euskaraespañol

Gaurko irudia

Landare biologia eta Ekologia saileko ikertzaileak

Arturo Elosegi eta Aitor Larrañaga: «Izugarrizko datu-baseak dauzkagu hemen, klima-aldaketari buruzko gauza interesgarriak lortzeko»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2021/07/01

Aitor Larrañaga eta Arturo Elosegi
Aitor Larrañaga eta Arturo Elosegi Leitzaran ibaian. Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU.

Berriki hitzarmen bat lotu dute UPV/EHUko Ibaien ekologia ikerketa-taldeak, INRAE eta UPPA erakundeetako Ecobiop taldeak eta Berkeleyko Unibertsitateko Freshwater taldeak, nazioarteko laborategi elkartu bat sortzeko: LIA MacLife. Klima-aldaketak ur gezetako ekosistemetan zer eragin duen aztertuko dute elkarlanean. Hitzarmen horrek beren ikerketari zer aukera ekarriko dizkien argitu digute UPV/EHUren aldetik proiektuaren buru diren Arturo Elosegi Irurtia katedradunak eta Aitor Larrañaga Arrizabalaga irakasleak.

Nondik nora egin zenuten hiru ikerketa-taldeek hitzarmena, laborategi hau sortzeko?

LIA MacLife bezalako nazioarteko laborategi elkartu hauek figura frantses bat dira: Frantziako Gobernuak bultzatzen eta arautzen ditu halako ekimenak. Ez dira egoitza fisikoak, ikerketa-unitateak baizik. Normalean, bi herrialdetako erakundeak biltzen dira elkarlanerako; gurean, berriz, hiru erakunde bildu gara. Gainera, kideetako bat Estatu Batuetakoa duen bakarrenetako bat da. Eta hori helburu estrategikoa da Frantziarentzat.

UPPAko Ecobiop taldetik sortu zen ekimena, eta laborategia sortzeko proposamena egin ziguten, bai guri, Ibaien ekologia taldeari, bai Freshwater taldeari, gure jarduna haiek egiten dutenaren osagarri delako. Gure taldeari dagokionez, aurretik ere lankidetzan aritu gara Ecobiop taldearekin, unibertsitate ahizpak baitira UPPA eta UPV/EHU, eta zenbait tesi zuzendu ditugu elkarlanean.

Hitzarmena sinatuta, izapide administratiboetan lanean ari gara orain. Izan ere, aurreikusita dago doktoretza-osteko zenbait ikertzaile hastea lanean, eta pertsona horiek zein diren erabakita dago.

Zer gauza egiteko aukera emango dizue laborategi honen parte izateak?

Aukera izango dugu guk hainbeste landu ez ditugun arloetan espezializatuta dauden zientzialariekin aritzeko. Gure kasuan, adibidez, arrainen biologiaren kontua gutxiago landu dugu, eta UPPAkoek, berriz, horretan dihardute batik bat, haien portaera eta ekologia ikertzen, populazioetan zentratuta. Kaliforniakoak, bestalde, komunitateetan zentratuta daude, eta, gu, berriz, ikusten gaituzte komunitate eta ekosistemen funtzionamenduan zentratuta. Orduan, gure jardunak osagarriak izanik, edozer gauza elkarrekin egiteak ahalbidetuko digu esparru horiek guztiak aztertzea.

«Aukera izango dugu guk hainbeste landu ez ditugun arloetan aritzeko»

Gainera, elkarlanak ateak irekitzen dizkigu batzuek besteen azpiegiturak erabili ahal izateko. Normalean, edozer ikerketa-azpiegitura erabiltzeko aukera egoten da, publikoak izan ohi direlako, baina itxarote-zerrenda luzeak egoten dira. Lehentasunezko bazkide izanda, berriz, errazagoa izango zaigu. Guk, esate baterako, laborategi barruko erreka artifizial batzuk dauzkagu. Berkeleykoek, bestalde, gurea bider 100 dute, eta mendian: erreka artifizialak dira horiek ere, baina beste eskala batean, 50 bat metro luze dira. Edo Frantziak uhartedi bat dauka, Kerguelen, Indikoan, Antartidatik gertu, ia inor bizi ez den leku bat, eta haientzat laborategi natural bat da. Gustatuko litzaiguke han gauzak egitea.

Beste alde batetik, halako talde handietan egonda ideia berriak sortzen dira. Ideia interesgarriak izatea gakoa izaten da ikerketak diseinatzeko, eta elkarrekin zer egin dezakegun pentsatzera behartuko gaituenez lankidetzak, espero dugu ideia eta eztabaida oparoak izatea esperimentuen diseinu-fasean, gero behar bezala erantzuteko.

Nabarmendu dezagun zer garrantzi duen ur gezetako ekosistemetan klima-aldaketaren eragina ezagutzeak. Gutxitan entzuten dira lotuta klima-aldaketa eta ur gezetako ekosistemak.

