bizkaia/bizikleta-leioa-erandio-eremuan