Diziplina anitzeko lankidetzazko ikerketa pilotu batean, parkinsona diagnostikatzeko balio dezaketen biomarkatzaileak detektatu dituzte malkoetan. Ikerketaren buru UPV/EHUko GOBE ikerketa-taldeko zuzendari eta Biologia Zelularreko katedradun Elena Vecino doktorea izan da. Orain, paziente gehiagok hartuko dute parte proiektuan, eta agente gehiago sartu dira, ikerketan karakterizatzen diren biomarkatzaileekin gaixotasuna goiz detektatzeko test bat garatzeko helburuarekin.
Parkinsonaren diagnostiko goiztiarra egiteko biomarkatzaileak malkoetan
Parkinsona duten pazienteen banakako malkoak analizatu dituzte lehenbizikoz, gaixotasunaren biomarkatzaile goiztiarrak detektatzeko
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2022/04/11
Parkinson gaixotasuna bigarren gaixotasun neurodegeneratibo arruntena da, Alzheimerren gaixotasunaren atzetik. Gaixotasun neurodegeneratiboen tratamenduaren erronka nagusietako bat da gaixoak garaiz sailkatzeko aukera emango duten eta gaixotasunaren progresioa monitorizatzen lagunduko duten markatzaile klinikoak aurkitzea. Gaur egun parkinsonaren markatzaileak detektatzeko erabiltzen diren probetako bat puntzio lunbarraren bidez eta likido zefalorrakideoa erauziz egiten da, baina UPV/EHUk zuzendutako ikerketa batek bide ez hain inbaditzaile batez detektatzea du helburu. “Parkinsonak zenbait sistema ez-motorretan eta nerbio periferikoetan eragiten duenez, malko-jarioa alteratuta egon liteke pazienteetan; malko-proteinen konposizioak profil bereizgarria izan lezake paziente horietan, eta diagnostiko-biomarkatzaile gisa erabil liteke”, azaldu du Elena Vecino doktore eta UPV/EHUko Biologia Zelularreko katedradunak.
GOBE ikerketa-taldeak lehenengo aldiz analizatu ditu parkinsona duten pazienteen banakako malkoak, gaixotasunaren biomarkatzaile goiztiarrak detektatzeko helburuarekin. Ikerketa hau aitzindaria da kantitate oso txikietako detekzioan (5 bat mikrolitrotan). Elena Vecino doktoreak zuzendu du, eta Ikerbasque ikertzaile Arantxa Acera doktorea izan da zuzendarikidea; ikerketan, funtsezkoa izan da Gurutzetako Ospitaleko neurologo den Juan Carlos Gómez doktorearen eta haren lantaldearen partaidetza, bai eta Gurutzetako Ospitaleko oftalmologiako espezialisten eta CIC bioGUNEko proteomika-zerbitzuaren parte-hartzea ere (proteinak eskala handian ikertzen dira proteomikan).
Parkinson gaixotasunaren fase desberdinetan dauden 27 pazienteren eta kontroleko 27 pertsonaren malkoen analisi alderatuaren bidez egin da ikerketa pilotua. Ikerketaren emaitzak Proteomes aldizkarian argitaratu dira, eta, haien arabera, lisosomen funtzioan parte hartzen duten proteina batzuk asaldatuta ageri dira (zelula barruan substantziak degradatzen dituzten organulu zelularrak dira lisosomak). “Ikusi dugu parkinsona duten pazienteen malkoetan markatzaile (proteina) horiek gainadierazita daudela”, dio Vecinok.
Katedradunak azaldu duenez, “kornea, begiaren atal gardena, organismoaren egiturarik inerbatuena da; egitura hori bustitzen duen malkoak, besteak beste, gure begien lubrifikazio-egoerari eusteko behar diren proteinak atxikitzen ditu. Malko batean hauteman daitezkeen ehunka proteinen —ia milaka proteinen— artean, ikusi dugu batzuek gainadierazteko joera ageri dutela, hau da, kantitate handiagoetan agertzen direla parkinsona duten pazienteetan”.
Medikuntza pertsonalizatua lortzeko bidean
Ikerketa hori Elkartek Proiektu baten abiapuntua izan da, zeinaren buru UPV/EHU baita, eta zeinetan, Gurutzetako Ospitaleaz gainera, Donostia Ospitaleko Neurologia eta Oftalmologia zerbitzuak ere sartu baitira, paziente gehiagok parte har dezaten. Gainera, Tecnalia enpresa ere sartu da proiektuan, ikerketan karakterizatzen diren biomarkatzaileekin gaixotasuna goiz detektatzeko test bat garatzeko helburuarekin. Vecinok nabarmendu du ikerketan aurrera egiteko funtsezkoa dela pazienteek parte hartzea; eta “bereziki garrantzitsua da sortzetiko parkinsona duten familiek parte hartzea. Euskadin, badira zenbait familia gaixotasun hori eragiten duten mutazioak dituztenak, eta markatzaile goiztiarrak ezagutzea oso garrantzitsua da gaitzaren kausak ezagutzeko eta ondoren tratamendua ikertzeko”.
Doktorearen iritziz, “ikerketa honen berritasuna banan-banakoen analisia da, gaixotasunen detekzioa pertsonalizatzeko bidean baikaude”. Baina adierazi du oraindik asko dagoela egiteko: “Gainespresio hori zergatik gertatzen den begiratu behar dugu orain; pazienteen neuronek zergatik blokeatzen duten lisosomen mekanismoa. Baina hori paziente gehiagorekin frogatu behar dugu”. Ikertzailea baikor ageri da: “Malko batean dauden proteina guztiak detektatzen lehenak izan gara, eta patologia goiz atzematera iritsi nahi dugu”. Horrez gain, ikertzaileak adierazi duenez, “metodologia hau baliagarria bada, hurrengo urratsa alzheimerrarekin edo bestelako gaixotasun neurodegeneratiboekin aplikatzen saiatzea litzateke”.
Informazio osagarria
Elena Vecino doktoreak zuzentzen duen Oftalmo-Biologia Esperimentaleko Taldeak (GOBE) 26 urte daramatza oftalmologiaren arloan ikertzen eta ikerlan translazionalak egiten. Taldean 30 doktore baino gehiago trebatu dira, eta haien erdiak gaur egun oftalmologiako espezialistak dira Euskadiko ospitaleetan.
Erreferentzia bibliografikoa
- Potential Tear Biomarkers for the Diagnosis of Parkinson’s Disease—A Pilot Study
- Proteomes 2022 10,4
- DOI: 10.3390/proteomes10010004