euskaraespañol

Aurrerapen garrantzitsuak giltzurruneko minbiziaren ezagutzan

Giltzurruneko minbiziari buruz Cell aldizkariak argitaratutako hiru lanen egileetako bat UPV/EHUko eta Gurutzetako UOko ikertzailea da

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/04/20

Aurrerapen garrantzitsuak giltzurruneko minbiziaren ezagutzan
José Ignacio López doktorea

Cell aldizkari ezagunak giltzurruneko minbiziari buruzko hiru artikulu argitaratu ditu gaur. TRACERx Renal Consortium diziplina anitzeko taldea da haien sinatzailea, eta talde horretako kide da José Ignacio López doktorea, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko patologoa eta UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasle titularra. Argitaratutako lanetan, datu berriak ematen dituzte giltzurruneko minbiziaren biologiaren zenbait alderdiri buruz, eta horrek lagunduko du iragarpenak eta balizko terapiak hobetzen.

Cellek, biologiaren arloko izen handieneko nazioarteko aldizkariak, giltzurruneko minbiziari buruzko hiru artikuluko seriea argitaratu du gaur. Lan horien sinatzaileen artean dago José Ignacio López doktorea, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Anatomia Patologikoko zerbitzuburua eta UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Anatomia Patologikoko irakasle titularra. “Hainbat asaldu molekular identifikatu ditugu, giltzurruneko minbiziaren genesiarekin eta horrek denboran eta espazioan duen bilakaerarekin lotuak. TRACERx Renal Consortium diziplina anitzeko taldeak egin du ikerketa; taldea, berez, Erresuma Batukoa da, eta nik aktiboki hartzen dut parte bertan”, dio ikertzaileak.

300.000 laguni diagnostikatzen diete urtean giltzurruneko minbizia munduan, eta tumore gaizto ohikoenetan zazpigarrena da mendebaldeko herrietan. TRACERx Renal Consortium diziplina anitzeko talde bat da, oinarrizko zientzian dabiltzan ikertzaileek eta mediku klinikoek osatua, eta Erresuma Batuko zenbait ospitaletako ehunka kasuren azterketa prospektiboa egiten du. Giltzurruneko zelula argien kartzinoma dute ikergai, giltzurruneko minbizi ohikoena eta bortitzena, ezbairik gabe. Lehen mailako osasun-arazo bilakatu den gaixotasun horren atzean dauden mekanismoak gehiago eta hobeto ezagutzen dihardute, neoplasia horren barne-mekanismoak ezagutzea baita tratamendu eraginkor bat lortzeko lehenengo pausoa.

Hiru artikuluetako batean, “haurtzaroan eta nerabezaroan gertatzen diren aldaketa molekular batzuk deskribatzen dira, orduan sintomarik ematen ez dituztenak, baina haiek direla-eta garatu ohi da giltzurruneko minbizia zenbait hamarkada geroago. Zehatzago esanda, 3. kromosomaren beso motzetik material genetikoa askatu eta 5. kromosomako beso luzean eransten da, kromotripsi deritzon mekanismoaren bitartez. Horren ondorioz, gene tumore-ezabatzaile batzuk inaktibatu edo isildu egiten dira, eta hori ezinbestekoa da giltzurruneko zelula argien kartzinoma garatzeko”.

Giltzurruneko zelula argien kartzinomak denboran eta espazioan zer bilakaera duen deskribatzen du argitaratutako beste lan batek. “Orain dela gutxi arte tumoreen bilakaera estokastikoa (ez determinista) dela jotzen zen, baina giltzurruneko zelula argien kartzinomaren bilakaera genomikoaren zazpi profil determinista aurkitu ahal izan ditugu guk, eta bakoitza agresitibitate-maila batekin dago lotuta”, azaldu du Lópezek.

Azkenik, giltzurruneko zelula argien kartzinoma batzuen eta haiek eragindako metastasien profil genetikoen arteko antzekotasunak eta desberdintasunak azaltzen dituzte hirugarren artikuluan, eta metastasia eragiteko ahalmen desberdineko ereduak definitu dituzte. “Profil horiek antzemanda, iragarri ahal izango litzateke nolako metastasia espero daitekeen kasu bakoitzean (non, noiz, nola garatuko den)” zehaztu du ikertzaileak.

Gaitza tratatzeko behin betiko emaitzarik lortu ez badute ere, Lópezek azpimarratu du ikerketek “informazio berritzailea eta oso baliagarria” eskaintzen diotela aurretik zegoen jakintzari. Cell aldizkariak aldi berean argitaratu ditu hiru lanak, eta horrek berresten du zer garrantzitsuak diren. “Aurrekaririk ez duen mugarri bat da, bai niretzat, ikertzaile gisa, bai Euskal Herriko Unibertsitatearentzat. Izan ere, oso argitalpen lehiakorra da Cell, eta oso zaila da bertan argitaratzera iristea”, dio Lópezek, bukatzeko.

