euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUko Medikuntza Historiaren Euskal Museoko zuzendaria

Anton Erkoreka: «Planeta gaizki tratatzen dugu eta horrelako pandemiak ematen dizkigu ordainetan»

Ikertzaileak 'Una nueva historia de la gripe española. Paralelismos con la covid-19' liburuan pandemia haren topikoak gezurtatzen ditu eta gaur egun bizi dugunarekin alderatzen du.

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/12/16

Anton Erkoreka, UPV/EHUko Medikuntza Historiaren Euskal Museoko zuzendaria
Anton Erkoreka, 'Una nueva historia de la gripe española. Paralelismos con la covid-19' liburuaren egilea

1918ko gripean aditua. Anton Erkorekak osasun arloko gertaera tragiko horri buruzko hainbat datu berreskuratu ditu Una nueva historia de la gripe española liburuan, eta, salatzen duenez, "pandemia haren kontakizuna hutsaldu egin zen, Bigarren Mundu Gerrako propaganda politiko eta militarrak itota". Orain, ia mende bat geroago, medikuntzaren historialari honi bizi dugun egoerak aukera ematen dio pandemia guztiek (tartean, COVID-19a eta historian zehar agertu diren eta etorkizunean agertuko diren beste birus eta bakterio batzuk) dituzten lotura komunak islatzeko.

Nola ospatuko dituzu Eguberriak?

Aurten desberdina izango da. Egunez aire zabalean elkartuko naiz senideekin, opariak egingo dizkiogu elkarri, baina ez dugu otordu berezirik egingo elkarrekin etxeko jantokian. Uste dut aurten ez dela batere komenigarria.

Ez zaude ados agintariek hartutako erabakiekin?

Lehengo egunean Illa ministroa agertu zenean «aurten ez ditugu Eguberriak ospatuko» esanez, asko poztu nintzen. Gero, «baina» eta «baina» hasi zen, eta ospatu egingo zirela ulertu nuen. Orain, funtzionatu duten «burbuila» horiek apurtzea, hamar lagunen afariak baimentzea etxe txikietan, leihoak itxita neguan gaudelako, eta kutsatzerik ez dela egongo pentsatzea... Urtarrilean ondorioak ordainduko ditugula uste dut. Alemaniarrak argiagoak izan dira eta urtarrilaren erdialdera arte itxi dute herrialdea, Eguberrietako oporraldian zehar, sasoi horretan murriztu egiten baita jarduera ekonomikoa.  Horrela, ez diote kalte handirik eragiten ekonomiari, eta hobeto kontrolatzen dute pandemia izaten ari den bilakaera okerra. Merkel politikari aparta da!

(...) pandemia hauetan beti hiru, lau eta bost bolada egon dira. Orain bigarrena igarotzen ari gara, eta hirugarrena saihetsezina izango da

Erabaki okerra, beraz?

Liburuan baieztatzen dudan bezala, pandemia hauetan beti hiru, lau eta bost bolada egon dira. Orain bigarrena igarotzen ari gara, eta hirugarrena saihetsezina izango da 2021eko lehen hilabeteetan. Eguberrietan kontu gehiago ez badugu, aurreratu egingo da eta, beharbada, egoerak okerrera egingo du.

Espainiako gripean aditua zarenez, zer paralelismo aurkitzen dituzu pandemia haren eta gaur egungoaren artean?

Orduan, Gerra Handiaren amaierarekin batera gertatu zen, eta, beste gaitz batzuez gain, gripea ere tragedia horren zati izan zen. Orduan, pandemiaren hastapenetan, anekdotikotzat hartu zuten, «modako gaixotasuna» eta antzeko beste izendapen batzuk eman zizkioten. Gerra amaitu zenean, ospakizunen, tropen erretiratzearen eta abarren ondoren, gaixotasunaren larritasunaz ohartzen hasi ziren.

Beste batzuek ez bezala, nik uste dut Lehen Mundu Gerra funtsezkoa izan zela Espainiako gripea sortzeko. Europako gerra fronteetan baldintza ankerretan lubakietan bizi ziren hamar milioi gizon hil ziren; kontinentetik mugitu ziren milioika soldadu eta langilek itsasontzietako upategietan pilatuta bidaiatu zuten, eta, ondorioz, konboi militarretan hil ziren lekualdatu zituztenen ehuneko bat edo bi, eta, ondoren, beste hainbeste, Frantziako portuetan (Bresteko portuan, esaterako) lehorreratu bezain laster.

Eta horri guztiari gerran erabili ziren gasak gehitu behar zaizkio; orain badakigu horietako asko mutagenoak zirela. Uste dut, horren guztiaren eraginez, H1N1 azpimota agertu zela; gripearen birusak mutatu eta gizakiengan eragin larria izan zuen, pandemia hilgarri hura sortuz.

Eta orain? Zer gertatu da beste pandemia bat agertzeko?

Koronabirus hau saguzarrei eragiten dien zoonosi bat da, tarteko animalia baten bidez gizakira jauzi egin du eta pandemia bihurtu da; horixe gertatu da azken hamarkadetan beste birus batzuekin ere: ebola, hegazti gripea, hiesa, SARS, zika, chikungunya... Epidemia asko denbora gutxian, gehienak birikoak eta batzuk jada endemikoak. Zer gertatuko da hemendik aurrera? Pentsatu behar dugu SARS-CoV-3 edo MERS-2 bat ager daitekeela? Mutazioak izango ditu eta beste biztanleria talde batzuei eragingo die, beste adin tarte batzuei.

Zerk eragin du epidemien segida hori?

