UPV/EHUko ikerlan batek ebaluatu du alzheimerra duten pazienteen narriadura kognitiboak atzeratzeko erabiltzen diren zenbait farmakok zer eraginkortasun duten eskizofrenia duten pazienteen alterazio kognitiboak hobetzeko. Nazioartean egindako bederatzi saiakuntza kliniko aztertu dituzte, eta pazienteen berreskuratze funtzionala bermatuko duten farmakoak ikertzeko hobekuntza metodologikoak ezarri dituzte ikertzaileek.
Eskizofrenia duten pazienteen defizit kognitiboa tratatzeko farmakoen ikerketan aurrera
Hobekuntzak proposatu ditu UPV/EHUk, eskizofrenia duten pazienteen funtzio kognitiboak indartzeko gaien ikerketa farmakologikoak egiteko
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2019/01/15
Eskizofrenia gaixotasun mental eta kroniko bat da, hainbat sintoma dituena. Mundu mailan desgaitasuna eragiten duen kausetako bat da. Frogatuta dago gaixotasun horren zenbait sintomak, hala nola delirioek eta haluzinazioek, antipsikotiko bidezko tratamendu oso egokia dutela, eta sintomatologia arintzea lortzen dela. Nolanahi ere, pazienteek zailtasun ugari dituzte maila sozial eta funtzionalean jarduteko, alegia, “pazienteek arazo larriak dauzkate eguneroko bizitzako kontuetan jarduteko: bere burua garbitu edota diru-kontuak kudeatzetik hasita, sare sozial egonkor bati eutsi, bikotekidea izan eta lanpostu bat mantentzeraino. Eta horrek ez du tratamendurik”, azaldu du Arantzazu Zabala psikologian doktore eta neuropsikologian espezialistak.
2000. urtetik aurrera, azaldu du Zabalak (ikerlanaren egileetako bat), “agerian geratu zen alterazio kognitiboak direla korrelaziorik handiena dutenak urritasun funtzionalekin, eta, harrezkeroztik, urritasun horiek osatzeko askotariko esku-hartzeak ari dira garatzen komunitate zientifiko osoan; besteak beste, indartzaile kognitiboak: ohiko tratamenduari, tratamendu antipsikotikoari, gehituta, pazienteek dituzten alterazio kognitiboak neurri batean edo bestean lehengoratu edo hobetu ditzaketen farmakoak”.
Hobekuntza metodologikoak, aurrera egiteko
UPV/EHUko, Errioxako Unibertsitateko, BioCruces Health Research Instituteko eta Cibersam-eko (Buru Osasuneko Sare Ikerketa Biomedikoko Zentroa) ikertzaileek hartu dute parte ikerlanean, eta mundu mailan egin diren 9 saiakuntza kliniko analizatu dituzte. Bederatzi saiakuntza horietan aztertu zuten eskizofrenia duten pazienteetan zer eragin duten azetilkolinesterasaren inhibitzaile diren hiru farmakok, zeinak oso eraginkorrak baitira alzheimerra duten pazienteen urritasun kognitiboak hobetzeko (donepeziloa, galantamina eta ribastigmina). Ikertzaileak dioenez, “gaur egun ez dago ebidentzia nahikorik azetilkolinesterasaren inhibitzaileak gomendatu ahal izateko eskizofrenia duten pazienteentzako indartzaile kognitibo gisa”. Izan ere, metaanalisi honetan agerian geratu da analizatu dituzten bederatzi saiakuntzek hainbat muga izan dituztela, eta, horrenbestez, hainbat hobekuntza proposatu dituzte, mota honetako ikerketetan aplikatu beharrekoak.
Nolanahi ere, Zabala doktorea baikor azaldu da: “Lan asko dago egiteko, baina bide onean doa”. Ikertzaileak adierazi duenez, eskuartean izan dituzten saiakuntzak “jatorriko lanak dira, alegia, lehenengoetakoak; baina, gaur egun, askoz ere jomuga terapeutiko gehiago daude. Gure ikerlanak nabarmentzen du mota honetako ikerketek nahikoa kalitate metodologiko izan behar dutela konposatuen eraginkortasuna bermatu ahal izateko”. Norabide horretan, UPV/EHUn egindako ikerlanak hainbat hobekuntza proposatu ditu, komunitate zientifikoak kontuan izan beharko lituzkeenak, “farmako batek pazientearen funtzionalitatean izan dezakeen eraginkortasuna frogatzeaz gainera, farmakoaren beste zenbait alderdi frogatzeko, hala nola farmakoaren segurtasuna eta tolerantzia”, dio Zabalak, amaitzeko.
Informazio osagarria
UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Neurozientziak Saileko Psikiatria arloko eta Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoa Saileko irakasle eta ikertzaileek egin dute ikerlana, Errioxako Nazioarteko Unibertsitateko ikertzaileekin lankidetzan. Ikerlanean jardun duten ikertzaileetako batzuek CIBERSAMen hartzen dute parte (Buru Osasuneko Sare Ikerketa Biomedikoko Zentroa), eta BioCruces Health Research Institutekoak dira.
Erreferentzia bibliografikoa
- Cognitive improvement of acetylcholinesterase inhibitors in schizophrenia
- Journal of Psychopharmacology (2018)
- DOI: 10.1177/0269881118805496