Bai, eta, izatez, oso garrantzitsua da. Klima badakigu aldatzen ari dela, neurtzen dugu, eta nahiko ongi aurresan dezakegu nola aldatuko den. Baina hori gauza bat da, eta beste bat, berriz, aldaketa horrek zer ondorio izango dituen. Eta ez da batere sinplea. Esate baterako, prezipitazioa murrizten bada, badakigu, ondorioz, erreketako emaria murriztuko dela. Zenbat murriztuko den, ordea, ez da prezipitazioen menpekoa bakarrik; hor sartzen da, halaber, nolako basoak dauden arroetan, edo prezipitazio horiek denboran kontzentratuak izango diren, edo banatuagoak. Eta emariak murrizteak ekarriko du gure ibai eta erreketan inoiz izan ez diren ingurune fisiko batzuk izatea, eta bertako komunitateek izugarrizko estresa izango dute, modu batera eboluzionatu dutelako, eta, orain, kolpez, kondizioak aldatu zaizkielako.

«Gizakientzat ere, izugarrizko inplikazioak izango dituzte ur gezatan gertatzen diren aldaketek»

Gizakientzat ere, izugarrizko inplikazioak izango dituzte ur gezatan gertatzen diren aldaketek. Batetik, hidroelektrizitatea: oso garrantzitsua da, eta emariak aldatzen badira ondorioak izango ditu. Bestetik, ibaietako ur asko erabiltzen dugu, urtegietan, eta abar. Ikusteko dago zenbat geratuko den, zer kalitate izango duen...

Ikerketa-mailan, indar handia duen gaia da? Zer da klima-aldaketa neurtzea?

Bai, jende asko dago mundu osoan hori ikertzen, arlo edo gai askotan. Adibidez, muturreko gertaeren eragina, uholdeena eta lehorteena. Edo, garai batean, asko landu zen tenperatura aldatzeak zer eragin duen (orain, indar pixka bat galdu du gai horrek).

UPPAko bazkideek espezieen estrategiak dituzte aztergai, eta saiatzen dira aurresaten espezie jakin batek nola erantzungo dion prezipitazioaren erregimena aldatzeari. Hemen, prezipitazio-kantitatea ez da aldatu, baina euria egun gutxiagotan botatzen ari da, eta egoera berri horretan espezie jakinetako arrainen ugalketa nola aldatzen ari den dute aztergai. Horrelakoak aurresaten saiatzen gara, eta zer ondorio izan dezaketen ulertzen, gero kudeaketaren aldetik hobetzen saiatzeko.

Egia da, halaber, ur gezetako ekosistemek biltzen dituztela hainbat eremutan gertatzen diren inpaktuak, eta oso erreaktiboak direla. Orduan, askotan zaila da klima-aldaketa bezalako epe luzeko joerak isolatzea. Eta hain justu horretarako baliatuko ditugu Euskal Autonomia Erkidegoan bilduta dauden datu-serie luzeak.

LIA MacLife laborategian bada beste gauza polit bat ere: nahiko klima-tarte handia dugu. Ecobiop eta gu nahiko gertu gaude geografikoki; haiek Senperen daude. Baina iparraldeko ibaiek eta hegoaldekoek nahiko hidrologia desberdina dute, gureak askoz torrentzialagoak dira, uherragoak, oso motzak eta malkarrak direlako, eta desberdina da, halaber, bateko eta besteko amuarrainen portaera: oso-oso bizi-filosofia desberdinak dauzkate hidrologiari begira. Kondizio beretan jarrita, oso desberdin erantzuten dute.

Bestalde, gure eremuan, oso distantzia txikian dauzkagu bai klima atlantikoa, bai mediterraneoa. Eta klima-aldaketak oso eragin desberdina izango du alde atlantikoan eta mediterraneoan. Eta kaliforniarrek ere izugarrizko aldea dute Sierra Nevadatik, 4.000 metro baino gehiagoko mendietatik, kostalderaino.

Zuek, zehazki, zer ekarpen egingo duzue?

Esan bezala, lehenengo gauza izango da lehenagotik dauzkagun datu-baseak aztertzen hastea. Izugarrizko datu-baseak dauzkagu, serie tenporal luzeenetakoak, edo, behintzat, xehetasun geografiko handienekoak, ibaien egoerari buruz. Bereziki Gipuzkoan, non jasota dagoen nola aldatu diren azkeneko 30 urtean uraren kalitatea, ornogabeak, arrainak… dena. Munduan oso leku gutxitan dago hori, eta oraingo elkarlanak ahalbidetuko digu horrekin lan egitea.

Izan ere, gero eta gehiago erabiltzen da datu-serieen tratamendua klima-aldaketaren ikerketan; indarra hartzen ari da gai hori. Eta hemen dauzkagun datu-serieak izugarrizko bereizmenekoak dira. Orduan, potentzialki, klima-aldaketari buruzko gauza interesgarriak lortu ahal izango ditugu.