Gaizki tratatzen dugu natura eta, ordainetan, horrelako gaixotasunak jasotzen ditugu Funtsezko arrazoietako batzuk hauek dira: superpopulazioa, lurraren azken bazterreraino iristen den kutsadura eta klima aldaketa. Ikusi besterik ez dago azken pandemia horren jatorria: Wuhan. Hiri hori Txinako hiri garrantzitsuenen arteko komunikaziogune bat da. Wuhan neurriz kanpo hazi da azken urteotan; horretarako, bere inguruko natura guztia jan du, benetan jan ere. Ez nau harritzen jatorrian bizi espaziorik gabe geratu diren saguzarrei eragiten dien horrelako birus batek azkenean mutatzeak, gizakiarengana salto egiteak eta mundu osoan zabaltzeak.

Birus hau Espainiako gripea bezain erasokorra al da?

Koronabirus hau ez da gripearen birus hura bezain bortitza. Adibidez, 1918an, kalkuluen arabera, munduko biztanleriaren erdiari eragin zion eta Espainiako gripearen ondorioz biztanleen % 2,5 hil zen; Europan kopurua txikiagoa izan zen, eta 1.000 biztanleko hamar hil ziren; orain, ordea, koronabirusaren ondorioz, 1.000 pertsonatik bat hil da, hau da, Europan, 1918ko gripe pandemiak hil zituenen hamarrena. Gaur egun dugun birusa ez da hain oldarkorra, baina modu eraginkorragoan zabaltzen da. Orduan, birusa desagertu egin zen munduko biztanleriaren erdiari eragin ondoren, eta, orain, ikusteko dago.

(...) ez naiz udan behar bezala jokatu ez zuten gazteak, familiak eta jendea erruduntzat jotzearen aldekoa

Gure jarrerek bolada berri honen erantzule bihurtzen al gaituzte?

Pandemia biriko horien patroia, oro har, eta koronabirus honena, bereziki, boladak dira: lehenengoa otsailaren amaieran hasi zen, orain bigarrena bizitzen ari gara, eta hori edozein modutan gertatuko litzateke; eta hirugarren bat ere etorriko da, eta agian laugarren edo bosgarren bat ere bai, egiten duguna egiten dugula. Hori dela eta, ez naiz udan behar bezala jokatu ez zuten gazteak, familiak eta jendea erruduntzat jotzearen aldekoa, pandemia bakoitzak bere erritmoa duelako. Beste gauza bat da gure jarreragatik eta axolagabekeriagatik epeak aurreratzea edo biztanlerian eragin handiagoa izatea. Itzuliko den arren, mundu guztiak bete behar du agintariek Europako ia herrialde guztietan proposatu duten estrategia, krisialdi honetatik ahalik eta hobekien ateratzeko.

Eta nolakoak izan daitezke iritsiko zaizkigun boladak?

Birus guztiek eboluzionatzen dute: Txinan, SARS-CoV-1 2003ko udan desagertu zen; MERS, ordea, Arabian agertu zen eta kutsatuen % 35 hil zuen, jadanik ez du gizakiengan eraginik eta orain gameluek baino ez dute. SARS-CoV-2rekin, jakin-min handia nuen nebaren portaera berbera izango zuen jakiteko. Baina ez... mundu osoan zabaldu da, bi hemisferioetan zehar; badirudi hedapenari eusten diola, nahiz eta birulentzia gutxitu, baina hor jarraitzen du.

Liburuan azaltzen dudan bezala, airez transmititzen diren birus horien hirugarren boladetan, Espainiako gripearekin gertatu zen bezala, kurba askoz luzeagoa eta gailurrik gabea izaten da, hau da, ez dago hainbeste heriotzarik. Euri fin baten antzekoa da; alegia, kontuan hartu behar da, eragina izaten jarraitzen duelako, batez ere adineko biztanleengan, eta horiek baitira biztanlerik sentikorrenak. Espero dezagun hurrengo bolada arinagoa izatea, beste pandemia historikoetan bezala.

Eta birus horiek ez dira oraindik desagertu...

Hala da. Hain zuzen ere, H1H1 (Espainiako gripea eragin zuena) berriro agertu zen Sobietar Batasunaren hausturarekin batera, eta 2009an birus beraren pandemia hasiera bat egon zen, baina ez zuen garrantzirik izan. Gripearen urteko txertoak osatuko dituzten anduiak erabakitzen dituzten nazioarteko erakundeek azken urteetan jarri dugunaren barruan sartu dute.

Ez duzu itxaropen handirik txertoa irtenbidea izan dadin

Garrantzitsuak dira, baina uste dut amaiera hainbat faktorek ekarriko dutela: txertoa, ezagutza medikoak, tratamenduak, erantzukizun soziala eta, boladen ondoren, birusak zabaltzeko eta indartzeko gaitasuna galtzea, eta ez mutatzea. Baina, azkenean, beti gainditzen da. Pandemia guztiak gainditu ditugu eta hau ere gaindituko dugu.

Eta hemendik aurrera?

Nik aurreikusten nuen influenzabirus pandemia handi bat etor zitekeela edo gizakiengana salto egingo zuen hegazti gripe bat, baina ustekabean koronabirus bat agertu zaigu.

Gertatu zaiguna ezagututa, estrategia berriak zehaztu behar ditugu beste birus bat agertzen denerako, agertu egingo da eta. Horretarako, medikuntzaren historia oso lagungarria izango zaigu. Iraganean gertatutakoa ezagutzen eta etorkizuna aurreikusten eta hobeto antolatzen lagunduko digu, etorkizuneko erronkei aurre egin ahal izateko.