UPV/EHUko irakasle Ángel Rubio, Europako Fisika Elkarteko kide berria
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2021/05/07
Ángel Rubio, Euskal Herriko Unibertsitateko Materialen Fisikako katedraduna, Nano-bio Spectroscopy Group ikertaldeko arduraduna eta Hanburgoko Max Planck Institute for the Structure and Dynamics of Matter zentroko Teoria Saileko zuzendaria, berriki European Physical Society (EPS) elkarteko kide berria izateko aukeratu dute, “egoera solidoko fisika konputazionalean egindako ekarpen aitzindariengatik; bereziki, sistema korrelazionatuen egituraren eta dinamikaren arloan erabilera zabalduko esparruak garatzeagatik eta dimentsio baxuetan materialen propietateak aurreikusteagatik".
Ángel Rubio irakaslearen ikerlanaren ardatza material aurreratuen, nanoegituren eta konplexu molekularren propietate elektroniko eta egiturazkoak dira. Bere lanaren barruan, materialek eta molekulek kanpoko eremu elektromagnetikoei ematen dieten erantzun elektronikoa ikertzeko tresna teorikoak garatzen ditu.
Europako Fisika Elkarteko kide berriaren hitzetan, ohore handia da aparteko ikertzaile zerrenda horretan sartu izana. “Ikaragarria da azken urteetan egindako lan zientifikoagatik halako aintzatespen garrantzitsua jasotzea kideen eskutik. Pribilegioa da European Physical Society erakundeko komunitatea osatzen duten zientzialari handien artean egotea!”.
Ángel Rubio American Association for the Advancement of Science (AAAS) elkarteko osoko kidea da, Ameriketako Zientzia Akademia (NAS) ospetsuko atzerriko kidea, American Physical Society (APS) elkarteko ikertzailea eta Europako Zientzia Akademiako (AE) kidea, zientziari egindako ekarpen nabarmenaren aitortza gisa. 2020an, Europako Zientzien Akademiako kide izateko aukeratu zuten. Era berean, zientziaren arloko sari ugari jaso ditu. Horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: 2018ko Max Born domina eta saria, Alexander von Humboldt fundazioak ematen duen Friedrich Wilhelm Bessel saria eta Rei Jaume I saria, oinarrizko zientziaren arloan. Ikerketarako Europako Kontseiluak ematen dituen itzal handiko ERC Advanced Grants dirulaguntzetako bat bi aldiz jaso du. European Research Council erakundearen itzal handiko dirulaguntza horiek Europako zientzialari gailenei eta proiektu abangoardistenei bakarrik ematen zaizkie. Era berean, Espainiako Fisikako Erret Elkarteak 2016an domina bat eman zion. Erakunde horrek Rubio irakaslearen lana aintzatesten zuen bigarren aldia zen. 1991n, ikertzaile berrien saria eman zion.