Bilbok lehenengo topaketa handia hartuko du zientzia, komunikazio eta generoaren inguruan
Komunikazio zientifikoa ikuspegi inklusiboarekin lantzeko esperientziak eta lan tresnak eskaintzeko asmoz sortu da Generoa eta Zientziaren Komunikazioa.
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2022/11/02
Euskal Herriko Unibertsitateak, Kultura Zientifikoko Katedraren bitartez, Generoa eta Zientziaren Komunikazioa mintegia antolatu du, Estatu mailako lehenengo jardunaldia, generoari buruzko gaiak transmititzeko eta hautemateko moduari eta gai horiek ingurumenean, osasunean, berrikuntzan eta, oro har, zientzian duten eraginari buruz eztabaidatzeko. Generoa eta Zientziaren Komunikazioa 2023ko otsailaren 9an burutuko da UPV/EHUren Bizkaia Aretoan.
“Generoa eta Zientziaren Komunikazioa erreferentzia bihurtzea nahi dugu generoari buruzko edo, generoa faktore garrantzitsu gisa duten gaiei buruzko komunikazio zientifikoaren arloan” azaldu du Juan Ignacio Pérez Kultura Zientifikoko Katedraren arduradunak. “Ekitaldiak komunikazioaren eta akademiaren munduko pertsona garrantzitsuak bilduko ditu eta bertan partekatuko dituzte zientziaren zein komunikazioaren arloan genero desberdintasunari aurre egiten lagunduko duten esperientziak eta tresnak.”
Maila goreneko zientzia eta komunikazio adituek hartuko dute parte, hala nola Angela Sainik, Patricia Brennanek, Olga Vizak eta Ramón Flechak
Jardunaldi hau Zientziaren arloko Emakume eta Neskatoaren Nazioarteko Eguna ospatzeko jardueren barruan kokatzen da, urtero otsailaren 11n ospatzen den egunean. Sei urtetan, Kultura Zientifikoko Katedrak bat egin du Nazio Batuen ekimen horrekin publizitate kanpainak bitarte, genero estereotipoek lanbide zientifikoaren hainbat alderdi eta etapatan duten eragina ezagutarazteko helburuaz. Hurrengo saio honekin, ordea, sentsibilizaziotik ekintzara igaro nahi du, estereotipoen eta joeren eraginik gabeko komunikazio eta dibulgazio zientifikoa lortzen lagunduko duten tresna intelektualak eskainiko dituelarik.
Parte hartzaileak
Angela Saini kazetari eta ‘Inferior’ liburuaren egilea, non aztertzen baitu komunitate zientifikoak emakumeen rol eta gaitasunen gutxiespenean izan duen paper historikoa. Patricia Brennan, Mount Holyoke Collegeko (AEB) biologoa eta ikertzailea, animalien munduan sexuen arteko gatazkan eta, honek daukan eboluzio esanahian aditua. Inmaculada de Melo-Martín filosofoa, Cornell-eko Unibertsitatekoa (AEB), etika medikoan, osasun arloko politika publikoetan, feminismoan eta zientzia balioetan aditua.
Olga Viza López kazetaria berdintasunezko begiradaz arituko da, zientziatik harago, komunikazioaren beste arlo batzuetan ere. Ramón Flecha García, soziologoa, Google Scholarren gehien aipatutako zientzialaria genero indarkeriari buruzko gaietan. Eva Caballero Domínguez Radio Euskadiko kazetaria, aurten bertan irabazi duelarik Concha García Campoy Zientzia Kazetaritzako saria irratiaren kategorian.
Marta Macho Stadler, matematikaria, Mujeres con Ciencia blogaren editorea eta 2017ko Berdintasunerako Emakunde Saria jaso duena, Eusko Jaurlaritzako Emakumearen Euskal Erakundeak emana. Lorena Pérez Hernández, hizkuntzalaritza eta zientzia kognitiboko ikertzailea Errioxako Unibertsitatean, nazioarteko zientzia hedabideetako zenbait argitalpen kontseilutako kidea eta hizkuntza aholkularia Lexicon Branding enpresarentzat (AEB). Nuria Oliver Ramírez, ingeniaria eta informatikaria, Espainiako Ingeniaritzako Errege Akademiako kidea eta Espainiako informatikako ikertzaile aipatuenetako bat.
María Martín Barranco, idazlea eta ‘Ni por favor ni por favora. Cómo hablar con lenguaje inclusivo sin que se note (demasiado)’ liburuaren egilea. Zulema Altamirano Argudo, psikologoa eta Zientzia eta Berrikuntzarako Ministerioko Emakume eta Zientzia Unitateko zuzendaria. Berdintasun politikak bultzatu eta aholkularitzan aritzen da eremu horretan. Michele Catanzaro, free-lance kazetaria, izen handiko hedabideetan idatzi duena, besteak beste, zientziaren arloan – Nature edo Science – eta orotariko prentsan – The Guardian edo El Periódico –.
Cintia Refojo Seronero, FECYTeko Komunikazio Zientifikoaren Aurrerapenerako Unitateko arduraduna eta Komunikazio Zientifikoaren Espainiako Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko kidea. Capitolina Díaz Martínez, soziologoa, Emakume eta Zientzia Unitateko lehenengo zuzendaria, Espainiako Gobernuko Enplegu Berdintasunerako zuzendari nagusia eta Emakume Ikertzaile eta Teknologoen Elkarteko (AMIT) presidentea. Victoria Toro, zientzia, osasun eta ingurumen kazetaria eta AMITeko komunikazio zuzendaria; Espainiako komunikabide garrantzitsuenetarako egin du lan eta AEBetako korrespontsala izan zen.
Pablo Francescutti Pérez, kazetari zientifiko eta ikertzailea eta Juan Carlos Erregea Unibertsitateko irakaslea azken bi hamarkadetan; Kulturaren Semiotika Ikasketen Taldeko (GESC) eta Komunikazioaren Ikasketa Aurreratuen Taldeko (GEAC) kidea. María José Picó Garcés, ingurumenean espezializatutako kazetaria eta gai horri buruzko liburuen egilea; hainbat hedabide orotariko eta zientifikotan kolaboratzen du; 2005ean Ingurumen Kazetaritzako Sari Nazionala jaso zuen.
Egitarau osoa ekitaldiaren www.generoycomunicacion.com webgunean dago eskuragarri.
‘10 minutu genero'
Ekitaldia doakoa izango da, baina aldez aurretik izena eman beharko da. Sarrerak azaroaren 3an kaleratuko dira. Era berean, azaroaren 7an deialdi bat irekiko da, azken urtean genero ikuspegia duten zientzia komunikazioko jarduerak garatu dituzten erakundeek eta pertsonek proposamenak aurkeztu ahal izan ditzaten. Deialdi honetan, ‘10 minutu genero’ deitutakoan, aukeratuko dira esperientzia nabarmenenak eta jardunaldiaren parte izango dira.