Informazio osagarria

Cell aldizkariak giltzurruneko minbiziari buruz gaur argitaratu dituen hiru artikuluetako bitan egilekide nagusi gisa sinatu du, ekarpen-maila berarekin, José Ignacio Lópezek, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Anatomia Patologikoko zerbitzuburu, Biocruces Osasun Ikerketako Institutuko kide eta UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Anatomia Patologikoko irakasle titularrak. Patologo aholkulari gisa aktiboki hartzen du parte López doktoreak Tracking Renal Cell Cancer Evolution through therapy taldean (TRACERx Renal Consortium). Diziplina anitzeko talde hori Erresuma Batuan dago kokatua. Gaur argitaratu diren lanetan, López doktoreak lagundu du ehunka pazienteren milaka laginen analisia eta karakterizazio histologikoa egiten, bai eta ikerketen zati batzuk diseinatzen eta haiek analisi molekularrekin lotzen ere. López doktorea oraindik ere ari da TRACERx Renal Consortium taldeko beste ikerketa batzuetan parte hartzen, eta espero daiteke haietan lortuko dituzten emaitzak Cell bezalako munduko lehen mailako aldizkari zientifikoetan argitaratzea etorkizunean. 

 

Erreferentzia bibliografikoa

  • Thomas J. Mitchell, Samra Turajlic, Andrew Rowan, David Nicol, James H.R. Farmery, Tim O’Brien, Inigo Martincorena, Patrick Tarpey, Nicos Angelopoulos, Lucy R. Yates, Adam P. Butler, Keiran Raine, Grant D. Stewart, Ben Challacombe, Archana Fernando, Jose I. Lopez, Steve Hazell, Ashish Chandra, Simon Chowdhury, Sarah Rudman, Aspasia Soultati, Gordon Stamp, Nicos Fotiadis, Lisa Pickering, Lewis Au, Lavinia Spain, Joanna Lynch, Mark Stares, Jon Teague, Francesco Maura, David C. Wedge, Stuart Horswell, Tim Chambers, Kevin Litchfield, Hang Xu, Aengus Stewart, Reza Elaidi, Stéphane Oudard, Nicholas McGranahan, Istvan Csabai, Martin Gore, P. Andrew Futreal, James Larkin, Andy G. Lynch, Zoltan Szallasi, Charles Swanton, Peter J. Campbell, and the TRACERx Renal Consortium
  • Timing the Landmark Events in the Evolution of Clear Cell Renal Cell Cancer: TRACERx Renal.
  • Cell
  • DOI: 10.1016/j.cell.2018.02.020
  • Samra Turajlic, Hang Xu, Kevin Litchfield, Andrew Rowan, Stuart Horswell, Tim Chambers, Tim O’Brien, Jose I. Lopez, Thomas B.K. Watkins, David Nicol, Mark Stares, Ben Challacombe, Steve Hazell, Ashish Chandra, Thomas J. Mitchell, Lewis Au, Claudia Eichler-Jonsson, Faiz Jabbar, Aspasia Soultati, Simon Chowdhury, Sarah Rudman, Joanna Lynch, Archana Fernando, Gordon Stamp, Emma Nye, Aengus Stewart, Wei Xing, Jonathan C. Smith, Mickael Escudero, Adam Huffman, Nik Matthews, Greg Elgar, Ben Phillimore, Marta Costa, Sharmin Begum, Sophia Ward, Max Salm, Stefan Boeing, Rosalie Fisher, Lavinia Spain, Carolina Navas, Eva Grönroos, Sebastijan Hobor, Sarkhara Sharma, Ismaeel Aurangzeb, Sharanpreet Lall, Alexander Polson, Mary Varia, Catherine Horsfield, Nicos Fotiadis, Lisa Pickering, Roland F. Schwarz, Bruno Silva, Javier Herrero, Nick M. Luscombe, Mariam Jamal-Hanjani, Rachel Rosenthal, Nicolai J. Birkbak, Gareth A. Wilson, Orsolya Pipek, Dezso Ribli, Marcin Krzystanek, Istvan Csabai, Zoltan Szallasi, Martin Gore, Nicholas McGranahan, Peter Van Loo, Peter Campbell, James Larkin, Charles Swanton, and the TRACERx Renal Consortium.
  • Deterministic Evolutionary Trajectories Influence Primary Tumor Growth: TRACERx Renal.
  • Cell
  • DOI: 10.1016/j.cell.2018.03.043
  • Samra Turajlic, Hang Xu, Kevin Litchfield, Andrew Rowan, Tim Chambers, Jose I. Lopez, David Nicol, Tim O’Brien, James Larkin, Stuart Horswell, Mark Stares, Lewis Au, Mariam Jamal-Hanjani, Ben Challacombe, Ashish Chandra, Steve Hazell, Claudia Eichler-Jonsson, Aspasia Soultati, Simon Chowdhury, Sarah Rudman, Joanna Lynch, Archana Fernando, Gordon Stamp, Emma Nye, Faiz Jabbar, Lavinia Spain, Sharanpreet Lall, Rosa Guarch, Mary Falzon, Ian Proctor, Lisa Pickering, Martin Gore, Thomas B.K. Watkins, Sophia Ward, Aengus Stewart, Renzo DiNatale, Maria F. Becerra, Ed Reznik, James J. Hsieh, Todd A. Richmond, George F. Mayhew, Samantha M. Hill, Catherine D. McNally, Carol Jones, Heidi Rosenbaum, Stacey Stanislaw, Daniel L. Burgess, Nelson R. Alexander, Charles Swanton, and PEACE, the TRACERx Renal Consortium
  • Tracking Cancer Evolution Reveals Constrained Routes to Metastases: TRACERx Renal.
  • Cell
  • DOI: 10.1016/j.cell.2018.03.057