Komikiaren lengoaia deszifratzen ikasi
Josean Morlesinek argitaratu du, Enrique del Rey eta Michael Goodrumekin, ‘How to Study Comics & Graphic Novels’ gida Oxfordeko Unibertsitatean.
- Elkarrizketa
Lehenengo argitaratze data: 2021/05/12
(Beste leiho bat zabalduko du)Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko irakasle José Antonio Morlesín ‘How to Study Comics & Graphic Novels: A Graphic Introduction to Comics Studies’ lanaren egilea da, Exetereko Unibertsitateko irakasle Enrique del Rey Cabero eta Canterbury Christ Church Universityko Michael Goodrumekin batera. Oxford Comics Network sareko hiru kide horiek gaia TORCH-The Oxford Research Center in the Humanities zentroak kaleratu duen argitalpen baten bidez ezagutzen hastea proposatzen dute.
-Ikasten hasteko laguntza gisa planteatzen da gida. Ikasleak oso galduta iristen dira Sorkuntza eta Diseinuko Graduan ematen duzun komikigintzari buruzko ikastarora?
Josean Morlesín: Ikasgaian izena ematen duten ikasleen astean askotariko profilak ikusi ditut. Ikasle batzuk aurretiko ezagutza gutxirekin iristen dira, baina esparru honek beren sorkuntza praktikarako eskaintzen dituen aukerak arakatzeko interesarekin. Beste batzuek komikiak irakurri eta egiten dituzte eta esparru honetan profesionalki aritzeko asmoa duten ikasleak ere topatzen ditut. Hala ere, oinarrizko alderdi teoriko batzuk gehiengo zabalarentzat ezezagunak dira eta gelan praktikaren bidez garatzen ditugu. Hori gidarekin lotuta dago; izan ere, bertan komikiari buruzko edukiak, hain zuzen ere, bitartekoak berezkoak dituen baliabideak erabiliz aurkezten dira.
-Nolakoak izan ziren zuen hastapenak diseinu grafikoaren arlo honetan? Ideiak garbi zenituzten? Liburuan ematen dituzuenen moduko aholku batzuk eskura izatea gustatuko zitzaizuen?
JM: Komikigintza beti interesatu zait, irakurle eta egile gisa. Berriki, interes hori nire ikerketa jarduerara zabaldu dut. Ildo horretan, komikigintza aztertzen eta ikasten nahiko berandu hasi naiz eta oinarriak denetarik irakurriz bereganatu ditut. Komikigintza ikasketen panoramika orokor bat eskainiko zidan sarrerako lan bat eskuratu izan banu, ziur nago hasieratik honek ematen dituen aukerak eta ikuspegiak garbi identifikatuko nituela eta oinarri sendoak izango nituela.
Josean Morlesín: “Ikerlan asko komiki moduan gauzatu dira, eta horrek jakintza helarazteko dituen ahalmenak agerian uzten ditu“
Enrique del Rey: Ni filologoa naiz ikasketaz eta nire ikerketa ibilbidea literaturaren eta hizkuntzalaritza aplikatuaren esparruan hasi nuen. Baina komikiak betidanik irakurri ditut, beraz, ikasi nuen masterretako baterako komikia ardaztzat hartzea erabaki nuen eta, ondoren, doktoretza bitarteko berari buruz egitera animatu nintzen. Nire ustez, doktoregoa hastean oso jende gutxik ditu ideiak argi eta, komikigintzaren kasuan, diziplina hasiberria denez, gida ikasten hasten ari den jendearentzat lagungarria izatea espero dugu. Eta, oro har, komikigintzan interesa duten guztientzat.
Michael Goodrum: Ni kultur historiagilea naiz eta I-11ri erantzunez argitaratu ziren lehenengo superheroien komiki uholdearen bitartez iritsi nintzen komikigintzara. Hortik aurrera, superheroiei, traumari eta nazio nortasunari buruz idazten hasi nintzen. Hori 2005/2006 ikasturtean izan zen, masterra egiten ari nintzenean, beraz, gaur egun eskura daukagun materialaren zati handi bat, adibidez, Studies in Comics eta Journal of Graphic Novels & Comics, oraindik ez ziren existitzen. Diziplina garatzen eta Giza Zientzia eta Gizarte Zientzia guztietarako hurbilpenak egiten ikustea zirraragarria izan da.
-Enrique Oxfordeko Unibertsitateko Giza Zientzietako Ikerketa Zentroko komikigintza sarearen koordinatzailea da, gida kaleratu duen erakundekoa. Non eta nola sortu zen diziplina honetan hasten ari direnen bidean argi pixka bat egiteko ideia?
