euskaraespañol

Marta Macho-Stadler

Aurora Sampedro Piñeiro, Espainiako kimikan aitzindaria

Matematika Saileko irakaslea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2024/10/02

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

“Aurora San Pedro de Benquerenciako Canteiro eskolan hasi zen zortzi eta bederatzi urte bitartean zituenean. Neska azkar, ikusbera, diziplinatu eta aplikatu hori Kimikan lizentziatu zen urte batzuk beranduago, doktoretza egin zuen arlo berean, eta nazioartean eta mundu akademikoan ospea izan zuen ikerlaria izan zen. Auroraren talentua deskubritu zuena bere irakaslea izan zen, Juanita andereñoa. Bera arduratu zen oinarrizko batxilergo librerako azterketetarako prestatzeaz, Lugoko institutuan”.

Universo Aurora Sampedro Piñeiro’ (EOditorial, 2023) liburuaren kontrazalean ageri den testua da.

Manuel Rivero Pérez egileak kimikariaren historia zientifiko eta humanoa jaso du liburuan, lan egin zuen eta ikertu zuen lekuetako artxiboetako dokumentu ugariei eta senideekin izandako elkarrizketa batzuei esker.

Ikasle bikaina

Aurora Sampedro Piñeiro Barreirosen (Lugo) jaio zen 1913ko urtarrilaren 15ean. María Antonia Piñeiro Moreda eta Francisco Sampedro Fuenteren sei seme-alabetatik gazteena zen. Ikasle aplikatua zen eta 1930ean Lugon oinarrizko batxilergoa amaitu zuenean, Madrilera joan zen ikasten jarraitzera.

1930 eta 1935 artean Residencia de Señoritas egoitzan bizi izan zen. 1915ean sortu zen erakunde hori Espainian emakumeentzako unibertsitateko irakaskuntza sustatzeko lehen zentro ofiziala izan zen. Lehen zuzendaria, 1936ra arte,  María de Maeztu pedagogoa izan zen (1881-1948).

Aurora zentroan bizi izan zen garaian, ez zuen Ourenseko Olimpia Valenciarekin topo egin. Valenciak 1930ean egin zuen medikuntzako bere doktore tesiaren defentsa. Halaber, ezin izan zituen lokalak eta hizketaldiak partekatu Coruñako María Josefa Wonenburger Planellsekin  (1927-2014), 1945etik aurrera egon baitzen bertan.

Hiru ikasle galiziar horiek ingurune intelektual berdingabeaz gozatu ahal izan zuten hiru garai desberdinetan. Agian, Aurorak kimikako praktikaren bat egin ahal izan zuen Mary Louise Foster (1865-1960) biokimikariak egoitzan sortu zuen Foster Laborategian, kimikako oinarrizko teknikak irakasteko eta unibertsitateko praktiken gabezia arintzeko. Ez dakigu.

Cervantes Institutuan erdi mailako ikasketak amaitzean, Aurorak Madrilgo Unibertsitate Zentraleko Zientzia Kimikoetako fakultatean jarraitu zuen 1932 eta 1935 artean. Oviedoko Unibertsitatera joateko espediente lekualdaketa eskatu zuen 1935ean, baina Gerra Zibilak guztia eten zuen.

1939an, ikasketei berrekin zien eta 1941ean amaitu zuen. Asturiasko ikastetxe batzuetan lan egin eta gero, Madrilera itzuli zen doktore tesia egitera, Ángel Santos Ruizen (Farmaziako Fakultatea) eta  Juan Manuel López Azconaren (Gregorio Rocasolano Fisika-Kimika Institutua-IFQGR) zuzendaritzapean.

Tesi proiektuan oligoelementuak aztertu zituen animalia-jatorriko Espainiako elikagaietan. Zientzietako doktore titulua (Kimiken atala) lortu zuen 1948an eta bere emaitzak argitaratu zituen, besteak beste, ‘Revista Española de Fisiología’ aldizkarian.

Ikerlari aktiboa

Ondoren, IFQGReko espektrokimika saileko laborategiko arduraduna izan zen. Eta 1954an, oposizio bidez, zientzia kimikoetako doktore gisa sartu zen RENFEren laborategi nagusian. Dibisioko azpi-arduradun izatera ere igaro zen.

Gainerako urteak lanpostu horretan egin zituen. Ikerketarako aukerak handitu zitzaizkion bertan, taldeak, operazio-teknikak eta langile espezializatuak zituelako. RENFEren laborategi nagusiaz gain, lekuan bertan ikertzeko baliabide mugikorrak zituen.

1961ean, Juan March Fundazioaren beka bat lortu zuen ikerketa proiektu batekin: ‘Bateria elektrikoen eta berunezko kojineteen fabrikazioan erabilitako aleazioen kontrol industriala’.

Bere doktore tesian erabilitako teknika espektrokimika baliatuz (perfekzionatua eta handitua), hainbat aleazio metaliko aztertu zituen, besteak beste Enrique Asensi Álvarez-Arenasen laguntzarekin, Esteban Terradas Teknika Aeroespazialaren Institutu Nazionaleko laborategiko arduradunarekin.

Hainbat argitalpen egin zituen bere aurkikuntzekin eta aleazio metalikoetako ezpurutasunei, konposatuei eta fusio tenperaturei buruzko informazioa eman zuen. Automobilgintzako bateria elektrikoen eta industriako hainbat adarretako beste material batzuetan aplikatu ziren.

Besteak beste, zientzialariak hainbat metalen korrosioa, materialen nekearekiko erresistentzia, ezpurutasunen zehaztapena, frikzioaren aurkako aleazioak, giro tenperaturako kristalizazio prozesuak, gogortasun handiagoa lortzeko artsenikoa gehitzea edo segregazio fenomenoa mugatzeko kobrea erabiltzea, azido sulfurikoaren erasoen aurrean korrosioaren aurkako elementu gisa berunak duen erresistentzia eta abar ikertu zituen.

Berreskuratutako legatua

1977an, zientzia esperimentalen korrespontsala izendatu zuen Espainiako Doktoreen Errege Akademiak, “nutrizioaren eta automobilgintzaren arloen zientziari egindako ekarpenengatik”.

1996ko ekainaren 30ean, Benquerenciako hondartzatik etxera itzultzen ari zela autoan, bideko erreten baten aurka jo zen eta garondoa hautsi zuen.  86 urte zituen.

2023an, Manuel Rivero Pérezek hil osteko Barreiros kontzejuko alaba kutun (2024ko hasieran izendatu zuten) eta Luyegoko adopzioko alaba izendatzea sustatu zuen. Halaber, Galiziako Zientziaren Eguna kimikari aitzindariari eskaintzeko eskatu du, Espainiako zientziaren aurrerapenari egindako ekarpen handiarengatik.

Marion Carré idazleak dioen moduan, “ahazten dugun zientzialari bakoitzeko, ehunka ez dira jaiotzen”. Eta Manuel Riverok bere historia berreskuratzeko egin duen lanari esker, Aurora Sampedro Piñeiro erreferentea izan daiteke hurrengo belaunaldientzat.