euskaraespañol

ASA - Asociación Sostenibilidad y Arquitectura elkartearen aitortza jaso dute arkitekturako ikasleek

Álvaro Arratibelek, Jone Ayarzak, Lorea Cobosek eta Irati Santxezek hirugarren saria jaso dute aipatu erakundeak antolatzen duen `ASA acción Schools x Future’ lehiaketan

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2024/06/21

Irudia
Ezkerretik eskuinera, Matxalen Acasuso Atutxa (ASAko diruzaina), Alvaro Arratibel Jareño, Lorea Cobos Diaz, Jone Ayarza Astigarraga, Irati Santxez Santamaria eta Manuel Fonseca Gallego (ASAko lehendakariordea) | Argazkia: ASA

Zorioneko dago UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoa; izan ere, Asociación Sostenibilidad y Arquitecura (ASA) elkartearen aitortza jaso zuten bertako lau ikaslek. Álvaro Arratibel Jareñok, Jone Ayarza Astigarragak, Lorea Cobos Díazek eta Irati Santxez Santamaríak hirugarren saria irabazi zuten aipatu erakundeak antolatzen duen ‘ASAacción Schools x future’ lehiaketan.  

ASA elkartea, Madrilen egoitza duena, arkitektura eta hirigintza arloko profesionalek osatzen dute batez ere. Haren helburua da arkitekturaren arloan jasangarritasuna, kalitatea eta berrikuntza garatzera bideratutako jarduerak sustatzea eta horiek hirigintzan aplika daitezen bultzatzea. Hala, ‘ASAacción Schools x future’ lehiaketa antolatzen du elkarteak; bertan, espazio jakin bat (lehiaketaren egunean bertan ezagutzera ematen dena) eraldatzeko ideia eta proposamenak aurkezteko eskatzen zaie parte hartzaileei. Izena ematen duten taldeek idatzizko azalpenen eta eskalan egindako irudien bitartez aurkeztu behar dituzte proposamenaren funtsezko alderdiak eta ezaugarri guztiak (funtzionalak, formalak eta eraikuntzari nahiz alderdi energetikoari dagozkienak), eta hasierako irudi bat gutxienez planteatu behar dute.

Álvaro, Jone, Lorea eta Iratiren taldeari Bilboko Jesuitak Indautxu ikastetxea eta haren inguruak birplanteatzea egokitu zitzaion, haien ustez, eskolak etorkizunean nolakoa izan behar zuen irudika zezaten. ‘IKASITAKOA DESIKASTEN’ (‘DESAPRENDIENDO LO APRENDIDO’) izenburua jarri zioten aurkeztutako proposamenari. “Ekosistema bizi berri bat proposatu genuen, zaintza, jasangarritasuna eta komunitatea oinarri hartuta. Gure proiektuan eskolaren eta auzoaren arteko harremana birdefinitu nahi genuen, oztopo fisikoak ezabatuz eta integrazioa sustatuz. Horretarako, hiri mailako eskalan zentratu ginen lehendabizi, etorkizuneko hiria '15 minutuko hiri' gisa ulertuta. Hartara, pertsonen eguneroko premiak asetzeko sare bat planteatu dugu, ulertuta auzoa dela komunitateko bizimodua bultzatzen duen ekosistema; espazio beregaina, inklusiboa, irisgarria eta segurua. Hori horrela, kalea bera da osotasun baten birika eta engranajea, eta bizilagunak dira haren jabeak. Gainera, eskolaren eta auzoaren arteko harremana birdefinitu egiten da proiektu honetan, oztopo fisikoak eta ukiezinak ezabatuta. Eskala txikiago batean, ikasgeletatik harago zabaltzen den espazio gisa ulertzen dugu eskola; izan ere, ezarritako mugak hautsi behar direlakoan gaude, eskolak harreman zein egoera aberasgarriak sortzen dituelako. Bertan, erabiltzaileak espazioaz jabetu egiten dira eta, hala, kide sentimendua eta aukerak sortzen dituzte, eta belaunaldien arteko komunikazioa bultzatzen dute”.

Lau taldekideek esker ona adierazi dute Asociación Sostenibilidad y Arquitectura elkarteak emandako saria jaso ondoren. “Guretzat oso garrantzitsua izan da Espainiako arkitektoen artean hain ospetsua den lehiaketa batean hirugarren postua lortzea. Lehendabiziko aldiz aurkeztu gara horrelako lehiaketa batera, eta oso zoriontsu gaude hain urruti iristea lortu dugulako, baita gure ideiak baloratu dituztela sentitu dugulako ere". Pozik mintzo izan dira partaideak.