MG: Sarea martxan jarri zenetik parte hartzen dut bertan, 2016tik. Lehenengo zuzendaria izan zen Dominic Daviesek lanpostua utzi behar izan zuenean beste erakunde batean lan egiteko, Enriquek eta nik hartu genuen sarearen ardura eta 2018tik zuzendu dugu, beste pertsona zoragarri batzuen laguntzarekin; Joseanena eta Leen Van Broeckenena, besteak beste. Pandemiaren aurretik, maiz gonbidatzen gintuzten komikigintzaren inguruan dibulgazio lana egiteko, beraz, jendeari ekitaldiaren ondoren irakurri ahal izateko zerbait ukigarria eman nahi genion. Bai sorkuntzaren ikuspegitik bai analisiarenetik egindako hainbat hurbilpenen laburpen bat da. Horrek irakurleari bitarteko horretan egin ditzakeen bide anitzen ideia bat ematen dio.
ER: Mitchek esan duen bezala, 2018an, sarea “oinordetzan hartu” genuen Dominic Daviesen eskutik eta Oxforden komikigintzari buruzko mintegiak egiten jarraitu genuen. Baina Oxforden edo inguruan bizi ez zen jende askoz gehiagorengana iristeko gida bat egitea interesgarria zela iruditzen zitzaidan. Eta komiki itxurakoa izan behar zuen. Gidoilariak bagenituen (Mitch eta ni) eta Josean gurekin harremanetan jarri zenean, proposamena egin genion eta pozarren onartu zuen.
-Hirurak unibertsitate ezberdinetakoak zarete: Enrique bai Exeterreko Unibertsitatean bai Oxfordekoan egiten ari da bere ibilbidea eta Michael Christ Church University-n. Hala ere, ez dirudi hori argitalpena egiteko oztopo izan denik.
JM: Interneti esker, beti harremanetan egon ahal izan gara, gidaren sorkuntza eta ekoizpen fase guztietan. Hirurak gidako orrietan marraztuta agertzen gara, komikigintzaren hainbat alderdiri buruz hizketan. Eta leku berean eserita egiten dugu edo Oxforden kokatutako hainbat lekutan ibiliz. Batzuk benetakoak dira; beste batzuk, berriz, gure irudimenetik ateratakoak. Neurri batean, binetak distantziaren oztopoa gainditzeko beste modu bat izan dira.
ER: Proiektua gauzatzeko denbora dezente behar izan dugu, baina distantziagatik baino gehiago hirurok jardunaldi osoko lana daukagulako. Teknologiari esker oso ondo lan egin daiteke, Joseanek dioen bezala; hain zuzen ere, komikigile espainiar askok atzerriko merkatuentzat lan egiten dute arazorik gabe. Dena den, Joseanekin Espainian pare bat aldiz biltzea lagungarria izan zitzaidan, baita bera Oxforden antolatu genuen batzarrera etortzea ere.
MG: Oxforden nagoenez, Enrique, Leen (Leen Van Broeck, Oxford Comics Networkeko koordinatzaileetako bat) eta ni ekitaldien planak egiteko eta beste ekitaldi batzuetara joateko elkartu gintezkeen. Hala, sarearen aldetik ez zen arazorik izan. Pandemia garaian ikasi dugun bezala, teknologiari esker distantzia ez da arazo. Nirekin egile eta editore gisa elkarlanean maizenik aritzen den pertsona, Phil Smith, mundu osoan bizi izan da. Beraz, nazioarteko mailan lan egitera ohituta nago.
-Komikigintza ikasten hasi aurretik, aldez aurretiko kontzepzio oker komunen bat badago? Ikasleen artean aldez aurreko ideia nagusiren bat badago?
ER: Gehienok haurtzaroan komikiak irakurri ditugu, baina askok nerabezaroan irakurtzeari uzten diote (edozer irakurtzeari, oro har), beraz, egiazki, arazo nagusietako bat forma artistiko hau ez ezagutzea da. Komikigintza irakatsi dudan guztietan, ikasle batzuek honako hau esan didate: “Hara! Ez nekien hain komiki anitzak zeudenik” edo “Ez nuen uste hainbeste gustatuko zitzaizkidanik". Aldez aurretiko ideia nagusiak, agian, komikigintza “gardena” dela pentsatzea da (modu naturalean irakurtzen dela, baina egiazki ez da horrela, lengoaia hori deszifratzen ikasi behar da guztiz gozatzeko) edo beste arte batzuk baino “sinpleagoa” dela pentsatzea (literaturarekin edo zinemarekin alderatuz epaitzen da, ez bere horretan).
Enrique del Rey: “Komikigintza ez da ‘gardena’, ezta beste arte batzuk baino ‘sinpleagoa’ ere“
MG: Nire ikasleetako asko superheroien komikien zinemarako egokitzapenen bidez iristen dira komikietara. Ondorioz, ikasleek aurretik askotariko ezagutzak dituzte. Batzuek filmekin lotuta irakurtzen dituzte; beste batzuek, berriz, luzaroan irakurri dituzte. Baina kultur historiako edozein ikasketaren arazoetako bat honako hau da: beti badela ikasleren bat komikiak irakurtzean “bakarrik” datzala pentsatzen duena. Gida sortzeko arrazoietako bat komikigintzak aztergai gisa duen konplexutasuna hasieratik frogatzea zen.
