euskaraespañol

Gaurko irudia

Azterketa kimikoari esker, Ponpeiako mosaikoak egiteko erabilitako materialen jatorria ezagutu dezakegu

UPV/EHUko ikertalde batek zuri, laranja, gorri eta beltz koloreko teselen osagaiak identifikatu ditu

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/03/27

Iker Marcaida. Argazkia: UPV/EHU.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Analitikoa Saileko IBeA taldeko Iker Marcaidak zuzendutako UPV/EHUko ikerketa bati esker, Ponpeia antzinako hiri erromatarrean mosaikoak egiteko erabili zituzten materialak identifikatu ahal izan dituzte.

Ikerketa horri dagokion artikulua "Heritage Science" aldizkarian argitaratu da. Gerora, izan duen oihartzun handiaren eraginez, “Chemistry World” webgunean ere argitaratu da; hilero argitaratzen den aldizkari horretan, mundu osoko kimikaren arloko albisteak argitaratzen dira, eta Royal Society of Chemistry erakundeak argitaratzen du.

Azterketa horri esker, mosaikoa egiteko erabiltzen diren pieza (tesela) zuriak, laranjak, gorriak eta beltzaz zerez eginda dauden jakin ahal izan da. Besteak beste, material hauek identifikatu zituzten: burdin gorrixkadun mineralak eta hiritik hurbil dagoen Vesuvio sumendiko laba solidifikatuaren zati beltzak. Aurkikuntza horiek lagungarriak izango dira 2.000 urte baino gehiago dituzten artelan horiek euren jatorrizko ingurunean kontserbatzeko.

Ikerketa egiteko, 2015ean eta 2016an ikerketa taldea Ponpeiara joan zen, instrumentazio eramangarria hartuta, azterketa tokian bertan egin ahal izateko, laginik hartzeko beharrik gabe. Era horretan, mosaikoen kontserbazio-egoerak ez zuen kalterik jasan azterketa egin bitartean, eta kolorezko teslen konposizioa zein zen zehaztu ahal izan zuten. Tesela beltzek aluminio, silizio, potasio eta burdin asko zuten, diopsidoa, feldespatoa eta leuzita bezalako mineral ugari zituztelako. Konposizio hori ohikoa da harri bolkanikoetan, eta Ponpeiako artistek erraz eskura zitzaketen era horretako harriak, Vesuvio sumendia handik hurbil baitzegoen.

Horrez gain, ikusi zen tesela zuri, laranja eta gorrien osagai nagusia kaltzio karbonatozko mineral bat (kaltzita) zela. Hala ere, “tesela gorri eta laranxkek burdin gehiago daukate; horrek iradokitzen du hematita (burdin oxidozko mineral gorrixka) geruza piktoriko bat gehitu zitzaiela kaltzitaren gainean kolorea emateko.

Ildo horretatik, teselen materialak identifikatzea baliagarria izan daiteke iraganari buruz gehiago jakiteko; adibidez, artistek materialak nondik ateratzen zituzten, geruza piktorikoa nola aplikatzen zen edota nahi zituzten koloreak nola lortzen zituzten. Horixe da laranjaren kasua: hematita gorria kaltzita zurizko oinarri batean diluitzen zen.

Horrez gain, teselak eta mosaikoak Aintzinako Grezia eta Erromatik kontserbatzen diren materialik zaharrenak dira, eta iraganari buruzko ikuspegi paregabea eskaintzen digute. Kontserbazioaren zientziak askotariko tratamendu eraginkorrak ditu; hala ere, materialen funtsa ulertzea ezinbestekoa da. Horregatik dira hain garrantzitsuak ikerketa honen bidez lortutako emaitzak; izan ere, horiei esker, etorkizunean hobeto erabaki ahal izango dugu era horretako artelanak zaharberritu eta kontserbatzeko egingo diren esku-hartzeak nola gauzatu.

Informazio osagarria

UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Analitikoa Saileko IBeA taldeko (Ikerkuntza eta Berrikuntza Analitikoa) ikertzaileek eta irakasleek gauzatu dute ikerketa, UPV/EHUren eta Ponpeiako Parke Arkeologikoaren artean sinatutako hitzarmenaren esparruan.

Erreferentzia bibliografikoa