euskaraespañol

Autismoa duten pertsonek ez dute sexu-heziketa egokirik jasotzen

UPV/EHUren azterketa baten arabera, beharrezkoa da gai hori prebentzioaren ikuspegitik lantzea, pertsona horien ongizatea hobetzen laguntzeko

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2024/09/26

Vanesa Lancha, UPV/EHUko Hezkuntza Zientzien Saileko ikertzailea | Argazkia: Jorge Navarro, Komunikazio Bulegoa. UPV/EHU.

Vanesa Lancha UPV/EHUko ikertzaileak sakon aztertu du autismoaren espektroko nahasmendua duten ikasleen errealitatea sexu-heziketari dagokionez estatu osoan. Lanchak ondorioztatu duenez, funtsezkoa da hezkuntza-komunitatearen, elkarteen eta familien inplikazioa, eta ezinbestekoa da hezkuntza-araudia berrikustea eta aldatzea, autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonen sexu- eta ugalketa-eskubideak defendatzeko, errespetatzeko eta babesteko.

Sexualitatea garatzea erronka bat da autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonentzat, gaitz konplexua eta askotarikoa baita eta oztopo instituzional eta sozial handiak izaten baitituzte aurrez aurre. “Autismoa duten pertsonek ez dute jasotzen sexu-heziketa egokirik, eta horrek ondorio kaltegarriak izan ditzake haien osasunean, ongizatean eta bizi-kalitatean. Horregatik, funtsezkoa da arazo horri heltzea, bermatu ahal izateko txikitatik jasoko dutela sexu-heziketa osoa eta inklusiboa —adierazi du Vanesa Lancha Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) ikertzaileak—. Desagerrarazi egin behar ditugu gizarte-sineskeriak eta -jarrerak, eta, osasun- edo jokabide-arazo bat sortzen denean, prebentzioan oinarriturik heldu behar diogu gai horri, eta ez premiari erantzunez”.

Helburu gisa harturik argi pixka bat egitea egoera konplexu bati —zeina eragin erlijioso, kultural, politiko eta sozialek zailtzen baitute, baita familien, hezkuntzako profesionalen eta herritarren konfiantza eta prestakuntza faltak sorturiko eta baldintzaturiko lotsak ere—, UPV/EHUko Hezkuntza Zientzien Saileko ikertzaile Lanchak autismoaren espektroko nahasmendua duten ikasleen sexu-heziketa aztertu du estatu osoan, oinarri gisa harturik elkarte espezializatuetako, ikastetxeetako eta familietako talde profesionalen ikuspegia, dauzkaten eta hautematen dituzten beharrak eta zailtasunak deskribatzeko eta identifikatzeko.

Lancharen iritziz, “sexualitatea gizakiaren bizitzaren parte da, eta haren garapena funtsezkoa da edozein pertsonarentzat, baita autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonentzat ere, kontuan izanik oraindik ere badirela haien sexualitateari eta sexu-heziketari buruzko uste faltsuak. Zuzena ez izanagatik ere, uste izan ohi da haurrak izaten jarraitzen dutela bizitza osoan, ez direla heldu bihurtzeko gai eta etengabe gainbegiratu behar direla haien ustezko kalteberatasunagatik; are gehiago, pentsatzen da ezin dutela eduki bikotekide egonkorrik eta ezin dutela izan familia bat seme-alabekin. Era berean, uste da sexu-heziketa goiz eskaintzeak sexu-desioak piztuko dizkietela, eta, beraz, hezkuntza hori ez dela beharrezkoa nerabezarora edo heldutasunera arte.

Inplikaziorik, erreferentziarik eta protokolorik eza

Azterlanak agerian utzi ditu zenbait gabezia eta arazo heziketa horri heltzerakoan; “horiek nabarmenagoak dira bigarren hezkuntzako ikasleengan eta eragin-maila larriagoa duten pertsonengan”. Hori horrela, neurri batzuk proposatzen ditu, zuzenean edo zeharka pertsona horien sexualitateari buruzko uste okerrak desagerrarazten laguntzeko.

UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko ikertzaileak adierazi du beharrezkoa dela hezkuntza-araudia berrikustea eta aldatzea, autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonen sexu- eta ugalketa-eskubideak eta sexu-heziketa jasotzeko eskubidea defendatzeko, errespetatzeko eta babesteko: “Beharrezkoa da legediak pertsona horien premia bereziak kontuan hartzea. Ez badago hezkuntza hori bermatzen duen legedirik, ez da bideratuko baliabiderik hezkuntza horri heltzeko, eta, beraz, izugarriak dira giza baliabideen eta baliabide materialen gabeziak.

Gainera, Lanchak nabarmendu du zailtasun handiak daudela sexu-heziketa irakasteari eta ikasteari loturik: “Ez dago protokolo argirik gai horietan esku hartzeko; erreferentziak falta dira gai horiei heltzeko, profesionalek sexologian eta autismoaren espektroko nahasmenduan adituak izan behar baitute aldi berean. Eta erreferentziarik izan ezean, nekez izan daiteke bitarteko materialik eta giza baliabiderik. Beharrezkoa da berariazko prestakuntza-programak diseinatzea, ikasleen laguntzarekiko konfiantza areagotzeko, baita baliabide eguneratuak sortzeko ere, haien ezaugarri eta beharretara egokituta betiere.

Era berean, beharrezkotzat jotzen du sexualitatearekiko jarrera kaltegarriak desagerraraztea, eta ezinbestekoa iruditzen zaio, orobat, hezkuntza-komunitatean dagoen parte-hartze urria aberastea eta erantzukizun partekaturik eza gainditzea. Garrantzitsua da proposamenak sortzea gai honen inguruan hezteak duen garrantziaz kontzientziatzeko, eta familiak, irakasleak, osasun-profesionalak, gobernu-eragileak eta elkarte espezifikoak adoretzea parte har dezaten; izan ere, sexu-heziketa sexu-praktikak baino gehiago da, eta barnean hartzen ditu, besteak beste, afektibitatea, emozioak eta aldaketa fisiko eta psikologikoak ere.

Gaur egun, Lancha liburu zuri bat diseinatzen ari da elkarte, familia eta hezkuntzako profesionalentzat, eta, han, aurkikuntza horien emaitza nagusiak eta gakoak aurkezten dira.

Informazio osagarria

Ikerketa hau Vanesa Lancha Villamayorrek egina da bere doktorego-tesian (Autismoaren espektroko nahasmendua duten ikasleen sexu-heziketa. Sexualitatearen gakoak hezkuntza-inguruabarretan). Juan Etxeberria Murgiondo Estatistika Aplikatuko katedradunak zuzendu du UPV/EHUren Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko Hezkuntza Zientzien Sailean. Lancha gaur egun irakaslea da Didaktika eta Eskola Antolaketa Sailean, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza graduetan, bai eta Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza gradu bikoitzean ere.