Zientzia Asteak hogei urte beteko ditu 2020an, betiko helburuarekin: zientziarekiko ilusioa piztea. Dena dela, aurten, pandemia dela eta, online egingo dira programatutako 60tik gora jardueretatik gehienak.
Badator berriro Zientzia Astea, online lehen aldiz, zientzia berraurkitzeko eta harekiko ilusioa pizteko
UPV/EHUk eutsi egingo dio Euskadiko zabalkunde zientifikoko ekitaldi handienaren programazioari, beste formatu batean bada ere
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2020/11/04
Zientzia Astearen webgunea zabalik dago jada UPV/EHUko Zientzia Astean interesatuta dauden pertsona guztientzat. Webgunean, aurtengo programari buruzko informazioa ez ezik, eduki osorako sarbidea izango da. Aldez aurreko erreserba eskatzen duten tailer eta hitzaldietarako (zuzenean izango direnak) izen ematea ireki da. Izen ematea behar ez duten gainontzeko jarduerak ikus-entzunezko formatuan egongo dira eskuragarri webgunean azaroaren 6tik aurrera. 60 ekitaldi baino gehiago izango dira, gehienak online, Barakaldoko egoitzan egingo direnak izan ezik, horiek aurrez aurrekoak izango baitira.
Zehazki, 2020ko Zientzia Astean, 21 txoko bisitatu ahal izango ditugu, hainbat arlotan espezialistak diren zientzialariek grabatutako bideoen bidez: superbakterioak, hizkuntzaren zientzia, energia berriztagarriak, eboluzioa, tsunamiak, erizaintza eta zaintza, robotika… eta askoz gehiago!
Gainera, 24 tailer programatu dira, eta horietatik 10etan izena aurretik eman beharko da, tailer horietako ikertzaileak zuzenean arituko direlako parte hartzaileekin; hau da, telematikoki, baina zuzenean eta modu interaktiboan. Besteak beste, Marte, itsasoaren zientziak edo irudi termografikoak izango dira tailer horien protagonistetako batzuk.
Programa osatzeko, 6 hitzaldi izango dira, azaroaren 6tik aurrera eskuragai webgunean. Besteak beste, Ponpeiako freskoen misterioak deskubritzera gonbidatuko gaituen hitzaldia (zuzenean emango da); hitzaldiaz arduratuko diren ikertzaileek entzuleek plataforma interaktiboaren bidez egingo dituzten galdera eta iruzkinei erantzungo diete.
Hiru lehiaketa egingo dira, hainbat gairi loturikoak: argazkigintza geologikoa, ‘haikrostiko’ matematikoak eta biziak salbatzen dituen esku garbiketari buruzko koreografiak (ikus oinarriak www.zientzia-astea.eus helbidean).
Baldintza soziosanitarioek uzten badigute, Zientzia Asteak aurrez aurreko formatua mantenduko du Barakaldon egingo diren jardueretan, azaroaren 4tik 8ra, Clara Campoamor Zentroan. Haurrentzako hiru tailer egingo dira, eta ‘Burdina, herri baten kolorea’ hitzaldia, azaroaren 4an, asteazkena, Oskar Gonzalez Mendiaren eskutik, Kimikan doktorea, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia fakultateko eta Arte Ederren fakultateko irakaslea eta dibulgatzaile zientifikoa. Hitzaldia streaming bidez ere eskainiko da. Bestetik, hiru erakusketa programatu dira: ‘Women’s Space Technology Agency’ eta ‘Ibaizabal Itsasadarra Zientzia eta Teknologiaren ikuspegitik’, biak Clara Campoamor Zentroan, eta ‘Orconerako herdoila’, Luis Choya Almaraz Interpretazio Zentroan.
UPV/EHU ahalegin handia egiten ari da zientziaren eta teknologiaren dibulgazioaren alorrean. Zientzia Astea horren adibide ona da, zientzia zabaltzeko eta sustatzeko ahaleginarena. Miren Bego Urrutia Barandika UPV/EHUko Ikerketa Gizartean Zabaltzeko zuzendariaren hitzetan, “bi dira nagusiki urtero Zientzia Astea antolatzera bultzatzen gaituzten helburuak, baita aurten ere, baldintzak bereziak eta ez hain egokiak badira ere: alde batetik, zientzia gizartera hurbiltzea, bereziki haur eta nerabeengana, baina baita adin guztietako pertsonengana ere, gure erakundearen estatutuek ezarritakoa betetzeko, non esaten baita haren jarduerak erantzun egin behar diela euskal gizartearen beharrei, kultura eta zientzia unibertsalaren ezagutzak zabalduz gizartean. Gaur egun, inoiz baino gehiago, funtsezkoa da gizartean ideia hau zabaltzea: zientzia eta ezagutza funtsezko bi zutabe dira edozein gizarte aurreratutan, birusari eta pandemiak sortutako arazoei aurre egiteko, aberastasun intelektuala eta jarduera berriak sortzeko, ekonomia, gizarte eta enplegu arloan, eta garai berriek behar dituzten trantsizio handiei ekiteko.
Bestetik, Zientzia Astea ospatuz, zientzialarien ereduak erakutsi nahi dizkiegu gazteei, halako moldez, non erreferente izango dituzten beren asmo profesionaletan, eta piztu edo bultzatu egin nahi ditugu bokazio zientifiko-teknologikoak. Horrekin guztiarekin, zientziarekiko gizarte konpromiso eta inplikazio handiagoa lortu nahi dugu”.
Azkenik, hogeigarren edizio honetan, non pandemiak eragotzi egin dituen DBHko eta Batxilergoko milaka ikaslek Zientzia Astera eginiko ohiko bisitak, UPV/EHUk proposamen berritzaile bat egin nahi izan du, Zientzia Asteak ikastetxeekin eta familiekin duen loturari eusteko: “Zientzia Astean jolastuz ikasten” web orri interaktiboa. Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakasle talde batekin elkarlanean, jolas kooperatibo eta digital batzuk diseinatu eta sortu ditugu Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat. Material didaktiko horren helburua da ikasleei gaitasun zientifikoa garatzen laguntzea eta gazteen artean bokazio zientifikoak piztea. Horrela, gamifikazioaren bidez, lortu nahi dugu ikasleek gogoeta egitea beren ingurunea babestu, zaindu eta errespetatzeko moduari buruz, ikertzea beren eguneroko ekintzek ingurumenean duten eraginari buruz, eta ohartzea zer garrantzitsua den egoki jokatzea gure ekosistema mantendu eta berreskuratzeko. “UPV/EHU gure inguruan: Bilboko itsasadarra zientziaren eta teknologiaren prismatik” erakusketaren bisita birtuala jarri dugu irakasleen eskura, ikasleekin erabil dezaten, eta joko didaktiko digital batzuk, erronkak planteatzen dizkietenak ikasleei, lankidetzan ebazteko. Joko horiek girotuta daude umeen eta gazteen artean ezagunak diren egungo serie eta pelikuletan, eta haien motibazioa eta interesa handituko ditu horrek, gai jakin batera hurbiltzeko, gai hori ezagun bihurtu arte.
Baliabide didaktiko honen erabilera ez da hezkuntza alorrera mugatzen, libreki eskura daiteke eta ikasturte osoan eskuratu ahal izango da.
Zientzia Astea UPV/EHUk antolatzen du, hainbat erakunderen laguntzaz: Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala, Gasteizko Udala, Barakaldoko Udala, Vital Fundazioa, Metro Bilbao eta Euskotren.
Informazio gehiago: www.zientzia-astea.eus