euskaraespañol

Benita Asas Manterola: Espainiako mugimendu feministaren genesiko eragile ahaztua

UPV/EHUren tesi batek berdintasunaren aldeko borrokako aitzindari horren figura berreskuratu du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/05/30

María José Villa, Benita Asas Manterolari buruzko tesiaren egilea. Argazkia: UPV/EHU

Benita Asas Manterola gipuzkoarra aldaketaren aitzindaria eta feminismoaren bultzatzailea izan zen Espainian, gaur egungo eskubideak eta askatasunak lortzeko bidea erraztu zuen emakumeetako bat. Baina ahaztuta geratu zen. “Dokumentazio faltak ez ezagutzea eragin du, baina, zalantzarik gabe, berdintasunaren alde borrokatzen hasi zen lehenengo emakumeetako bat izan zen”, esan du María José Villak, UPV/EHUko ikertzaile eta Benita Asas Manterola y los feminismos en España (1873-1968) doktorego tesiaren egileak.

Benita Asas Manterolak (Donostia, 1873ko martxoak 4 – Bilbo, 1968ko apirilak 21) bere burua “feminista eta sufragistatzat” jo zuen 1913an, Villaren definizioaren arabera. “Horrek historian ibilbide luzea eman zion Espainiako feminismoaren ekintzaile nabarmenenetako gisa”, azaldu du Villak. Izan ere, Asasen bizitza elkarte esanguratsu hauen historiarekin estuki lotuta dago: Emakume Espainiarren Elkarte Nazionalarekin (ANME), Kontseilu Goren Feministarekin, Espainiako Emakumeen Lyceum Klubarekin eta Emakumeen Unibertsitate Elkartearekin. Beste alde batetik, Espainiako mugimendu feministaren XX. mendearen hasierako argitalpen garrantzitsuenetako bi zuzendu zituen: El pensamiento femenino (1913-1916) eta Mundo femenino (1921-1936).

Asasek irakasle ikasketak egin zituen Valladoliden eta Bilbon aritu zen eskolak ematen, 1902an Madrilera lekualdatu zuten arte. Hiriburuan eman zuen denboran, eskolak emateaz gain, artikuluak idazten asi zen. Horretan ari zela, emakumeen desabantaila egoera eraldatzeko hiru zutabeak heziketa, lege testuak aldatzea eta emakumeek politikagintzarako sarbidea izatea zirela defendatu zuen. 1908an, artikulugilea gizonen eta emakumeen arteko eskubide juridiko eta politikoen berdintasuna aldarrikatu zuen Espainiako lehen ahotsetako bat izan zen.

Feminismoaren propagandista izateak bere iritziak prentsa nazionalean eta jeneralistan azaltzeko aukera eman zion. Gainera, El pensamiento femenino-ren zuzendari izanda, Espainiako feminismoaren munduan kontaktu gehiago lortu zituen. Asasek zuzendutako egunkari horrek, bozgorailu funtzioa betetzeaz gain, mugimendu feministaren oinarriak ezarri zituen.

Aldaketaren gakoak

Zehazkiago, Asasen ustez, jarduera autonomo bat izan behar zuen, gizonen batere esku-sartzerik gabekoa. Bigarrenik, akonfesionala izan behar zuen, eliza katolikoa kanpoan utzi eta emakume ezkertiar ez katolikoei parte hartzeko atea ireki. Hirugarrenik, alderdietatik bereizita egon behar zuen.

1919an, Benita Asasen eskutik, Emakume Espainiarren Elkarte Nazionala (ANME) jaio zen, aipatutako hiru zutabeetan oinarritua. 1923an, Asas ANMEko presidente aukeratu zuten eta bai Estatuan bai sortzen ari ziren lege aldaketetan eragina izateko ekintzak koordinatu zituen. Halaber, Espainiako feminismoak nazioarteko foro feministetan ordezkaritza izatea bultzatu zuen.

“Benita Asas berdintasuna lortzearen alde borrokatu ziren emakume espainiarren abangoardiako kidea izan zen batere aldekoa ez zen garai historiko batean. Bere ekarpen nagusia Espainiako mugimendu feminista sendotzeko eta aldaketa bat sortzeko bezainbesteko garrantzia izateko egindako ekintzak izan ziren”, nabarmendu du Villak. 

Gerraren ondoren, "Asas Madril hiritik deserriratzera zigortu zuten, bere filiazio politikoagatik eta jarduera feministagatik, baina ez zuten irakasle gisa ezgaitu. Horri esker, Collado Villalban (Madril) lanean jarraitu ahal izan zuen, erretiroa hartu arte; handik urte batera hartu zuen, hain zuzen. Erretiratutakoan, Bilbon, bizitza publikotik aldenduta bizi izan zen”, argitu du Villak. Azken finean, Villaren ikerketa lanak haren figura argitzen lagundu du.

Informazio gehigarria

María José Villa Historian lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean (2005), UPV/EHUn Historia Garaikideko masterra egin zuen (2011, ikasle onenaren saria lortu zuen), UPV/EHUn Historia Garaikidean doktoratu zen (2019, nazioarteko aipamena eta bikain cum laude kalifikazioa lortu zituen) eta, horrez gain, UCMn Genero Berdintasun masterra egin zuen (2018-2919). Bere ikerketa pertsonaleko ildoak Espainiako mugimendu feministari buruzkoak dira. Gaur egun, Mikel Urquijorekin batera, ‘Bide luzea berdintasunerantz. Euskadiko emakumeak XX. mendean’ erakusketako komisarioa da. Era berean, gaur egun Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalean (UNED) irakasle lanetan ari da eta UPV/EHUko Historia Garaikidea Saileko ikertzailea da 2006tik.