Bilboko Ingeniaritza Eskolako hiru ikasle, suziriak garatzen dituen “Bisky Team” taldekoak, lankidetzan aritu dira Kataluniako “Cosmic Research” talde homologoko kideekin. Katalunian eraiki den suziri supersoniko suborbital ahaltsuena eta unibertsitateko ikasleek Espainian eraiki duten suziri ahaltsuena eraiki eta jaurti dute lankidetzan. Joan den azaroaren 30ean jaurti zuten suziria, arrakastaz, Arenosilloko Teknika Aeroespazialeko Institutu Nazionalaren (INTA) Arenosilloko Esperimentazio Zentrotik (CEDEA) (Huelvan). Suziriari ‘Bondar’ izena jarri zioten, lehen emakumezko astronauta kanadarraren omenez. Ia 8 km-ko altuerara iritsi zen (7.800 metrora), eta 1.900 km/h-ko abiadura lortu.
Unibertsitate-ikasleek eraikitako Espainiako suziri supersoniko suborbital ahaltsuenaren jaurtiketan hartu dute parte UPV/EHUko ikasle batzuek
Elektronika garatzeaz, datu-bilketaz eta datuen analisiaz arduratu ziren Bilboko Ingeniaritza Eskolako ‘Bisky Team’ taldeko hiru kide
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2021/12/09
Terrassako Ingeniaritza Industrial, Aeroespazial eta Audiobisualetako Goi Eskolaren ekimen hau (ESEIAAT-UPC) duela hiru urte inguru hasi zen; “Cosmic Research” ikasle-elkarteak elektronikaz arduratuko zen lantalde baten laguntza eskatu zuen 'Bisky Team' taldean, harreman estua baitute haiekin. Halaxe, Ander Hospital, Iñigo Bouzas eta Laura Burgos proiektu katalanaren abionikaz arduratu ziren.
“Proiektuan egin dugun lanaren ardatza izan da jaurtiketa-prozesu osoan suziria nola moldatzen den transmititzen duten sistema elektronikoak garatzea: softwarea; suzirian doazen eta suziriaren informazio guztia jasotzen duten eta basera transmititzen duten plaka elektronikoak; telemetria-sistemak...”, azaldu du Ander Hospitalek, joan den ikasturtean ‘Bisky Team’-eko ‘Chief Avionics’ izan zenak.
Jaurtiketarako, INTAren kontrol-zentrora joan ziren —Defentsa Ministerioaren mende dago—, eta, han, suziritik iristen joan ziren datuak biltzeko ardura izan zuten. “Oso pozik gaude dena ondo atera delako, denak ezin hobeto funtzionatu duelako”, nabarmendu du Hospitalek pozarren. “Hemendik aurrera —erantsi du—, jasotako datuak eta lortutako emaitzak aztertzeko fasea dator, gero… Ikusiko dugu”.
Orain, taldea 4 metroko ‘Charlie’ suziriaren fabrikazioa ari da prestatzen eta hurrengo motor hibridoaren fabrikazioa, ‘M2’.
Bisky Team, UPV/EHUko harrobi aeroespaziala
'Bisky Team' Bilboko Ingeniaritza Eskolako (BIE) jakintza-alor askotariko irakaskuntza-proiektua da, eta jaurtigailu suborbitalak garatzea (diseinatzea, eraikitzea eta saiakuntzak egitea) du helburu. Proiektuan Eskolako 4 irakaslek eta UPV/EHUko zenbait fakultatetako 47 ikaslek hartzen dute parte.
2018an sortu zenetik, 'BiskyTeam' taldeak grabitateari iskin egiteko erronka jarri dio bere buruari, eta gero eta gorago hegaldatzeko suziriak diseinatzen ditu; horretarako, azken hiru urteotan, suziri propio bat eraikitzeko behar diren teknologiak garatu ditu lantaldeak.
Orain arte, 'Bisky Team'-ek hiru jaurtiketa egin ditu: ‘Alpha’, ‘Bravo’ eta ‘Arima’, eta guzti-guztiek emaitza arrakastatsua izan dute. Horrez gainera, motor hibrido bat diseinatu dute hutsetik abiatuta, ‘M1’, eta haren proba ere arrakastatsua izan zen. Orain, taldea 4 metroko ‘Charlie’ suziriaren fabrikazioa ari da prestatzen eta hurrengo motor hibridoaren fabrikazioa, ‘M2’.