euskaraespañol

Eguneko irudia

Aurrerapenak minbiziaren tratamendu ez inbasiboan

UPV/EHUren azterlan batek protokolo berritzaile bat egin du hipertermia magnetikoaren bidezko terapia antitumoral itxaropentsuetarako

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/09/25

Idoia Castellanos-Rubio eta Maite Insausti. Argazkia: Jorge Navarro. UPV/EHU.

Euskal Herriko Unibertsitateko diziplina arteko ikertalde batek metodo berri bat sortu du zelula tumoralak ezabatzeko hipertermia magnetikoa –tenperaturaren igoera lokalizatua– erabiltzean sortzen diren nanopartikulen pilaketak saihesteari begira. Protokolo berritzaile hau aurrerapen garrantzitsu bat da hipertermia magnetiko bidezko terapia antitumoralen esparruan; etorkizun handiko teknika hori saiakuntza klinikoaren fasean dago.

Hipertermia minbiziaren kontrako tratamenduetan erabiltzen den terapia bat da; izan ere, zelula tumoralak beroarekiko sentikorrak dira, zelula osasuntsuak baino gehiago. Bestalde, nanomaterial magnetikoek beroa sor dezakete eremu magnetiko alternoen eraginpean daudenean; beraz, nanopartikula magnetikoen kokapen estrategikoak zelula tumoralen heriotza selektiboa eragin dezake, aldameneko ehun osasuntsuak kaltetu gabe. Hipertermia magnetiko izeneko terapia honen muga handienetako bat da nanopartikula magnetikoek pilatzeko joera dutela. Arazo hori larriagotu egiten da nanopartikulak gorputz bizidun batean daudenean. Nanopartikulak pilatzeak horien beroa sortzeko gaitasuna ia guztiz galtzea dakar. Ondorioz, ia ez dute baliorik etorkizun handia eta ondorio kaltegarri minimoa duen minbiziaren kontrako tratamendu hau egiteko.

Ikerketa honek frogatu duenez –ACS Applied Materials & Interfaces aldizkarian argitaratu da–, magnetitazko (Fe3O4) nanopartikulak PMAO-PEG kopolimeroaren kate luzeekin behar bezala estalita, saihestu egiten da nanopartikulen berotzeko gaitasuna murriztea zelulan. Frogatuta dago, halaber, sistema horiek kolon eta ondesteko minbiziaren zeluletan duten efikazia terapeutikoa (zelulen heriotza eragiten du tratamenduaren 24 orduan eta zelulen heriotza totala 48 orduan).

Informazio gehigarria

Idoia Castellanos-Rubio, lan honen lehen egilea, Kimikako doktorea da UPV/EHUan. Doktoratu ondorengo egonaldi bat egin zuen Buffaloko Unibertsitatean (AEB). Ondoren, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean hasi zen berriro eta 2019ko irailean, Europako Batzordearen Marie Curie beka ezagunetako bat jaso zuen. Kimika Ez Organikoko Saileko GQESM taldeaz gain –talde horretakoa da Castellanos–, Elektrizitate eta Elektronikako Saileko eta Genetika, Antropologia Fisiko eta Animalien Fisiologiako Saileko taldeek ere parte hartu dute lanean.

Erreferentzia bibliografikoa