euskaraespañol

Eguneko irudia

Bigarren Hezkuntzako orientatzaileentzako orientazio jardunaldia

Orientazioari buruzko ‘orientaTU’ topaketen 7. edizioa hartu du Letren Fakultateak

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2024/10/24

Ongi etorri orientaTU jardunaldira | Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Letren Fakultateak ‘orientaTU: Orientazio Topaketak’ egitasmoaren 7. edizioa hartu du. Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako orientazio arduradunei zuzendutako egitasmoa da. UPV/EHUko graduei buruzko alderdirik garrantzitsuenei buruzko informazioa ematea da helburua, gero haiek unibertsitate aurreko ikasleak informatu eta orientatu ahal izateko ikasketak aukeratzeko prozesuan.

Fernando Tapia Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeak eta Arantza Martínez Balmaseda UPV/EHUko Ikasleen arloko zuzendariak egin diete ongietorria jardunaldian parte hartu duten 130 pertsonari baino gehiagori. Unibertsitatea eta Bigarren Hezkuntza gerturatzea da jardunaldiaren helburua, eta lankidetza sareak sortzea. Horretarako, espazio bat eskaintzen da, unibertsitateko eta unibertsitate aurreko irakasleak eta orientatzaileak elkarren artean erlazionatzeko.

“Ekimen hau garrantzitsua da, loturak ezartzea errazten duelako eta unibertsitate hezkuntzaren eta unibertsitate aurreko hezkuntzaren arteko etengabeko lankidetza bultzatzen duelako –nabarmendu du errektoreordeak­. Hau da, OrientaTUk Unibertsitatearen eta Bigarren Hezkuntzako etaparen arteko hurbilketa ahalbidetzen du, espazio bat eskaintzen baitu unibertsitateko eta unibertsitate aurreko orientazioko irakasleak eta pertsonalak erlazionatzeko. Horrek, zalantzarik gabe, hobekuntza dakarkie unibertsitateko ikasketak aukeratzeko prozesuan unibertsitate aurreko ikasleei eskaintzen zaien orientazio eta informazioari, eta, alde horretatik, aukera ematen du erabaki onak hartzeko".

Edizioz edizio, UPV/EHUk eskaintzen dituen graduen hainbat multzo lantzen dira, modu espezifikoan, Bigarren Hezkuntzako ikasleak orientatzeko lana errazte aldera. Kasu honetan, honakoekin lotutako graduak garatu dituzte: Lurra, Natura eta Ingurumena; Ontzigintzako Teknologia eta Nabigazioa; Gizarte eta Giza Zientziak; eta Esku Hartze Soziala. Gainera, gai hau sartu dute programan, zeharko gai gisa: ‘Babes sistematik datozen haur eta nerabeen hezkuntzako erronkak: Zer egin dezakete ikastetxeek?’.