euskaraespañol

Gaurko irudia

Bilboko Ingeniaritza Eskolak eta CAFek Enpresa Gela sortu dute, trenbidea ardatz hartuta

Ikastetxeak hamabi enpresa-gela ditu Eskolaren barruan, korporazio desberdinek sortuak eta finantzatuak, I+G+Bko jarduerak sustatzeko.

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/12/15

UPV/EHUko eta CAFeko ordezkariak sinatzeko unean | Argazkia: UPV/EHU

CAFek (Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles) eta Euskal Herriko Unibertsitateak hitzarmen bat sinatu dute, eta, horren bidez, konpainiak enpresa-gela bat babestuko du, trenari buruzko arloetan (informatika, telekomunikazioak, zibersegurtasuna, ingeniaritza elektrikoa, zibila, elektronika, mekanika, eta abar) ikerketa zientifikoko edo garapen teknologikoko programak eta proiektuak lantzeko.

Bilboko Eskolan egin den akordioaren sinaduran, Gorka Zabalegi CAFeko giza baliabideen zuzendariak eta Iñaki San Sebastián proiektu estrategikoen arduradunak, Charles Pinto Bilboko Ingeniaritza Eskolako zuzendariak eta Guillermo Quindós Euskal Herriko Unibertsitateko garapen zientifiko-sozialeko eta transferentziako errektoreordeak parte hartu dute.

Sinatutako hitzarmenari esker, ikerketa eta garapen teknologikoko programak jarriko dira abian; gradu-amaierako eta master-amaierako lanak; doktorego-tesiak; ikastaroak, mintegiak eta prestakuntza-jardunaldiak; irakasle, aditu eta profesionalen trukeak, batera antolatutako ikastaro, mintegi eta graduondoko programetarako; eta ikerketa zientifiko eta teknikoko baterako azterlan zehatzak, trenbidea ardatz izango duten lantalde mistoak eratuz.

Ikasgela honek ingeniaritza elektrikoko, elektronika industrialeko, zibileko, telekomunikazioetako, informatikako, industriako eta abarreko espezialitateetako ikasleei eta zibersegurtasuneko graduondokoei eskainiko die prestakuntza, besteak beste.

CAF ikasgela 2022-2023 ikasturtetik dago martxan, eta bere antolamendu-egitura eta egitura funtzionala ikasgelako zuzendari batek (Charles Pinto) eta zuzendari tekniko batek (Jaime Jiménez) osatuko dute. Horiekin batera, Igor López, zuzendari teknikoa, eta Iñaki San Sebastián, CAFeko proiektu estrategikoen arduraduna, Ikasgelako jarraipen-batzordean daude.

CAF nazioarteko merkatuko liderretako bat da, garraio-sistema integralen hornitzaile gisa, bai trenbideen arloan (metroa, tranbiak, abiadura handia, hiri inguruko trenak, LRVak, tren-makinak, obra zibila, elektrifikazioa), bai trenbidekoak ez direnetan (hiri-autobus iraunkorrak). 2021ean 2.943 milioi euroko negozio-zifrarekin, CAFek proiektu garrantzitsuak garatu ditu nazioartean bost kontinenteetako herrialde askotan. Gaur egun, CAF Taldeak 14.000 langile baino gehiago ditu, eta lantegi produktiboak ditu Espainian, Frantzian, Estatu Batuetan, Brasilen, Mexikon, Polonian eta Erresuma Batuan, baita filial ugari ere mundu osoan zehar.

Tradizio eta arrakasta handiko ekimena

Bilboko Ingeniaritza Eskolak 2001ean jarri zuen abian enpresen eta unibertsitatearen arteko lankidetzako prestakuntza-modalitate berritzaile hau, eta bi aldeentzat tresna eraginkorra eta onuragarria dela erakutsi du, bai ikasleen prestakuntzari dagokionez, bai inplikatutako sektoreetan I+G+b sustatzeari dagokionez.

CAF Gela berriarekin, zentroak ezaugarri horiek dituzten hamabi Enpresa Gela ditu dagoeneko, Ekintzailetza- Gela eta ZITEK enpresen mintegia barne: AR Racking Gela, Velatia-Ormazabal Gela; Tecnalia Gela; ZiV Gela; Nortegas Gela; Espazio Gela; Aeronautika Gela; Makina Erremintaren Gela; CABB/BBUP uraren Gela; eta Siderex klusterraren ROOM4STEEL Gela.

Bilboko Ingeniaritza Eskola, UPV/EHUren zentroa den aldetik, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean integratuta dago, ikerketa aplikatua eginez eta arlo askotako enpresekin, teknologia eta ezagutza transferitzeko zentro gisa jardunez.


Honen harira