Bisky Team-ek, Bilboko Ingeniaritza Eskolako taldeak, soinu-langa hautsi du HERMES suziriarekin
Suziria aireratuta, taldeak haiek fabrikatutako hainbat elementuren eraginkortasuna egiaztatu ahal izan du, eskakizun handiko hainbat egoeratan jarrita.
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2024/01/18
Bilboko Ingeniaritza Eskolako BiSKY Team taldeak erregimen supersonikoan sartu den eta, hala, soinu-langa hautsi duen lehen suziria jaurti du. Suziriari HERMES izena jarri diote eta abenduan jaurti zuten Zaragozako base militarretik. Mugarri honek EHUren taldearen historian inflexio-puntua sortu du; izan ere, jaurtiketa horri esker, Bisky Teamek taldeak garatutako elementu batzuen eraginkortasuna egiaztatzea eta eskakizun handieneko egoeratan hegaldian duen portaera aztertzea lortu du.
Aurrez ikusita zegoen moduan, HERMES 12:30ean aireratu zen zeruan desagertzen zen bitartean soinu handia eginez. Abiadura supernikora iritsi zenean, berreskuratze-moduluan akatsa sortu zen eta, ondorioz, hegaldia berehala amaitu zuen. Hala eta guztiz ere, taldea jaurtiketarekin pozik dago, misiorako aurrez ikusitako helburu gehienak bete baitituzte. Horrekin lotuta, azpimarratu beharrekoa da taldeak garatutako azpisistema berri guztiek lortu dutela hegaldian aurrez ikusitako gehieneko abiadura eta, horrenbestez, erregimen supersonikoan sartu zela.
Suziria jaurtiketa-errailetik atera eta erregimen supersonikoa lortu ondorengo unera arte, hegaldi egonkorrari eutsi zion, kontrol-elementu pasiboen portaera egokia izan zelako. Nabigazio-sistemek eta datuak biltzeko sistemek behar bezala funtzionatu eta hegaldiari buruzko informazio garrantzitsua bildu zuten. Informazio hori oso erabilgarria izango da suziriaren portaera modelizatzeko eta baliozkotzeko, bai eta hegaldia bizkor amaitzea eragin zuen gertaera aztertzeko ere. Jaurtiketan lortutako informazio guztiari esker, erronka berriak garatu ahal izateko diseinuak baliozkotu eta hobetu ahal izango ditu taldeak.
Orain, taldeak hobekuntza horiek ATLAS suzirian egiaztatuko ditu. Kadentzia handiko proben plataforma da eta hegaldian zehar azpisistemak probatzeko eta baliozkotzeko baliagarria da. Horri esker, hobekuntza ugariak entseatu eta baliozkotu ahal izango ditu Bisky Teamek eta, hala, etorkizunera begira egin nahi dituen eskakizun handiagoko jaurtiketei aurre egin.
Bisky Team, sektore aerospazialerako zubia
Bisky Team 2017-2018 ikasturtean sortu zen Bilboko Ingeniaritza Eskolan. Ordutik, zortzi suziri eraiki ditu, eta horiek hamar aldiz jaurti. Gainera, hiru suziri-motor propio ere fabrikatu ditu. Azken urtea, gainera, bereziki ona izan da BiSKY Teamentzat; izan ere, bi suziriren bi jaurtiketa egitea lortu du. Bestalde, suziri hibrido baten hirugarren motor prototipo bat garatzeko lanean ere aurrera egin du taldeak. Teknologia hori funtsezkoa da taldearen etorkizuneko proiektuetarako, eta hilabete batzuk barru pizteko asmoa dute. Azken urtean hazkunde handia izan du taldeak eta, neurri handi batean, sektore aerospazialak izan duen gorakadaren ondorioa izan da Bisky Team proiektuaren arduradunen arabera. Horri esker, taldeak erronka berriei aurre egin ahal izango die, eta zubi-lana eskainiko dio sektore aeroespazialari, proiektua babesten duten erakundeen eskutik.
Gaur egun, zentroko prestakuntza-lerro ezberdinetako 68 ikaslek osatzen dute taldea, eta sei azpitaldetan banatuta dago, taldean egiten dituzten lanen arabera: Propultsioa, entsegu-bankuetan probatzen diren motorrak garatzera bideratua; Aerodinamika, suzirien gainazal aerodinamikoen diseinuaz arduratzen dena; Egitura, bai suzirien, bai egitura osagarrien egitura-elementuen diseinu mekanikoa lantzen duena; Abionika, suziri barruko hardwarearen eta elektronikaren softwarearen garapenaz arduratzen dena; Kontrola eta Simulazioa, entsegu-bankuen eta simulagailuen garapenaz arduratzen diren instrumentuetan oinarritutakoa; eta Business & Management, taldearen barne-antolaketaz eta marketinaz arduratzen dena.