-Azkenean komikia haurtzaroarekin lotzeari utzi zaio edo maila txikiagoko artea dela pentsatzeari?
MG: Ez zaio utzi eta ez dut uste pertsona batzuek utziko diotenik. Pentsatzen dut mota horretako pertsonak eleberriak Mendebaldeko zibilizazioaren amaieratzat hartzen zituztenak bezalakoak direla. 1980ko hamarkadan lan handia egin zen komikigintza “helduentzako” esparrutzat hartzeko, baina egiazki ahalegin hori gutxienez 1950eko hamarkadatik egiten ari zen. Dena den, pentsatzen dut galdera ez dela "noizbait utziko zaio?” baizik eta “zenbateraino dago zabalduta ideia hori eta zenbaterainoko eragina du?”. Galdera hori erantzutea askoz ere zailagoa da, baina, laburtuz, nire ustez, orain duela hamar urte baino jende gutxiagok gutxiesten du komikigintza.
-Liburua komiki formatuan aurkezten da, nola ez, eta San Frantziskoko Estatu Unibertsitateko irakasle Nick Sousanisi egindako elkarrizketa bat barne hartzen du. -Zergatik iruditu zitzaizuen funtsezkoa haren ikuspegia ere jasotzea?
ER: Komikigintzaren arloko ibilbide sendoko ikertzaile baten hitzaurre bat eduki nahi genuen, eta azkenean Paul Williamsek egin zuen, baina, era berean, komikigintza preseski komikiak sortuz ikertu eta irakasten dituen norbaiten ekarpena jasotzea ere interesgarria iruditzen zitzaigun; Nick Sousanisena, hain zuzen. Oxforden ezagutu nuen, sareak antolatutako batzarretako batera etorri zenean eta hautagai ezin hobea zen. Berak idatzitako Unflatenning lana (oraindik gaztelaniaz kaleratu gabea, oker ez banago) 2015ean argitaratu zen. Bere doktorego tesian oinarrituta dago eta Komikigintza Ikasketetan mugarri bat izan zen; izan ere, komiki moduan eginda dago eta bai bitartekoari bai hitzen eta irudien arteko elkarrekintzari buruzko gogoeta bisual oso interesgarria planteatzen du.
Michael Goodrum: “Orain duela hamar urte baino jende gutxiagok gutxiesten du komikigintza“
JM: Azken urteetan, ikerlan asko komiki moduan gauzatu dira eta ez dira artearen eremukoak bakarrik. Hainbat diziplinatako jakintzen arteko topagune interesgarri eta aberasgarria da hori. Gainera, komikigintzak jakintza garatzeko eta helarazteko tresna gisa dituen ahalmenak agerian uzten ditu.
-Gida PDFan eskuratu eta doan kontsultatu daiteke Oxford Comics Network, Issuu, Academia eta Researchgate-ren webguneetan. Komikiak, oso formatu freskoa izanik, ez du paperean argitaratzea eskatzen?
ER: Gida ahalik eta jende gehienak doan eskuratzeko moduan egotea nahi genuen. Horregatik aukeratu genuen formatu hori. Ingelesez tirada oso-oso mugatua egin dugu, baina interesa dutenentzat berriz ere paperean argitaratzeko aukera aztertzeko prest gaude. Dena ondo bidean, gaztelaniazko eta euskarazko bertsioetan ere kopia fisikoak izango dira. Egia da oraindik ere askorentzat (ni barne) paperean irakurtzea parekorik gabeko esperientzia dela...
-UPV/EHUko LAIDA taldeko kidea zara (Literatura eta Identitatea Ikerketa Taldea). Komikigintzak badu protagonismorik taldeak egiten dituen jardueretan?
JM: Bai, badu. Taldearen ikerlanaren ardatza euskal literatura da. Irudiarekin sortzen diren loturei dagokienez, aipatzekoa da kide batzuek Literaturari eta Arteari buruzko azterlanak egiten dituztela. Horrez gain, haur eta gazte literaturari buruzko ikerketek ere badute lekua eta esparru horrek irudia eta testua uztartzen dituzten lan ilustratu ugari biltzen ditu. Bestetik, komiki formatuan egindako lanak ere aztertzen ditugu. Adibidez, 2017an Egungo euskal komikiaren historia argitaratu zen, Euskal Literatura Saila bildumaren barruan, ikertaldeko zuzendari Jon Kortazar buru zela. Gaur egun, taldea Enriquek, Michaelek eta nik egindako gidaren euskarazko edizioa koordinatzen ari da. Aurten formatu digitalean eta paperean argitaratzea espero dugu. Hala, Euskal Herriko Unibertsitatean eta euskaraz jarduten den beste hezkuntza eremu batzuetan erabiltzeko aukera izateak, gure ustez, hizkuntza honetan egiten diren komikiari buruzko oraingo eta etorkizuneko azterlanak bultzatzen lagunduko du.