Biscay Bay Startup Campusek –BBSC– abian jarriko du Euskadiko udazkenik ekintzaileena. Urriaren 1etik 7ra bitartean egingo da ekitaldia, Bilbon, iparraldeko startup onenak eta eskualdeko gazte ekintzaileak elkartzeko asmoz.
Biscay Bay Startup Campus, euskal ekintzailetzaren ospakizuna
Urriaren 1etik 7ra egingo da ekitaldia, Bilbon, iparraldeko startup onenak inspiratzeko, hezteko eta konektatzeko espazio bat sortzeko helburuz
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2018/09/27
BBSC jardueraz betetako astea da. Aurreneko hiru egunetan (astelehenetik asteazkenera), industrien Speed Networking saioak izango dira Docken, doan.
Ostegunean hasiko da ekitaldi nagusia: ekintzaileak bizikide izango dira 3 egun eta 2 gauez. Egunez, prestakuntza tailerrak, hitzaldi inspiratzaileak eta Speed Mentoring saioak egingo dira sektore bakoitzeko adituekin batera, UPV/EHUko Bizkaia Aretoan. Gauez, berriz, muturreko networkinga izango da Posthel Bilbaon. Ekitaldiaren webgunean eskura daiteke BBSC Full Experience abonamendua.
Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU), Walden startupak eta Bilbao Valley erakundeak antolaturiko ekitaldi honen helburua da euskal ekintzaileen ekosistema dinamizatzea eta Bizkaia startupak eta gazte ekintzaileak babesten dituen lurralde berritzaile eta indartsu gisa posizionatzea.
BBSC Awards 18
Sariketa honetan, non edozein industriatako proiektu hasiberriak aurkez daitezkeen, ideia berritzaileak elkarrekin lehiatuko dira. Urriaren 4an, 12 ideia finalisten arduradunek pitch bat egingo dute bertaratuen aurrean, eta gizartean inpaktu handiena izan dezaketen 3 ideiak sarituko dira. Sarien artean, 17.500 euro, adituengandiko aholkularitza eta urtebeterako bulego bat eskuratu ahal izango dira.
“Badakigu zeinen zaila den gaztea zarenean proiektu bat baliabiderik gabe sortzea; horregatik, lehiaketa honen bitartez, finantzaketa, lanerako gunea eta aholkularitza ematen dizkiegu”, esan du Bilbao Valleyko Ignacio Santosek, ekitaldiaren antolatzaileetako batek. Ekitaldiaren webgunean eman daiteke izena, irailaren 24ra arte.
Emakumeak lider. BBSCren lehen edizio honetan, babes berezia emango zaie emakume liderrei. Programazioaren zati handi bat emakume erreferenteek zuzendu dute, eta haien istorioak eta arrakastak bultzada emango die laneko proiekturen bati ekitea planteatzen ari diren emakume gazteei.
“Nork esan zuen emakumeek ez dituztela proiektu handiak zuzentzen? Hemendik aurrera, Bizkaia arrakasta izan nahi duten emakume ausart eta seguruen lekua izango da”, adierazi du Patricia Draghicik, BBSCko taldeko eta Waldeneko CEOKO kideak.
Kolaboratzaileak
Hemengo erakunde eta enpresa askok, hala nola Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak, Getxoko Udalak, BBK-k eta Elkargik, ekitaldiarekin bat egin dute, Bizkaia Europa hegoaldeko lurralderik berritzaileena izan dadin.
Hedabideen deialdia: prentsaurrekoa irailaren 24an, 18:00etan, Bilboatsen ontzietako batean. Informazio gehiago nahi izanez gero, jarri harremanetan hedabideekiko harremanetarako pertsonarekin.